Agorrilak ontzen, buruilak biltzen

Koroarik gabeko erregina, iluntasunean, gorria

Gure kostaldeko jatetxeetan arrain preziatuenaren inguruan galdetuz gero, gehien-gehienek bisigua aipatuko lukete. Belaunaldi zaharragoek hobe ezagutu zuten. Gaur egun ordea, nekez topatuko dugu, bai itsasoan, baita gure mahaietako plateretan ere. Baina hemen doakizue aste honetarako erronka. Arrandegiko erakusmahai aurrean zaudetenean, erreparatu bisiguaren ondoan dagoen gertuko ahaide horri. Izan ere, bada burualdea antzekoa izanik, gorputzaren itxura zeharo ezberdina duen arrain bat, kolore gorri nabarmena duena…

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko abenduaren 04a
Argazkia: Eneko Bachiller.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Bisigu-erregina (Beryx decadactylus)

Taldea: Ornoduna / Arraina

Neurria: 25-50 cm

Non bizi da? Gazteak pelagikoak dira. Helduak bento-pelagikoak dira, 200 eta 800 metroko sakonera tartean taldekatzen dira.

Zer jaten du? Arrainak, krustazeoak eta zefalopodo txikiak.

Babes maila: Ez dago babestua.

 

Gazteleraz “rey” modura agertuko da. Hori gutxi balitz, Espainiako hainbat lekutan “alfonsino” edo “virrey” modura ere bai –bat edo beste, monarkia presente, beti ere–. Gure hiztegiak ordea, arrain askoren kasuan bezala, badu tartea hitz jokoetarako. Bizkaiko hainbat herritan “errege” edo “bisiguen errege” izanik, beste portu batzuetan erreginak goraipatu ei zituzten, “bisigu-erregin” modura izendatuta. Izenak izen, oroitu ondo, arrain hau gorria da, nabarmen; eta ez du koroarik. Gainera, sukaldari onenen artean askorentzat bisiguari gailentzen zaion haragi zuri trinkoa du, itsaski zapore goxoarekin; horregatik ote, “itsasoko erregin” modura ere ezaguna izatea?

Haren begiak, bisiguaren aldean txikiagoak, ez dira oharkabean pasatzen. Eta bide batez, begion tamainak bere bizimoduaren inguruko informazioa ematen digu. Zertarako begi handiak? Ondo ikusteko. Tira, baina, hain handiak? Ilunpetan ondo ikusteko. Sakonera handietan, 200 metro ingurura, argia nekez heltzen da, eta bertan bisigu-erregina gai da besteak beste arrain txikiagoak, krustazeoak edota txipiroi txikiak harrapatzeko, baita harrapakari handiagoengandik ihes egiteko ere, edo saiatzeko bederen. Eta agian harrapari hauen aurrean oharkabean igarotzeko, nahiz bestelako abantailak lortzen dituztelako, espezie hau taldekoia da, sarda handitan elkartzen dena.

Irudikatu, beraz, itsaspeko inguru ilun, hotz eta malkartsua. Gure kostaldeko itsasoko ura kenduko bagenu, aurrez aurre lautada bat izango genuke, eta bat-batean, amildegia, sakonera handietara erortzen dena. Bada, amildegi horretan bizi da bisigu-erregina, “ezponda kontinental” modura ezagutzen den horretan, eta horren aurreko plataforma kontinentalaren hegian. Euskaldunen mendizaletasunarekin bat egiten duen arrain honek, Asturiasko mendiak ere gustuko ditu. Bertan bada Cachucho deituriko mendi bat, 4.500 metroko altuera duena. Mendizalea zara, eta ez duzu ezagutzen? Ba hau Europako Mendietako tontor guztiak baino altuagoa da, eta kostaldetik 60 kilometrora baino ez dago! Hori bai, urpean. Haren inguruan harrapatzen zela-eta, asturiarrek bisigu-arraina mendi honen izenarekin ezagutu izan dute XX. mende hasieratik.

Garai batean gure portuetan balio txikia zuen arraina zen, batez ere arrantzaleek eta haien ingurukoek jaten zuten horietakoa. Gaur egun ordea, gero eta garestiagoa eta preziatuagoa bilakatzen ari da. Hortaz, kontuz ibili beharko dugu, arrain hau gehiegi ezagutzera emango balitz, eta denbora-tarte laburrean ale handi asko arrantzatuz gero, ez baikenioke populazioari bizirauteko paradarik emango. Bisigu-erregin gazteak lehen urtean zehar azkar hazten badira ere, behin heldu bilakatzean, haien hazkuntza oso motela bihurtzen da, hein batean bizilekutzat duten ur-eremu hotzaren eraginez. Pentsa, inoiz 60 urtetik gorako aleak topatu izan dira! Orain arte hondoko tretzarekin, alez ale, amuz arrantzatu da, arrantza-arte hautakorrenetako baten bidez. Horrela izaten jarraitu dezan, eman diezaiogun duen balioa, ahal dugun heinean dastatuz, baina pasa gabe, gertuko ahaide duen bisiguaren gainbehera bera pairatu ez dezan.

Itsasoan katua marrazo
Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena. (+)
Kutixi edo mokadu, guztion ahotarako
Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da. (+)
Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso... (+)
Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
Mugarik gabe, baina ez mugagabe
         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren... Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko. (+)
gora