Asteroko buletina
Sasiak begiak eta hontzak belarriak.

Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan

Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari.


2024ko abuztuaren 19a
2023an guztira 47.690 heriotza izan zirela kalkulatu dute, horien %99,2 maiatzaren 29tik urriaren 1era. Argazkia: Ladera Sur

2023. urtean 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren Europan tenperatura altuen ondorioz, Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak (ISGlobal) 35 estatuetan egindako azterlan baten arabera. Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europan erregistratutako bigarren beroena. Azterlanaren arabera, bi beroaldik eragin zuten hilkortasun orokorraren %57 baino gehiago (27.000 heriotza baino gehiago), uztailaren erdialdean eta abuztuaren amaieran izan zirenak. Guztira 47.690 heriotza izan direla kalkulatu dute, eta informatu dute horietatik 47.312 (alegia, %99,2) izan zirela urteko aldirik beroenean (maiatzaren 29tik urriaren 1era). ISGlobalek 2022. urteko datuei buruz egindako azterlanak erakutsi zuen urte horretako udako beroak 61.000 heriotza inguru eragin zituela, azken hamarkadan beroarekin lotutako hilkortasun-kargarik handiena.

2023an beroarekin lotutako heriotzen kopurua handiagoa izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Eguneroko hilkortasun-erregistrorik eta erregistro homogeneorik ez zegoenez, azterlana egiteko Eurostateko heriotzen asteko zenbaketak erabili behar izan dituzte. Lancet Regional Health – Europe aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, ikertzaileek adierazi dute asteroko datuen erabilerak beroarekin lotutako hilkortasun-karga gutxiestea ekarri dezakeela, eta joera hori zuzentzeko metodologia baten erabileraren bitartez, kalkulatu dute 2023an heriotzak 58.000 inguru izan zitezkeela.

Beroarekiko urrakortasuna gutxitu egin da

ISGlobalaren kalkuluen arabera, 2023an erregistratutako tenperaturak 2000-2004 aldian erregistratu izan balira, beroarekin lotutako heriotzak 85.000 baino gehiago izango ziren, hau da, 2015-2019 aldiarekin konparatuta %80 handiagoa. ISGlobaleko ikertzaile Elisa Gallok adineko pertsonen kasua azpimarratu du, eta kalkuluen arabera, 80 urtetik gorako pertsonei dagokionez, beroarekin lotutako heriotzen kopurua bikoiztu egingo litzateke. “Gure emaitzek erakusten dute mende honetan gizartea tenperatura altuetara egokitzeko prozesuak izan direla, eta azken udetako beroaren eta heriotza-tasaren urrakortasuna nabarmen murriztu dutela”, adierazi du aipaturiko ikertzaileak.

Azterlanaren arabera, emakumeek eta adineko pertsonek beroarekiko urrakortasun handiagoa dute. Beroarekin lotutako heriotza-tasa %55 handiagoa izan zen emakumeetan gizonetan baino. Hiltzen diren gehien gehienak 80 urtetik gorako pertsonak dira.

Europa hegoaldeko estatuak, heriotza-tasa handienak dituztenak

Aztertu dituzten 35 estatuetako heriotzen zenbatespena egin dute. Kopuru absolututan, beroaren ondorioz hildako 47.690 pertsonen artean, Italian, Espainian eta Alemanian izan dira heriotza gehien.

 

Iturria: ISGlobaleko ikerlari Elisa Gallo

 

Grezian 393 heriotza izan dira milioi biztanleko, Bulgarian 229, Italian 209, Espainian 175, Txipren 167, eta Portugalen 136.

Hego Euskal Herrian, Bizkaian gehien

Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako kalkuluak egin dituzte. Beroaren ondorioz guztira hildako pertsonei dagokionez, Bizkaian 211 pertsona hil ziren, Gipuzkoan 121, Nafarroan 56, eta Araban 40.

Milioi biztanleko beroak eragindako heriotza-tasari dagokionez, Bizkaiak (185) eta Gipuzkoak (168) dituzte kopuru handienak, ondoren Arabak (123), eta azkenik Nafarroak (85).

Parisko Akordioa ez da betetzen ari

Europako Ikerketa Kontseiluaren Consolidator EARLY-ADAPT bekako ikertzaile Joan Ballester Claramunt kritiko agertu da Parisko Akordioan planifikatu ziren helburuak ez betetzeagatik: “2023an, ia egunen erdiek Parisko Akordioak ezarritako 1,5°C-ko muga gainditu zuten, eta Europa munduko batez bestekoa baino bi aldiz azkarrago berotzen ari da. Proiekzio klimatikoek adierazten dutenez, litekeena da 1,5°C-ko muga 2027. urtea baino lehen gainditzea, eta horrek aukera-leiho oso txikia uzten digu".

2015eko Parisko Akordioan, estatuek hitzartu zuten munduko gainazalaren bataz besteko tenperaturak epe luzera industriaurreko mailekiko 2ºC-tik behera egon behar zuela, eta 1,5ºC inguruan mugatzeko ahaleginak egin behar zituztela, United Nations Climate Change-k jaso duenez. “Premiazkoa da estrategiak aplikatzea are gehiago murrizteko datozen uda beroagoen heriotza-karga”, adierazi du aurrez aipaturiko Europa Ikerketa Kontseiluko ikerlariak.

Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera
"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai... (+)
Grezian piztutako suteek hildako bat eta 50.000 pertsona ebakuatu baino gehiago eragin dituzte
Gutxienez 10.000 hektarea kiskali dira Atenasetik gertu, eta dozenaka etxe eta enpresa kiskali dira, EFEk jaso duenez. Greziako Gobernuak suteei aurre egiteko laguntza eskatu dio... (+)
Arkaitzerreka: GuraSOSek salatu du kutsatuta agertu dela, eta GHK-k dio fenomeno naturala dela
Ostiralean herritar batek detektatu zuen ura ez zegoela garbi, baina ezin da jakin noiztik dagoen horrela. ARGIAk jakin duenez, URA agentziako kideak bertaratu dira Arkaitzerrekara.... (+)
AEBetako Greenpeace desagerraraz dezake Dakota Access oliobidearen enpresak jarritako salaketak
900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak AEBetako Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan... (+)
Ekainik beroena izan da aurtengoa mundu mailan, erregistroak daudenetik
Klimari buruzko datuak jasotzen dituen Copernicusen arabera, hamahirugarren hilabetez jarraian errekorra hautsi da aurtengo ekainean. Parisko Akordioan hitzartutako 1,5ºC-en helburua ez da bete eta egoera... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora