Astelehenero 8:00etan zure epostan
Trantsizio energetikoak hartu du lehen lerroa, baina, hau trantsizio bat al da? Ekologikoa al da? Argi dagoen bakarra da koloniala dela. Orain arteko logika estraktibistaren jarraipena da eta material horien jatorrizko herrietan eragin suntsitzaile ikaragarria du. Ipar globalaren erosotasuna justifikatzen jarraituko dugu? Hego globalaren lurra eta bizimodua suntsitzen jarraituko dugu?
Honakoa Alexandra Bermudez (Kolonbia), Zenayda Serrano (El Salvador) eta Dalila Argueta (Honduras) ekintzaile sozialek Kinka Sareak urrian antolatutako Autonomiatik Erein topaketetan egin zuten mahai-inguruan jasotako errelatoaren lagin bat da, ahalik zintzoen itzulia.
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Zergatik da trantsizio energetiko-ekologikoa koloniala?
Alexandra Bermudez (Kolonbia): Guk hirurok asko dugu amankomunean, besteak beste, gure lurralde den Abya Yala. Eta eztabaidaren parte da ulertzea non dagoen Abya Yala eta zer paper jokatzen duen produkzio kapitalistaren nazioarteko lan-banaketan. Abya Yalan asko dugu langile klasearen existentzia definitzen duen kondizio hirukoitzetik: izan gara ekonomikoki ustiatuak, sozialki zapalduak eta politikoki menderatuak. Kulturalki estigmatizatuak eta suntsituak ere izan gara eta ezinbestekoa da ikuspegi hori izatea garapen jasangarriaz eta natura babesteaz hitz egiten dugunean. Batez ere, jasangarritasuna eta zaintza aktore hegemonikoek planteatzen dutenean eta estrategikoa denean ingurumen- edo energia-meatzaritza sektorerako eta metaketa kapitalistarako.
Trantsizio energetikoaren eztabaidak erdigunean du erdieroaleetarako mineralen ekoizpena, beharrezkoak direnak 4.0 eta 5.0 industrian. Estatu Batuak dira erdieroaleen ekoizpenaren %55aren arduradun eta, orain, Txina nagusitasun hori zalantzan jartzen ari da. Konexio digitalean sakondu nahi da, Big Data, ordenagailuak, mugikorrak, auto elektrikoak, Google, Amazon, Apple... eta mineral eskari izugarria duen eredu horretan guztian. Industriaren laugarren iraultzaz hitz egiten da eta horrek berarekin dakartza herrien zukutze etengabea, lurraldeak irekitzea bertan sartu eta bertako baliabide eta natur-ondasunak ateratzeko eta, jakina, indarkeria, arpilatzea eta lapurreta iraunkorra. Duen aberastasuna medio, Abya Yala lurralde estrategikoa da erauzketarako, batez ere, Amazonia. Ez da kasualitatea bertako egoera gero eta konplexuagoa izatea azken urteotan.
" Konexio digitalean sakondu nahi da, Big Data, ordenagailuak, mugikorrak, auto elektrikoak, Google, Amazon, Apple... eta mineral eskari izugarria duen eredu horretan guztian" Alexanda Bermudez
Kapitalaren metaketa helburu duen eta transnazionalen intereserako den lurraldeen meneratze hau arrisku larria da herri indigenentzat, afro-ondorengoentzat eta nekazarientzat; batik bat, Amazoniatik gertu daudenentzat, alegia, Hego Amerikaren %40arentzat. Salatzekoa da, baita ere, gure estatuek meatzaritza ustiaketarekin eta neoestraktibismoa berrabiaraztearekin duten konpromisoa.
Meatzaritzaz gain, trantsizio energetikoaren gaian kezkatzen gaituena da Ipar-Hego desoreka mantentzen duela. Estraktibismo berritu bat dago eta horrek baliabideen erauzketa areagotu du gure herrialdeetan eta ingurumen inpaktu eta inpaktu sozial handiak eragin ditu, onura ekitatiborik utzi gabe.
Begira diezaiogun, baita ere, erredukzionismo klimatikoari. Trantsizio hau oinarritzen ari zarete, nagusiki, negutegi efektuko gasen emisioa gutxitzean, entzungor eginez beste arazo batzuei, hala nola, gure lurren desertifikazio, uraren kutsatze, biodibertsitatearen galera eta komunitateen desplazamenduari. Eta, jakina, teknokraziaren eta bazterkeriaren gaia ere hor dago, non Ipar globalarekiko dependentzia mantentzen den eta ez den bermatzen aurrez aipatutako komunitate kaltetuenen parte-hartzea.
Sektore batzuentzat hau ikus daiteke garapen jasangarrirako bide gisa baina, ez bada justizia sozialaren eta parte-hartze komunitarioaren ikuspuntutik kudeatzen, Ipar-Hego desoreka historikoak erreproduzitzen jarraituko du. Trantsizioa ez dago pentsatua gure lurraldeko komunitateek dituzten premietan, ezta izan dezaketen sarbidean ere, baizik eta baliabideen arpilatzean eta materialen ekoizpenean oinarritutako beste negozio mota batean; onura sozial, lanpostu eta garapenez mozorrotuta.
Zenayda Serrano (El Salvador): Ez gara lurralde pobreak, baizik eta pobretuak. Oraindik ere "hirugarren munduko" edo "garapenean dauden herrialde" deitzen zaigu, zer eta historikoki gure baliabideetatik desjabetuak izan garenean. Garapenarena, gainera, sorgin-gurpila da. Garatutako herrialdeen teknologiaren mendeko gara zeren, nola edukiko dugu teknologia hori gure lurraldeak badira Ipar globalaren konfort bizitza sostengatzen duenak?
"Abya Yalak egin ditu proposamenak bizitza eta garapen ereduaren gainean baina ez dira entzuten", Zenayda Serrano
Zein da gure komunitateen parte-hartzea? Bizitza uztea defentsan eta borrokan baliabideak eraman ez ditzaten eta bizi nahi dugulako proposatu dugun erara. Zeren, Abya Yalak egin ditu proposamenak bizitza eta garapen ereduaren gainean baina ez dira entzuten. Ez dira entzuten sistema ekonomiko hegemoniko kapitalista neoliberala errotua dagoelako erauzketan, patriarkatuan, arrazismo sistemikoan, kolonialismoan eta inperialismoan. Beste era batera esanda, pertsona feminizatuen, arrazializatuen eta planetaren explotazioaz elikatzen da eta hori da gure lurraldeen errealitatea. Lurraldeak txikitzen eta bizitzak erauzten ari dira eta bertako baliabideak hona ekartzen garapenaren izenean. Enpresek baliabideak erauzteko duten irrika biziak, ehun sozialaren haustura oso gai konplexu bihurtzen du gure komunitateetan.
Trantsizio energetikoa hitz egin beharreko gaia da, baina gardentasunez. Gardentasuna eskatzera derrigortuak gaude eta trantsizio energetiko hori aintzat hartua izango da, baldin eta egiaz behar duguna bada.
“Trantsizioaz hitz egiten denean izan dadila Europak mantendu dezakeena, egin dadila bizi nahi duen bizitza ereduaren kargu, baina ez gure herri, ez gure mendi, ez gutaz jabetuta”
Dalila Argueta
Dalila Argueta (Honduras): Beldur handia ematen du gertatzen ari denak, ikusten ari garenak, hemen mugitzen ari denak, zeren, datorren trantsizio-egitura honek guztiak esan nahi du han are gehiago estutzea. Geure buruari galdetzen diogu nola egin aurrera denontzat justua ez den eta denokin kontsultatu ez den trantsizio-mehatxu honekin. Trantsizio bat inposatzen eta sostengarazten zaigu. Ez zaigu sostengatu nahi dugun ere galdetzen, Europa sostengatzeko gai ez den bizi-eredua mantentzera kondenatzen gaituzte zuzenean. Kolonizaziotik izan da horrela. Ez dira mineralak bakarrik arpilatzen, baizik eta gorputzak, komunitateak, nahi dugun bizitza eredua eta bizitzea dagokigula uste dugun mundua, non oinarri diren lurrarekiko errespetua eta egiten gaituenarekiko lotura.
Trantsizio honek hitz egiten du aldaketak egiteaz hemen, zuen iturria aldatzeaz baina ez jatorria. Gu beti egongo gara hiltegira kondenatuak eta hori ez da justua. Geronek jarri behar dizkiogu bizkarra, gorputza, bizitzak eta lurraldea eta ez da justua, kontsultatu gabe ez da justua, horrela ez dugu inorekin trantsizionatu nahi. Ez da jasangarria ezta Europarentzat berarentzat ere. Ez da kontzientziadun trantsizio bat, herrien, komunitateen eta herrialdeen odolez zikindutako trantsizio bat da eta ustelkeria eta kriminalizazioa elikatzen ditu, hilerrietan hilobiak zabaltzen jarraitzeaz gain. Lantzeko lurrik ez izatea eta ur kutsatua edatea heriotza motel bat dira. Lotura kriminal ikaragarriak daude.
Orduan, hipokrita da zuen gobernuetako diskurtso politikoetan gure herriekin kooperatzeaz hitz egitea, benetan lankidetzan ari badira egurra ematen diguten eragile eta estatuekin.
Zer gertatzen da hemen? Bada, ez dela ikusten. Oso erraza da gu sakrifiziora kondenatzea ez dugulako axola, ez diegu geure herrialdeei ere axola, Europari bost zenbat komunitateren gainetik pasa behar duen bere trantsizio bedeinkatua egiteko.
Trantsizioaz hitz egiten denean izan dadila Europak mantendu dezakeena, manten dezala Europak, egin dadila bizi nahi duen bizitza ereduaren kargu, baina ez gure herri, ez gure mendi, ez gutaz jabetuta. Ez gara hiltegiko arkumeak, ez dugu izan nahi, ez dugu izaten jarraitu nahi, ez dugu erbestean egon nahi.
Aberastasuna ez da urrea, aberastasuna beti izan dira lurra, haziak, duintasuna eta jakituria eta hori zeure egiten duzu lekuan errotuta zaudenean.
Jasandako errepresioa nolakoa da?
A. Bermudez (Kolonbia): Errepresioak hamaika mekanismo eta hamaika ondorio ditu. Kolonbian, esaterako, megaproiektuei aurre egiten dieten komunitateen aurka egiteko gobernuak darabilen estrategia da estigmatizazioa eta garapenaren kontra daudela zabaltzea. Horrek arrisku larrian jartzen ditu kideak. Diote praktika horiek errenta utziko dutela herrialdean eta diru horrekin finantzatuko direla gastu gehienak. Horrek eragiten du dibertsifikazio ekonomikoa galtzea eta komunitate asko abandonatuak izatea estatuaren partetik. Era berean, zuzeneko eta zeharkako indarkeria bortitza ekarri du.
“Trantsizio hau faltsua da. Eredu kapitalistaren krisi berri bat da, ekonomia berdez mozorrotua eta negozio-enpresa guztien zuritze berdea. Neoestraktibismoa ari da gertatzen ekonomiak eta eredu ekonomikoak bera izaten jarraitzen baitu, leku beretik edaten jarraitzen baitu”
Alexandra Bermudez
Kontuak horrela, gune horietatik gertu dauden komunitate gehienek ausardia hutsez bizirauten dute, sinesten dutelako. Komunitateak bizirauten ari dira autozaintza estrategien bidez eta segurtasun estrategia propioekin. Eredu anitzez hitz egiten duten proiektu politiko proposamenak dituzte, ari dira agroelikadurarako lurraldeak sortzeaz, autogobernatzen diren lurralde interetnikoez; aipagai dituzte, baita ere, ekonomia eta eredu ekonomikoa, eta mahaigaineratzen ari dira trantsizio hau faltsua dela. Eredu kapitalistaren krisi berri bat da, ekonomia berdez mozorrotua eta negozio-enpresa guztien zuritze berdea. Neoestraktibismoa ari da gertatzen ekonomiak eta eredu ekonomikoak bera izaten jarraitzen baitu, leku beretik edaten jarraitzen baitu.
Gure komunitateek eta mugimendu sozial eta politikoek galdetzen dutena da: zenbateko burujabetza erreala dugu trantsizioaren gaian? Eta erantzuna da: batere ez. Eragile, teknologia eta zapaltzaileen mende jarraitzea da.
D. Argueta (Honduras): Bertako komunitateek erresistitzen dute erresistentzian sortuak direlako, ez daudelako bakarrik, artikulatuta baizik. Gainera, erresistentzien %80an emakumeak daude lehen lerroan, ez da harritzekoa trantsizio patriarkal honen estrategiak medio. Eta erresistentzia egiten da baita ere eztabaida politiko eta artikulazio politikoekin. Mundu mailako ekonomia politika eztabaidatzeko dago, sistema honen oinarrian nekropolitika baitago.
Zer eskatzen diozue edo zer espero duzue euskal mugimendu ekologistarengandik?
“Ikertu itzazue zuen enpresak eta bueltan ekarrarazi. Liberatu dezatela gure lurra. Ingurumen inpaktua eta krisia eragiteaz gain, inpaktu psikologiko larria eragin dute”
Dalila Argueta
D. Argueta (Honduras): Zuen enpresak ikertzea eta identifikatzea. Ez dezala administrazioak egin, esango baitu euskal enpresak ez daudela han. Bai, han daude eta gu izorratzen ari dira. Ikertu itzazue eta bueltan ekarrarazi. Liberatu dezatela gure lurra, irten daitezela gure atarietatik eta eman ditzatela kontuak hemen, eta baita han ere. Ingurumen inpaktua eta krisi bat eragiteaz gain, inpaktu psikologiko larria eragin dute zonaldean.
Bizi dugunarekiko erantzukizun handia dago, beraz, epaiketa bat-edo egin behar zaie, pikutara bidali edo dena delakoa, baina utzi ditzatela lurraldeak libre. Eta identifikatutako enpresen parean jarri behar bada, zarata atera. Zezena adarretatik heldu, ez buztanetik. Egin mapatze bat, zein enpresa eta non dauden. Nor eta non ari den izorratzen eta nor dabiltzan borrokan, eta elkartu gaitezen.
Bestalde, galde iezaiozue zeuen buruei: zer egiteko prest zaudete? Noraino helduko zarete? Noraino eutsiko diozue? Nola egin nahi duzue defentsa? Guk argi daukagu. Eta ez ditugu ez gure ibaiak ez gure mendiak galduko. Gutxienez, ez diogu defendatzeari utziko. Hau da lurrarekin jaiotzetik egiten dugun paktua.
“Batzuetan sentitzen dut galtzen zaretela testu handiak idatzi nahian, eta idatz ezazue elkartasun mezu bat hitz xume baina indartsuekin”
Zenayda Serrano
Z. Serrano (El Salvador): Berriz ere hitz egin behar da emantzipazioaz, herri-botereaz eta ortzimuga estrategikoez, politikoez eta ideologikoez.
Egin ezazue elkartasun komunikatu bat Abya Yalarekin. Batzuetan sentitzen dut galtzen zaretela testu handiak idatzi nahian, eta idatz ezazue elkartasun mezu bat hitz xume baina indartsuekin, esan iezaiezue gure herriei eurekin zaudetela erresistentzian.
Irakurle, ez da ariketa makala proposatu digutena. “Guk, ingurumenaren aldeko mugimendu bezala, bat egiten dugu Abya Yalako kideekin eta…”. Komunikatua idazteko elkartuko gara?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545