Elurra mendian, haize hotza herrian.

Itzalaldiak agerian utzi duena

Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu publikoen kalitatearen beherakada. Asier Garaialde Izarkomeko arduradun teknikoak "sistema ez horren zentralizatu eta sareatuago bat" aldarrikatu du Naiz Irratian. Egon dira ere itzalaldiak iraun dituen orduetan Gazako palestinarren egoeraz oroitu direnak.


2025eko apirilaren 29a
Madrilgo Atotxa tren geltokia asteleheneko itzalaldian zehar.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bizpahiru orduko itzalaldi batek gogor kolpatu ditu Euskal Herria eta Iberiar penintsula osoa. Asteleheneko 12:30 aldera joan zen argindarra Hego Euskal Herrian, eta ordubete ingurura hasi zen itzultzen herri gehienetan, ezberdintasunak gorabehera. Halere, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du gauean herrien %96tan zutela argindarra, batzuetan gaueko 22:00etarako berreskuratu gabe jarraitzen baitzuten. Pedro Sánchez Espainiako presidenteak arratsaldeko seiak aldera egin zuen agerraldia, "lasaitasuna" eskatzeko.

Espainiako presidentea ia 23:00etan azaldu zen prentsaurrean berriz, eta azaldu zuen "inoiz ikusi ez den" gauza bat gertatu zela 12:33 zirenean: haren arabera, sare elektrikoak hamabost gigawatt galdu ditu bost segundo eskasean, hau da, une horretan estatu osoan kontsumitzen ari zen energiaren %60. Hipotesi eta ikerketa bide guztiek zabalik jarraitzen dutela adierazi du Sánchezek. Portugalgo REN operadore elektrikoak "fenomeno atmosferiko arraro bat" gertatu dela esan du, eta horrek Espainiako argindar sarean arazo handi bat eragin duela. REE Red Electrica Española enpresako zuzendari Eduardo Prietok, berriz, itzalaldia potentziaren fluxuaren "oszilazio handiari" egotzi dio, eta baztertu egin du zibersegurtasuneko gertaera bat izan denik.

Aurretik aipatutako hori guztia jada nahikoa errepikatu da Euskal Herriko nahiz estatu osoko hedabideetan, baina nahikoa aipatu al da gertakari honek agerian utzi duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bost segundu eskasean gertatutako arazo batek Iberiar penintsula osoko zerbitzu guztiak geldiarazi ditu hainbat ordu luzez, eta oraindik ez da normaltasun osora itzuli Euskal Herrian, besteak beste. Horra hor gaur egungo gizartean energia kontsumoarekiko dugun menpekotasunaren erakuslea.

Duela astebete Espainiako Gobernuak iragarri zuen 10.471 milioi euro gehiago bideratuko dituela Defentsara, eta horrela urte amaierarako aurrekontu militarrera bideratutako gastua herrialdeko barne produktu gordinaren %2 izango da. Bitartean, nabari al da konpromiso maila berbera atzoko itzalaldian kaltetuen irten ziren zerbitzuekin? Esaterako, argindarra joateagatik larrialdizko sorgailuak piztu izan behar zituen Osakidetzarekin edo astearte goizera arte berrabiatu ez den aldiriko tren zerbitzuarekin?  

Alternatiba baten beharra, inoiz baino nabariago

Itzalaldiaren harira agerian geratu dira gaur egun indarrean dagoen energia sistemaren ahulguneak, baita horiek iraultzeko beharra inoiz baino handiagoa dela ere. Hortaz mintzatu da Izarkomeko arduradun teknikoa den Asier Garaialde, Naiz Irratian. "Sistema ez horren zentralizatu eta saretuago bat" aldarrikatu du Garaialdek elkarrizketa horretan, astelehenean gertatukoaren gisako arazoek "eragin murritzagoa" izango bailukete biztanleriarengan. "Euskal Herriaren burujabetza" ikuspegi horretan finkatzen dela azaldu du Izarkomeko arduradun teknkikoak, eta itxaropena du itzalaldiak kontzientzietan eragina izan dezan, zehazki, euskaldunei heldutako baliabideak eurek kudeatu beharko lituzketelako ustea geroz eta jende gehiagorengana hedatzeko.

Ezin Gaza burutik kendu

Ezegonkortasuna eta urduritasuna nagusitu diren ordu horietan egon dira Gazako palestinarren egoeraz oroitu diren horiek ere: "Bizpahiru orduko itzalaldi batek hainbeste kalte egin badigu, nola izango da eguneroko bizitza Gazan?", izan da galdera ohikoena sare sozialetako erabiltzaileen artean. Izan ere, hemen ezohikoa dena han eguneroko ogi bihurtu da eurentzako Israelek abiatutako genozidioa dela eta. Jada ohikoak dira normaltasun osoz jarduteari utzi dioten ospitaleak, Israelek zerrendara heltzea oztopatu dituen elikagaiak edota zerrendan geroz eta urriagoa den edateko ura.

Eta hori guztia, Mendebaldeko herrialdeen konplizitatearekin eta elkarlanarekin aurrera eraman du Israelek, Espainiarena barne.  Iazko maiatzean ofizialki Palestinako Estatua errekonozitu bazuen ere, egunero herrialde horretako biztanleriaren aurka gogor oldartzen den Israelekin harreman diplomatikoak nahiz ekonomikoak izaten jarraitzen du Espainiako Gobernuak. Esaterako, herrialdeko Barne Ministerioak Guardian Defense & Homeland Security S.A enpresa israeldarrari 15 milioi bala inguru erosteko asmoa zuen aurreko astera arte, azkenean jasotako kritikengatik bertan behera utzi bazuen ere. 

 

 

Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako... (+)
Argalarioko parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, ingurumenean eragingo lituzkeen kalte "kritikoengatik"
Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta... (+)
Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako... (+)
Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta
Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute,... (+)
Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan
Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du... (+)
gora