Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urriaren 17an Ordizian (Gipuzkoa) aurkeztuko du EHKOlektiboak marigorria. Zigilu bat gehiago merkatuan? Bada, bai eta ez: erreminta bat da. Gainera, zenbat zigilu ezagutzen dituzu laborarien lanketetatik bertatik sortu direnak? Hau halaxe sortu dute EHKOlektiboa Elkartea osatzen duten laborariek, Euskal Herriko lehen sektorea eta bere jarduera balioan jarri asmoz. Zigilu honek etxaldeen askotariko errealitateei eta hobetzeko nahiari erantzuten die.
Azken hamarkadetako elikadura ekoizpena mundu mailako industriarik boteretsuenetako bat bihurtu da. Industria horrek ez dio ingurumenari erreparatzen, zor zaion arduraz eta errespetuz. Laborantza eredu biziki kutsakor honen aurrean, aterabide konkretu bat jalgitzen ari da laborantzaren sabeletik: agroekologia. Eredu honek berrikuntza eta jakintza tradizionala uztartzen ditu, eta laborantzaren erdigunean ekologia kokatzen du. Bere asmoa komunitate bizien eta lur emankorraren arteko harreman orekatua berreraikitzea da. Agroekologia ez baita soilik nola ekoizten dugun, baizik eta nola bizi nahi dugun.
EHKOlektiboan antolatuta, Euskal Herriko hainbat laborari agroekologiaren eredua definitzeko eta identifikatzeko lanetan dabiltza eta urriaren 17an Ordizian (Gipuzkoa) jendarteratuko dute EHKO identifikatzaile agroekologikoa, egun osoko jai giroan. Mantangorriak ziurtatzen du baserri edo produktu bat ekologikoa dela, tokikoa, pertsonen neurrikoa eta ekonomia sozial eraldatzailearen parte dena.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako etxalde eta elikagai agroekologikoak identifikatzen ditu mantangorriak. EHKOlektiboaren identifikatzaile hau erreminta bat da, Euskal Herriko laborantza tradizionalari jarraituta, herria eta natura elikatzen dituen lehen sektore bizigarri bat izan dezagun.
Mantangorria jasotzeko baldintzak laborariek zehaztu dituzte eta zigilu ekologikoa baino urrunago joan dira
Zigilu hau martxan jartzeko, EHKOlektiboko kideak arloka antolatu dira: baratzezainak, frutazainak, erlezainak, monogastrikoak, sendabelarrak, artzain eta ahuntzainak, okinak, esne-behidunak, haragi-hazleak, zerealistak, oilo erruleak eta mintegiak. Arlo bakoitzak landu egin ditu zein diren zigilua jasotzeko bete beharreko baldintzak edo irizpideak. Eta horrela, arlo guztien artean osatu dituzte identifikatzailearen nondik norakoak. Beraz, mantangorri honen bidez laborantza ereduaren garapenean aurrerapausoak eman dira, zigilu ekologikoak ezartzen dituen arauak baino urrunago joan baitira. Adibidez, baratzezainen artean erabaki zuten plastikoaren erabilera murriztea eta abeltzainen artean erabaki zuten animaliek egunero kanpora atera behar dutela ez bada eguraldia oso traketsa, nahiz eta Europar Batasunak ekologikoan hiru hilabeteko ukuiluratzea baimentzen duen.
Zigiluaren aplikazioa Berme Sistema Parte-hartzailearen (aurrerantzean BSP) bidez egingo da. Hasteko, identifikatua izan nahi duen proiektuak, irizpideei buruzko autoebaluazio galdetegia bete behar du. Jarraian, Etxalde Bisita egingo da proiektura, jarduera ezagutu nahi duten herritar eta laborariekin: bisita egutegiak publiko egingo dira eta edonork eman ahalko du izena, horrela bermatuko da gardentasuna. Etxalde bisita horretatik jasotakoekin osatuko du BSP batzordeak balorazioa eta zehaztuko du agroekologiaren bidean ote dagoen eta EHKO identifikatzailea baliatzeko aukera ote duen.
EHKOlektiboak urteak daramatza Etxalde Bisitak egiten. Horietan, bertako laborariek euren lan-jarduna azaltzen dute eta, elkarrizketa horiek, mantangorriak bermatzen dituen irizpideen gaineko informazioa biltzeko baliatzeaz gain, askoz gehiagorako ematen dute. Herritar eta laborariei zabaldutako jardunaldia da eta aukera ematen du proiektu baten tripak giro atseginean ezagutzeko, azaletik aritu beharrean mamian sartzeko. Nork ez du entzun nahi parean dugunak zer, zergatik eta nola egiten duen eta hori guztia nola bizi duen?
EHKO identifikatzaileak lau oinarri ditu: ekologikoa, tokikoa, ekonomia sozial eraldatzailean barnebildua eta giza neurriko etxaldea izatea. Banaka erreparatuko diegu jarraian.
Laborantzaren etorkizuna ekologikoa eta dibertsifikatua izango da, horretan konbentzimendu osoa du EHKOlektiboak. Baina horrek egun oso zabaldua den monolaborantzatik dibertsifikaziora ibilbide bat egitea eskatzen du, eta egun ez dago bide hori zehazteko erreminta publiko kontsentsuaturik. Aldiz, ekoizpen ekologikoa ziurtatzen duten entitateak badaude, beraz, mantangorria eskuratzeko, gutxienez etxaldeko jarduera nagusiak Europako araudi ekologikoa betetzea eskatzen da, alegia, eurohostoaren ikurra izatea. Eko izaera hori Nafarroan CPAEN-NNPEK-ek ziurtatzen du, EAEn ENEEK-Ekolurrak eta Iparraldean INAOk. Baina agroindustriak zirrikituak bilatu ditu eko zigiluak eskatzen dituen baldintzetara heltzeko, besteak beste, pestizidarik gabe ekoitzitako produktuak izatea, eta horregatik, hemen ari gara Kanadan sortutako elikagai ekologikoak saskiratzen... Beraz, EHKO identifikatuek, ekologikoan ekoizteaz gain, ondoren azalduko ditugun hiru baldintzak ere betetzeko konpromisoa hartzen dute.
Agroekologikoak tokian tokikoa izan beharko du, nola bestela! Bi zentzutan, gainera. Batetik, salmentak tokian tokikoa izatea da helburua, salmenta zuzena eta zirkuitu laburreko salmenta dira erabiltzen dituzten bideak. Eta bestetik, intsumoak ere zenbat eta tokikoagoak, hobe: etxaldera kanpotik ekartzen diren osagaiak dira intsumoak, adibidez, abereentzat pentsua. Hau da, gertukoez elikatu ahala, gertukoak elikatzea da helburua.
Ekonomia sozial eraldatzaileko eragilea izatea da beste baldintza. Eredu horretan aritzea abantaila modura ikusten dute etxaldeek, ezaugarri desiragarrietara heldu ahal izateko. Izan ere, sektorea kolektiboki ulertzeak autonomiarako eta aliantzetarako bide ematen du. Horrela, ekoizle-kontsumitzaile logikatik aterata, laborari-herritar gisa, elikadura sisteman eragiteko duten ahalmena areagotzea bilatzen dute.
Giza neurriko etxaldeak izatea da beste baldintza, lanari neurria hartzeko. Jardueraren dimentsioari eta langile bakoitzaren lan-kargari erreparatzen zaie, ahalik eta baldintza duinenak izango direla zaintzeko. Egiari zor, ez da errazen bete daitekeen irizpidea: klimatologia dela, derrigorrezko txertoak direla eta, oro har, kontrako haize honek eragindako egoera desegonkorrean, zaila da baserrietako beharrak aurreikuspenez eramatea eta lan-kargak neurtzea.
Baina, aipatutako lau irizpide hauek gehiago zehaztu ahal izango dira, ba?! Jakina. Denera, lau irizpideetan oinarritutako bi dozena azpi-irizpide daude eta guztietan zehazten da zein muga diren onargarriak, zein onartezinak eta zein desiragarriak. Irizpide mugak elkarrekin konbinatzen dira eta horrek baimentzen du, batetik, ezaugarri askotariko etxaldeak aztertu ahal izatea eta, bestetik, hobetzeko marjina eduki ahal izatea.
Zehaztasun hori da zigilu honen bereizgarria, eta horrexek egiten du sinesgarri. Adibide bat jartzearren, balore zilegiak dira, esaterako, birsortzailea izatea, naturala, gertukoa, larraketakoa, txikia, lagunkoia, emisio gutxikoa, eta abar. Erabat zilegiak. Kontua da balore horiek edukiz betetzen ote diren eta irizpide argietan determinatzen ote diren. Azken finean, konfiantzazko zigilu bat izango bada, zehazki zertaz ari den jakin behar du hartzaileak. Ez da nahikoa, adibidez, abereak larrean ibiltzen direla esatea, zehaztu gabe urtean 360 egunez ibiltzen diren larrean edo egun bakarrez.
Une honetan 60 mantangorri inguru dabiltza Euskal Herrian hegan, beraz, topatu ahal izango ditugu ganorazko elikagaiak dituzten saltokietan eta, nola ez, azoketan: Garazikoan, Iruñekoan zein Elorriokoan, hiru aipatzearren. Azoketako salmahaietan bertan ikusi ahalko da ageriko marigorringo bat, baita produktuen etiketetan ere. Elikadura espazio batzuetan, saltzen dituzten produktuak tentuz eta arduraz aukeratzen dituzten horietan ere aurkituko duzu marigorringoa: kontsumo-taldeetan, sareetan, kooperatibetan, eta abar. Ziurra dena da ez dugula mantangorririk topatuko kate handiko makro-saltokietan; alfer bidaia izango da hori.
Gainera, gero eta errazagoa izango da mantangorri agroekologikoak ikustea, lehen pausoa baserritar talde txiki batek egin duen arren, bide horretara hurbil daitekeen etxalde ugari dagoelako Euskal Herriaren luze-zabalean: jada ekologiko zertifikatuan ari direnak, nekazaritza industrial edo konbentzionaletik ekologikora aldatu asmoz dabiltzanak, aktibitateari ekin nahi dioten baserritar berriak eta abar luze bat. Agroekologia bide bat baita, banaka baino, kolektiboan ibiltzekoa.
Munduaren globalizazio azkar honen zurrunbiloak elikadura ere bere egin nahi du eta aberaskilo batzuen negozio-iturri izan. Elikadura zein ekoizpen herrikoia eta kalitatezkoa defendatzea, beraz, kaskagogorkeriatik harago doan kontua da; premia, ia.
Helburu horrekin, EHKOlektiboa 2007an sortu zen, mugimendu gisa. Pirinioetan jarritako mugaren bi aldeetako baserritar talde batek ekin zion ikuspegi herrikoi bateratua eguneratzeari eta kolektiboaren sorreratik bertatik azaleratutako helburua izan da tokiko ekoizpen eredu agroekologikoa artikulatzea. Ekoizle-kontsumitzaile logika gaindituta, laborari eta herritarren artean egin dute lan agroekologiaren mugimendu sozial, ekonomiko eta kulturalaren lurra ongarritzeko.
Beraz, urriaren 17an Ordizian aurkeztuko duten mantangorria ez da atzo goizean jaiotakoa. 2020an egin ziren lehen Etxalde Bisitak, elkarteko kide ziren eta horretarako borondatea azaldu zuten baserrietan. Inoiz etxalde batean arreta pixka batekin izan denak badaki zenbateko jakintza gordetzen den bertan: ondare eguneratuak dira, eskuz esku transmititutako jarduerak. Laborariekin haien etxaldean izandako hizketa horiek, beraz, ez ziren belarriak goxatzeko bakarrik izan: informazio guztia bildu eta aztertu ondoren, urte berean, Ekoizpen Ereduen Liburua argitaratu zuen EHKOlektiboak. Bertan, EHKO etxaldeek agroekologiari egiten dioten ekarpena definitu eta neurtu zen, baita etxalde horiek proposatzen zituzten berrikuntza sozial eta teknikoak identifikatu ere. Lan horren bitartez, mahai gainean jarri ziren EHKOlektiboak proposatzen duen eredu agroekologikoak jendarteari egiten dizkion ekarpenak.
Gauzak horrela, 2021eko udazkenean, ekoizpen ereduen analisia oinarri hartuta, sektoreko lan-taldeak elkartu ziren, funtzio argi batekin: irizpide eta adierazleak garatzea, orokorrak bezala, talde bakoitzari dagozkionak. Prozesu horren bidez, euskal ekoizpen agroekologikoen helburuak hitzetara eta ekintzetara ekartzeko lana egin zen. Izan ere, zer balio dute hitzek edukiz hustu badira? Gaur egun, “eko” eta “agroekologiko” kontzeptuak denerako baliatu nahi izaten dira, ezertarako balio ez dezaten. Horren aurrean, EHKOlektiboak agroekologiaren definizioan eta zehaztasunean jarri du indarra, zuriketa berdeak eta anbiguotasuna ekiditeko. Ez da nahikoa zerbait agroekologikoa dela esatea agroekologikoa izatea zer den adostu ezean.
Gaur egun, irizpide hauek agroekologiaren ezinbesteko zutabe dira: maneiu ekologikoa, bertakotasuna, alor soziala eta parte hartzea. Sistema fintzen eta fintzen aritu dira eta 2026an heldu dira hori guztia EHKO identifikatzailean biltzera, mantangorriaren bidez islatzera.
Etxaldea: Guneko.
Ekoizpena: Arrautzak eta olioa.
Zein duzu agroekologian aritzeko motibazioa? Betidanik barruan daramagun zerbait da, zerotik hasi ginen eta industrialki ekoiztea ez da sekula aukeren artean egon. Gure aurrekoei, gure ondorengoei eta gure garaikideei zor diegun errespetua da.
Zer ekarpen egiten du EHKO identifikatzaileak? Ikusteko dago, gure irudiko zortzi urteko atzerapenarekin heldu da. Jendarte nahasi batean bizi gara, identifikatzaileen ugaritzea dela, sare sozialak… eta zaila da esaten zenbaterainoko eraginkortasuna izanen duen.
Etxaldea: Safran Lilia.
Ekoizpena: Fruta eta azafraia.
Zein duzu agroekologian aritzeko motibazioa? Nekazaritza mota bakarra dago; gainerako guztiak bidegabetasunera darama. Nekazaritza industrialaren sektoreak, nekazaritza ekologikoaren eta agroekologiaren aldean, dirulaguntzak eta lurrak bereganatzen ditu, eta, horren ondorioz, nekazaritza-ustiategi txikiak baztertzen ditu.
Zer ekarpen egiten du EHKO identifikatzaileak? EHKO nekazaritzako profesional kolektibo koherente eta serioa da. Etorkizunera, klimara eta osasunera egokituta dago. Besteez eta biziarazten gaituen naturaz arduratzen gara.
Etxaldea (Herria) Ekoizpen nagusia
ARABA
- Tierra Papel Tijera (Salcedo-Lantarón) Barazkiak, zerealak, lekaleak, forrajea, fruituak.
- Zarainenea (Erriberagoitia) Zerealak, forrajeak, haragitako behiak, haragitako ardiak, behorrak.
BIZKAIA
- Aristieta (Ajangiz) Barazkiak, kiwiak, Gernikako piper eraldatua.
- Asterriabio (Areatza) barazkiak.
- Biezko (Atxondo) Barazkiak, sendabelar eraldatuak, fruta eta zukuak, arrautzak, oilaskoak.
- Ekokide (Zamudio) Barazkiak, fruituak.
- Etxetxiki (Atxondo) Ortuariak.
- Garai Garagaro eta Kontserbak (Garai) Barazkiak, frutak, kontserbak, garagardoa, sagar zukua.
- Olatxuko Laboreak (Gamiz Fika) Fruitu txikien marmeladak, pateak.
- Patxikobaso (Iurreta) Barazkiak, fruta, eraldatuak, ogia.
- Pulla (Elorrio) Barazkiak, fruta.
- Tologorri (Urduña) Fruitu txikien marmelada eta zukuak, behi haragia.
- Txapel Koop. Elkarte Txikia (Errigoiti) Behi eta ardi esnekiak, haragitako behiak, arkumeak, txerrikia.
- Txaramela (Muskiz) Barazkiak, pasta, lehortuak (piper hautsa, piper miñak...).
GIPUZKOA
- Berakoetxea (Altzo) Behi- esnekiak, babarrunak.
- Donieneberri (Itziar-Deba) Barazkiak, fruta.
- Ekoalboraz (Mutriku) Barazkiak, fruta.
- Elkoro (Bergara) Barazkiak, fruta, zukuak, arrautzak.
- Etxeberri Goikoa (Olaberria) Behi esnekiak, behi haragia, barazkiak udan, oilaskoak.
- Goiabe (Aia) Ogia, ezkur-eraldatuak.
- Iruinbengoa (Segura) Behi haragia.
- Irure Txiki (Errezil) Barazkiak, fruta, zukuak, ogia.
- Mandubi Zahar (Itsaso) Behi haragia.
- Pikunieta (Antzuola) Gazta, arkumea.
- Sarobe E.Z (Anoeta) Behi esnea, barazkiak.
- Sosola E.Z. (Eibar) Gaztak, arkumea, ogia.
- Sakona Etxaldea (Azpeitia) Barazkiak, ardi esnekiak, arkumea.
- Txindurri Iturri (Itziar-Deba) Fruta, sagardoa, behi-haragia.
- Urteaga Urkulegi (Itsaso) Barazkiak, haragitako behiak, fruta, marmeladak.
LAPURDI
- Agerrea (Arbona) Esnea, jogurtak, gasna.
- Hazitik Lilia (Senpere) Baratze landareak.
- Inta (Sara) Barazkiak.
- Patinenea (Azkaine) Eztia, polena, erle umeak, propolia, erregina-jelea, xaboia.
- Uhartetxeberria (Senpere) Ardi esnea, gasna, mamiak, zemerena, bildotsak.
- Zabaloa (Itsasu) Ezpeletako biper hautsa, baratzea.
NAFARROA GARAIA
- Aranda Ekologikoak (Faltzes) Oliba olioa, zerealak.
- Baurín Etxaldea (Armañantzas) Oliba olioa.
- Erlandere (Arbeiza) Eztia.
- Erlanki (Bera) Eztia, lore hautsa, propoleo, erle ogia.
- Fran Yoldi (Mendigorria) Lekaleak, zerealak, zainzuriak, mahatsa.
- Gukalde (Artieda) Barazkien kontserbak eta marmeladak.
- Guneko (San Martin Unx) Arrautzak.
- Jauregia (Aniz) Behi esnea, jogurtak, gazta.
- Lakabe Mikrokooperatiba (Lakabe) Ogia, gailetak.
- Larrateko (Larrazubi) Barazkiak, lekaleak, fruituak, zukuak.
- Lezaun Upategiak (Lakar) Ardoa.
- Maira Okindegia (Etxalar) Ogia, gozogintza.
- Mendiko (Oibar) Ardoa.
- Tetxe (Erronkari) Gazta, arkumeak, gaztanbera.
NAFARROA BEHEREA
- Biotzeko (Bastida) Behi, ardi eta txerri haragia, ardi gazta.
- Bordaxarria (Hozta) Ardi gasna, jogurtak, axuriak.
- Etxeberria (Uhartehiri) Ardi gasna, axurkia.
- Etxegoinberria (Irisarri) Sendabelar idortuak, ukendua, tisanak, ur distilatuak.
- Intxauspea (Behorlegi) Ardi esnea, haragia, fruituarbolak.
- Italatzea (Zaro) Xerri haragia, haragitako behiak.
- Iturri Etxea (Bunuze) Oiloak, arrautzak, fruituarbolak.
- Jauberria (Amenduze) Ardi esnea, arkumeak.
- Murgia (Ortzaize) Ardiak, ahuntzak.
- Oihanartia (Ibarla) Ardi esnea, behiak haragiarentzat, xerrikiak, axuriak.
ZUBEROA
- Bordaia (Pagola) Zerealak, sagardo-sagarrak, zukuak.
- Pedronia (Lohitzüne-Oihergi) Ahuntz gasna.
- Safran Lilia (Pagola) Azafraia, fruta, konfiturak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545