Batekoz beste, kukua euri eske.

Minak bixigarri

Zer min egiten digu piperrak? Eta piperminak?

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko ekainaren 24a
Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ziento erdi bat pipermin (Capsicum annuum) landare landatua dut lehengo ilbeheran eta aurten bai, aurten ikertu behar dut min hori… Piperminak mina izenean darama, ageri askoan, baina kontuz, ezkutuxeagoan izaten dute mina edo min puntua; adibidez, pikillo piperrak (Capsicum annuum “Pikillo”) edo Ezpeletakoak (Capsicum annuum “Gorria”). Mina urruti du Angeluko biperrak eta izenak ederki dio: Capsicum annuum “Biper Eztia”; baita Gernikakoak ere, Capsicum annuum “Gernika”.

Mina, hala ere, beharrezkoa dugu, ezta? Minik gabe, puntta txorrotxik gabe, bixigarririk gabe ez dut bizitza hautematen. Piper min horien guztien bixigarri horiek eskura izaten ditut sukaldean. Sukaldean jakiak prestatzerakoan eta mahaian prestatutakoak jaterakoan ere bai. Sukaldetik mahairako bide motz horrek baratzera narama beti. Gurean oso motza da zirkuitu hori, metro gutxi batzuetako kontua. Eta mina adigai dut: min horren bururatzetik minaren jaiotzara, lantzera, sormenera, min gain puntarainoko bidearen asmakuntza. Aho sabaiaren plazera orgasmatzerainoko zaintza erraza, alegia. Erraza eta zaila. Gero eta zailagoak zaizkit piper desberdinak ezagutu, haziak edo landareak topatu, garaiz ekarri, landatu, jagon eta uzta jasotzeko lanak. Baratzerainokoa eta han bertakoa lortuz gero, sukaldekoa eta mahaikoa putz egitea baino errazagoak dira.

Behikundeak ere putz egiten du. Aspaldi honetan bar-bar dabil, batik bat inkomunikabideetan, behikentearen digestioa dela metano gasa, itxuraz planetarentzako edo eta gure bizimoduarentzako kaltegarria, gero eta gehiago sortzearen errua. Gu garen zortzi mila milioi lagunok putzik sortuko ez bagenu bezala… Angela Quintas nutrizionistak, Superpedorro (puzkerrontzi alaena) liburuaren egileak, dio ohikoa dela pertsona batek egunean 15 eta 20 putz artean botatzea. Zortzi mila milioi lagun, hamabosna putz egunero, urtean 44 bilioi putz dira; hori bai metano isuri tzarra.

Behi-jendera bueltatuta, AEBetako Penn State unibertsitateko Leoni Martins doktoregaiak behien elikadura hobetzeko eta behiek jatenak hobeto baliatzeko ikerketa bat egina du. Bertan 48 holstein behiri (hemen “frisona” esaten zaie) piperren mina sortzen duen kapsikum oleoerretxina gehitzearen eragina neurtu zuen. Eta emaitzak paregabeak izan ziren. Piperminetatik edo iltze-oliotik sortutako kapsizina hartutako behiek janaritik sortutako energia hobeto erabiltzen dute, eta espero ez den albo mesedea ere ekarri die: metano gutxiago isurtzea.

Nik aurreko ilbeheran landatu nuen pipermin saila. Metanoaren neurketa gero etorriko da. Gero berokoak.

Hartz baratxuria eta larre lirioa
2026-05-11 | Jakoba Errekondo
Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak... (+)
Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
gora