Astelehenero 8:00etan zure epostan
Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail zituzten pertsonen omenez. Indarkeria matxistak, gerrak, genozidioak eta lurralde-kanporatzeen gorakadak markatutako une geopolitiko honetan, lurrerako eskubideak hil ala biziko kontua izaten jarraitzen du.
Andreontzat, gainera, lurra izateko eskubidea justizia sozialeko kontua ere bada, eta lotura estua du autonomiarako, elikadura osasuntsurako, etxebizitza duinerako eta ondasun komunetarako eskubidearekin, merkatukoak edo familia heterosexualekoak ez diren beste logika batzuen pean. Mundu osoan, emakumeok gizonezkoek baino eskuragarritasun gutxiago dugu lurrerako. Beste artikulu batean azaltzen nuen bezala, deserriratu egin gaituzte eta badakite. Hala ere, eskubide hori, bere horretan, luzaroan egon da giza eskubideei buruzko eztabaidetatik kanpo.
Gauzak horrela, funtsezko giza eskubideei buruzko nazioarteko bederatzi itunetatik, lurrerako eskubidea behin baino ez da aipatzen, eta landa-eremuetako emakumeen lurralde-eskubideen testuinguruan. Helburua da nekazaritza-erreformako politiketan, egon diren txoko bakanetan, diskriminazio sexistarik eza bermatzea. Familia barruko dinamika heteropatriarkalak saihesteko aurrerapauso handia da, zalantzarik gabe, baina ez da batere nahikoa planetako lur gehienak agronegozio transnazionalaren kontrolpean dituen errealitateari aurre egiteko.
Errealitate horren aurrean, duela 10 urte eskas, lurrerako giza eskubidea aitortzeko proposamenak indar pixka bat hartu du nazioarteko eztabaida juridikoan, jabetza-eskubide klasikora ez iristeko alternatiba bezala. Izan ere, jabetza-eskubidea jasota dago, ez bakarrik Adierazpen Unibertsalaren 17. artikuluan, baita Arraza-Bereizkeria Mota Guztiak eta Emakumearen Aurkako Bereizkeriari buruzko Nazioarteko Konbentzioetan ere.
Proposamen horrek, lurra eta lurraldea defendatzeagatik eraildako nekazari guztien memoria, egia eta justizia sakontzeaz gain, Zuzenbidearen praxis kritikoa elikatzen dugunontzat, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea bera zalantzan jartzea eta eboluzionatzea ere bilatzen du. Hau da, lurraren ikuspegi antropozentriko eta instrumentalista batetik –lurra beste eskubide batzuk gauzatzeko sarreratzat hartzen duena–, lurrak bizitzari eusten diola eta herrien nortasuna eta kultura ereiten dituela aitortzera igarotzea dakar, eta, beraz, bere horretan sustantziala den giza eskubidea izatea.
Zentzu horretan, beti argi izan behar dugu: Zuzenbideak ez du errealitatea aldatzen, baizik eta errealitateak Zuzenbidea aldatzen du. Eta gaur egun Euskal Herrian bizi dugun errealitateak erakusten diguna da nazio bezala behar dugun trantsizio ekofeministarekin kontsekuentea den lur lapurtua eskuratzeko politikan aurrera egin beharrean, EBren eta euskal erakunde eta enpresen apustua dela ekonomia kapitalista berreskuratzea, militarizazioaren eta gerraren industriaren bidez. Mugen (nekro)politika areagotzea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak Palestinako herriaren aurkako genozidioa eragozteko ezintasuna dira izatearen eta izateko betebehar juridikoaren arteko disoziazio arriskutsu horren ebidentzia lazgarrienetako batzuk.
Azkenean, giza eskubidea aitortzeko proposamen oro boterearen antolaketa geopolitiko bati erantzuten dion nazioarteko egitura juridiko batean txertatuta dago. Araudi horiek unibertsaltasun faltsu batean daude araututa, eta unibertsaltasun horrek ezabatu egiten ditu –diskurtsiboki– gizonen, emakumeen, herrien, nazioen, estatuen eta lurraldeen arteko desberdintasun historikoak, kulturalak eta sozialak, desberdintasunak naturalisatuta, eta, aldi berean, zapalkuntzak justifikatuta. Giza Eskubideak ere, lurra eta andreon gorputzak bezala, disputan daude.
Beraz, lurrerako giza eskubidearen aitortzak, diskurtso faltsuki ahistoriko, neutral eta denboragabea izan beharrean, errekonozitzeko eta erreparatzeko balio behar du. Batetik, errekonozitzeko jatorrizko espolio heteropatriarkala, biztanleriaren zuritzearen proiektu supremazista kolonialarekin batera, pilaketa kapitalistak gaur egun arte txertatzen eta perfekzionatzen duena. Bestetik, kapital laborariak eta bere elite maskulinoek andreei ezarritako prekarietatea, izugarrikeria eta indarkeria guztia erreparatzeko.
Azken batean, lurrerako giza eskubidea aitortzea garrantzitsua da bizitzaren zaintza antolatzeko beste modu batzuk irudikatzeko – baita juridikoki ere– , baina, betiere, erakundeen, finantza-organismoen eta barne-oligarkien erantzukizuna bere gain hartzen badu. Gaur egun existitzen diren eskubide askoren edukiak gauzatzea eragozten duen horrekiko materialtasun eraldatzaile eta jazarlerik ez badago, lurrerako giza eskubideak nekez ekarriko du andreentzako ondo bizitzea landa eremuan. Apirilaren 17etan, eraman gaituztenei egin diezaiekegun omenaldirik onena borrokan jarraitzea da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545