Otsaila eztiegi, primadera xirtxilegi.

Migrazioa, lan baldintzak eta belaunaldi erreleboa lehen sektorean

Urrian, IPES-Food Elikadura Sistema Jasangarrietako Adituen Nazioarteko Panelak Elikadura lana: gure elikaduraren atzean dauden langileak eta aurre egin behar dioten esplotazioa txostena argitaratu du. Txostenak agerian uzten du elikadura sistemak, munduko enplegu-iturri handienetako bat izan arren, esplotazio eta prekarietate egoera ugari biltzen dituela: soldata baxuak, lan eskubideen urraketak, diskriminazioa, lan baldintza arriskutsuak, sexu indarkeria eta gizarte babesik eza.

Goiuri Alberdi
Goiuri Alberdi

Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.

Aintzira Oñederra
Aintzira Oñederra

Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kidea.


2026ko azaroaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

IPESen txostenak azaldu duenez, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza jarduerak arriskutsuenen artean daude, eta langile migratzaileak dira gehiegikerien aurrean zaurgarrienetakoak. Horren oinarrian enplegu informalarekiko menpekotasun orokortua dago, hots, deklaratu gabeko lanak, lan-legediaren eta babes sozialen irismenetik kanpo gelditzen direnak.

Euskal Herrian, atzerriko langileek funtsezko zeregina dute mahats-bilketan, beste fruta eta barazkien bilketan eta sasoiko beste nekazaritza-lan batzuetan. Hala ere, lan-prekaritatea, etxebizitza duina eskuratzeko zailtasunak, egoera administratiboa eta lan-eskubideen babes eskasa oztopo dira hemen ere. Nafarroan, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreek atzerriko langileen presentzia handia dute (%30etik gora), bereziki bilketa-kanpainetan handitzen dena. EAEn, lehen sektoreko langileen %12,3 dira atzerritarrak; pisu gutxiago dute, nekazaritza egitura familiarragoa delako.

IPES-Fooden arabera, esplotazioaren atzean sei egiturazko faktore daude:

1. Genero-, klase- eta arraza-diskriminazioa: modu neurrigabean, emakumeek eta eskulan arrazializatu eta migratzaileak betetzen dituzte okerren ordaindutako, arriskutsuenak diren eta babes gutxien duten lanpostuak.

2. Langile migratzaileen prekaritate instituzionalizatua: migrazio politikek nahita mantentzen dituzte langileak zaurgarritasun egoeran.

3. Enpresa handien botere-kontzentrazioa: soldata baxuak presionatzen dituzte, funtsezko lanpostuak azpikontratatzen eta antolakuntza sindikala gogor itotzen.

4. Teknologia digitalak: nekazaritza ustiategietan, prozesatze instalazioetan eta banaketa sareetan, lan kostuak merketzeko, prekaritatea areagotzen dute eta kontrola maximizatzen.

5. Klima krisiak langileen osasunean dituen ondorioak: langileek bero handia, eguraldi txarra, baso-suteetatik eratorritako ke toxikoa eta pestiziden erabilera geroz eta handiagoa jasaten dituzte.

6. Lan eskubideen babes juridiko eskasa: herrialde askotan hutsune legalak daude eta legediaren aplikazio eskasa gertatzen da, eta eskulana oinarrizko babesetik kanpo uzten dute.

Egoera horri aurre egiteko, bost lehentasun proposatzen ditu txostenak: langileen antolakuntza, sindikalgintza eta negoziazio kolektiboa indartzea; lan duina eta segurtasuna bermatzea lan arau integralak legedian sartuta eta lan ikuskaritza publikoko sistema sendoetan inbertituta; langile migratzaileen eskubide berdintasuna ziurtatzea; korporazio handien boterea mugatzea eta hornidura kateetako enpresei erantzukizuna eskatzea lan gehiegikeriengatik, eta teknologia berrien gainbegiratze demokratikoa instituzionalizatzea; eta elikadura lana sozialki eta ekonomikoki aitortzea.

Euskal Herrian migrazioaren eta lehen sektoreko belaunaldi erreleboaren arteko harremana estrategikoa da. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak 2026-2030 Sasoikako Langileen Arretarako VI. Plan Integrala aurkeztu zuen irailean. Planak aurreikusten du lan ikuskaritza indartzea, kontratazio irregularren aurka egitea, ostatu baldintzak hobetzea, laneko arriskuen prebentzioa eta emakumeen gizarteratzea sustatzea.

IPES-Fooden txostenak gogorarazten du lan baldintzen hobekuntza esanguratsuenak langileen antolakuntzaren eta borrokaren bidez lortu direla. Hor dago, hain zuzen ere, eraldaketarako gakoa.

Itsasoan arrain handiak txikia jaten duen moduan, akuakulturan ere ereduen arteko talka
Mundua elikatzeko behar den baino janari gehiago ekoizten dugu, baina goseak jarraitzen du. Goseak elikagai ekoizpenarekin harremanik ez duelako gertatzen da hori. Gosea pobreziak eta... (+)
Jaten duguna gero eta ezezagunago: ingeniaritza-genetikoaren hedapen isila
Europako Parlamentuak eta Ministro Kontseiluak Teknika Genomiko Berrien (TGB) inguruko aurre-akordioa lortu dute, 2028 erditik aurrera aplikatuko den marko berria. Horrek, Genetikoki Eraldatutako Organismoak (GEO)... (+)
Inperialismoa, gerrak eta elikadura
Egungo egoera geopolitikoan, non kapitalismoaren faserik gorena den inperialismoa modu garden eta gordinean erasotzen ari den, mundu mailako krisi ekonomiko larria aurreikusten da, besteak beste,... (+)
Eta orain abereen talde immunologia lortu behar da... zergatik ez da talde prebentzioa lantzen?
EHKOlektiboa abenduan eta urtarrilean gauzatzen ari den etxalde bisitei jarraiki iritsi gara Agerrea baserrira, esne behiak dituen Arbonako etxaldera. Kolektiboak definitutako irizpide agroekologikoak zein maneratan... (+)
Baserritar feminismoa ikuspegi dekolonialetik
Bizilurrek gonbidatuta, Brasil eta Argentinako nekazal mugimenduetako emakume talde bat izan da gurean. Nekazal feminismo, herrikoi, dekolonial eta antiarrazistaren eraikuntzan gogoetak eta hausnarketak elkarbanatu zituzten... (+)
gora