Asteroko buletina
Berezko joera, arraina urera eta satorra lurpera.

Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte gogora.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko otsailaren 12a
Anna Franken egunerokoko protagonistetako bat: bere etxeko leihotik ikusten zuen zuhaitza, indi gaztainondoa. 2006an ateratako argazkia. 2010ean haizeteak eraitsi zuen. Jatorrizko argazkia: Huliana90212, edizioa:Arthena. Wikimedia CC BY 2.0

“Batzuetan Anna Frank sindromea ahazten zaidak, badakik, betiko hemen eta horrela geratzeko izua. Anna Franken kasua kontatu zion gero, Bigarren Mundu Gerran naziengandik ihesi ibilitako neskatila judutarra izan zela, etxe-zulo baten gordeta igaro zituela bi urte, han eguneroko bat idatzi zuela, eta herbeheretar batek salatu ondoren hil zela Auschwitzeko kontzentrazio gunean”. Sasian ezkutuan iheslaria eta baita Anna ere. Euskalduna eta judua biak izu batean.

Annak, ezkutalekuan izan zen artean, eguneroko bat idatzi zuen, gerora sonatua egin zena, oso, hura Bigarren Mundu Gerrako juduen aurkako genozidioan holokaustoko kontzentrazio esparru batean erail ondoren argitaratutakoan.

Eguneroko horretako protagonistetako bat etxe zulo haren leihotxotik ikus zitekeen zuhaitza da, indi gaztainondoa (Aesculus hippocastanum), Amsterdamgo erdialdean bizi zena. Gerora, zuen sona istapetik pasa eta behin baino gehiagotan ZAKUR (Zuhaitzen Aurkari Kriminalen Urgazleak) eraile zelulakoak lurreratzen saiatu ziren; baina auzoko jende naturala elkartu, eta salbatzea lortu zuten. Gerrateetako erailtzaileekin borrokan nekatua, gaixorik, 2010eko abuztuaren 23an, haizete gogor batek eraitsi zuen; 160 bat urte zuen. Historiarako geratuko den zuhaitza, gudari, genozidioari, holokaustoari eta neskatxa baten bizitzeko grinari lotutako zuhaitza.  

Zuhaitz haren gaztainak jaso eta makina bat kume txirpi landatu da mundu osoan; betiere judutarren genozidioa edota maila horretako ekintzak gogorarazteko eta gaitzesteko eraiki izan diren museo edota antzekoetan. Indi gaztainondoa oparo ugaltzen ari da, bere gaztainak kontinente guztietan helduz. Ondorengo zuhaitzak Fukuyama, New York, Bradfor, Indianapolis eta Europako herri ugaritako ikastetxeetan bizi dira, baita gerra hartako Frantziako erresistentziaren hiriburua izan zen Lyongo 3. barrutiko udaletxearen parean eta Parisko Anne Frank lorategian ere. Anna Franken izena daraman kale, plaza, baratze eta abar ugari dago. Donostiako Aieteko Parkean ere badago zuhaitz haren kimu bat, bere oroigarri, gerra eta krimen ugariren bake goseak ase nahi dituen tokian.

Edonon dauz txakurrak haginak zabalik. Etxe guztietan laratzak beltzak.

Genozidioak eta holokaustoak ez ahazteko eta oroimenari zentzu pedagogiko bat eman aldeko oroitoki horietan, olibondoa (Olea europaea) edo zein zuhaitz jarri asmo dute Palestinan etxean ezkutatuta bere nerabe egunerokoa idazten ari diren bitartean juduek erailtzen dituzten Anna izeneko neskatxen oroigarri? Donostian? Erresistentziaren Lyonen? Noizko Euskal Herrian lehenengo Palestina Parkea?

Eguzki-lore meteorologoa
2024-11-04 | Jakoba Errekondo
Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan.... (+)
Sagastizaleentzako jakinarazpena
2024-10-28 | Jakoba Errekondo
Euskal Herrira 2018an iritsi zen. Bertakotu eta euskaldundu den migratu bat gehiago. Ongi etorri. Gutxi batzuk hasieran, izurritea 2023rako. (+)
Harizti borobil bat mugari
2024-10-21 | Jakoba Errekondo
Mugek itotzen gaituzte. Ondo esanda, mugek itotzen naute; izan ere, izango da baten bat zeina mugen estuasunean bertan gozo ederki sentituko den. Ni itotzen naute... (+)
Zainzurien skotomorfogenesia eta fotomorfogenesia
2024-10-14 | Jakoba Errekondo
Datorren negua gozatuko digute zainzuri kimuek (Asparagus officinalis). Baratzeko nire kuttuna da, baita nire baratzekoa ere. (+)
Lezkarekin sagardo hobea
2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora