Asteroko buletina
Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ari zara ikasten.

Ekainik beroena izan da aurtengoa mundu mailan, erregistroak daudenetik

Klimari buruzko datuak jasotzen dituen Copernicusen arabera, hamahirugarren hilabetez jarraian errekorra hautsi da aurtengo ekainean. Parisko Akordioan hitzartutako 1,5ºC-en helburua ez da bete eta egoera aldatzen ez bada, errekor negatibo berriak izango direla aurreikus daitekeela adierazi dute.


2024ko uztailaren 10a
Aurten Katalunian izandako lehorteek eragindako efektuak. Argazkia: Tiempo.com

Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak hilabetero argitaratzen du mundu mailako klimari buruzko buletina. Erregistroak jasotzen hasi zirenetik, ekainik beroena izan dela aurtengoa ondorioztatu dute. Hamahirugarren hilabetez jarraian, erregistratu den tenperatura altuena dela aipatu dute, eta aurreko urteko ekainean baino 0,14ºC altuagoa. Buletinean azaldu dute datu horiek lortzeko ERA5 tresna erabili dutela, “mundu osoko satelite, ontzi, aireontzi eta estazio meteorologikoetatik datozen milaka milioi neurketa erabiltzen dituena”.

Jasotako datuen arabera, 2015. urteko Parisko Akordioan hitzartutako helburuetako bat ez da betetzen. Akordio horretan estatuek hitzartu zuten munduko gainazalaren bataz besteko tenperaturak epe luzera industriaurreko mailekiko 2ºC-tik behera egon behar zuela eta 1,5ºC inguruan mugatzeko ahaleginak egin behar zituztela, United Nations Climate Change-k jaso duenez.

Azken hamabi hilabeteetako mundu mailako gainazalaren bataz besteko tenperatura, industriaurreko mailekiko 1,64ºC beroagoa da, eta 1991-2020 epearekiko 0,76ºC beroagoa. Inoiz erregistratutako zifrarik altuenak dira, eta hamabigarren hilabetez jarraian, 1,5ºCko tenperatura gainditu da aurtengo ekainean ere.

Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Andrea Celeste Saulok ez du esperantza galtzen helburu hori betetzeko. “Aldi baterako ez-betetzeek ez dute esan nahi 1,5ºC-ko helburua etengabe galtzen denik, helburu hori epe luzerako berotze bati baitagokio”, adierazi du, UN News-en irakur daitekeenez.

ERA5 tresnak jasotako datuek adierazi dute bataz besteko tenperatura baino handiagoak izan diren gune nagusiak Europako hego-ekialdea, Turkia, Kanadako ekialdea, AEBetako mendebaldea, Mexiko, Brasil, Siberiako iparraldea, Afrikako iparraldea eta Antartikako mendebaldea izan direla.

Uholdeak, suteak eta urakan bat

Copernicusek argitaratutako buletinak, 2024ko ekainean jazotako ezohiko fenomeno meteorologikoak jaso ditu. Europa mailan, Alemanian, Italian, Frantzian eta Suitzan uholdeak eragin zituzten prezipitazio handiak izan dira. Hegoamerikan eta Errusiako ipar-ekialdean izandako sute larriak eta Iparamerikan izandako Beryl hurakana ere aipatu dituzte.

Copernicusek nabarmendu du etorkizunean errekor negatibo berriak izango direla aurreikus daitekeela, eta tenperaturen igotzea “saihestezina” izango dela, “atmosferara eta ozeanora berotegi-efektuko gasak isurtzeari uzten ez badiogu”.

Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera
"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai... (+)
Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan
Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako... (+)
Grezian piztutako suteek hildako bat eta 50.000 pertsona ebakuatu baino gehiago eragin dituzte
Gutxienez 10.000 hektarea kiskali dira Atenasetik gertu, eta dozenaka etxe eta enpresa kiskali dira, EFEk jaso duenez. Greziako Gobernuak suteei aurre egiteko laguntza eskatu dio... (+)
Arkaitzerreka: GuraSOSek salatu du kutsatuta agertu dela, eta GHK-k dio fenomeno naturala dela
Ostiralean herritar batek detektatu zuen ura ez zegoela garbi, baina ezin da jakin noiztik dagoen horrela. ARGIAk jakin duenez, URA agentziako kideak bertaratu dira Arkaitzerrekara.... (+)
AEBetako Greenpeace desagerraraz dezake Dakota Access oliobidearen enpresak jarritako salaketak
900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak AEBetako Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora