Asteroko buletina
Kurriloak igaro, eguraldi txarra

Ilargi ala eguzki, handietan handi

Gure portuetan “atalu” edo “atalo” modura izendatzen da, baina ez da porturatzen den arrainetakoa; itsasoan dabiltzanentzat ordea, aspaldiko ezaguna da. Forma zapala eta obalatua du, eta ahoa une oro irekia, globo-arrain baten aurpegia oroitaraziz. Atzealdean, gorputza luze baino altuagoa egingo duten bi hegats, bat gorantz hegazkinen isatsen antzera, eta bestea beherantz belaontzien gila modura. Itxura zaharkitua izan lezake, baina arrain gehienak sortu eta 500 milioi urte beranduago jaioa izanik, arrainen eboluzioan gazteenetakoa da… eta, hezurdun arrainen artean, handiena.

Eneko B. Otamendi
Eneko B. Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urtarrilaren 22a
Argazkia: Eneko Bachiller.
Atalua (Mola mola)

Taldea: Ornoduna / Arraina

Neurria: 1,50-1,80 metro (emeak > arrak)

Non bizi da? Mundu osoko ozeanoetan, nahiz kostaldetik hurbil. Gazteak taldean; heldu aroan bakarrik edo beste atalu batekin ibiltzen dira.

Zer jaten du? Animalia lirdingatsuak (bereziki sifonoforo eta marmokak), arrainak, zooplanktona, krustazeoak eta moluskuak.

Babes maila: Espezie zaurgarrien Zerrenda Gorrian dago 2015etik, ustekabeko harrapaketak jasateko arrisku handia baitu. Ezin da arrantzatu.

Eme bakar batek 300 milioi arrautza izan ditzake; eta errute bakoitzean 5 milioi inguru askatuko ditu (ez dago halako kopurura hurbiltzen den beste animalia ornodunik). Horrela, arrautza horietako batzuk heldu izatera iristeko aukerak handitzen ditu, eta ziurrenik hori da espezieak bizirauteko izan duen estrategia garrantzitsuena. Arrautza bakoitzak, itsasoko harrapakarien bazka izateari izkin egitea lortuz gero, larba-fase bikoitza igaro beharko du (arrain gehienek fase bakarra dute): lehenean, 1,5 milimetrorekin, familia-kide duen globo-arrainaren itxura du, borobila eta arantzatsua; bigarrenean ordea, zapaldu egiten da eta helduek izango duten forma hartzen du, 3-4 zentimetrorekin. Indibiduo horrek, bizirauten badu bederen, bere pisua 60 milioi aldiz biderkatuko du, bataz beste 1,5–1,8 metro eta tona bateko pisua hartzeraino. Pertsona bat 50 elefanteren pisua izatera helduko balitz bezala. Pentsa, haren azalak 7 zentimetroko lodiera har dezake, eta 3 metro eta 2,5 tonako aleak ere ikusi izan dira.

Mundu osoko ozeanoetan zehar, kostalde nahiz itsaso zabalean, atalua hainbat modutara ikus daiteke, ur-azaletik hurbil dabilenean bederen. Igerian diharduenean, hegats dortsala uretatik ateratzen du, marrazoa bailitzan. Bestetan, ur azalean “etzanda” ageri da. Horrela, itsas-hegaztiei nahiz arrainei haren azalean itsasten zaizkion 40 bizkarroi motaz osatutako menua eskaintzen die. Gauez etzaten denean, arrantzaleen argien aurrean dirdiratsu ageri ohi da; beharbada hemendik datorkio “ilargi-arrain” izena. Ingelesek, berriz, egunez hartutako irudiari erreparatuko zioten, “sunfish” izendatzean (“eguzki-arrain”). Eguzkia hartuz ematen dituen atsedenaldi hauei esker gorputzeko tenperatura erregulatzen du. Izan ere, atalua oro har animalia lirdingatsuz elikatzen den arren (batez ere marmokak, salpak eta sifonoforoak jaten ditu), egunez 500 eta 800 metro arteko sakoneratara murgildu ohi da, bestelako arrain eta itsas-hondoko ornogabeen bila (krustazeo, molusku eta ofiurak, besteak beste). Bidaia horietan 5 gradutik beherako tenperaturetara irits daitekenez, ezinbestekoa du berriro ur-azalera igo eta eguzkitan epeltzea.

Arrain honek arrantzaleen nolabaiteko begirunea bereganatua du. Animalia motela denez, sarritan geratzen da arrantza-sareetan trabatuta (ustekabeko harrapaketetarako arrisku bereziko espezie modura izendatua dago). Aitzitik, ataluak itsasora itzuli ohi dira, gehienetan, bizirik. Eskerrak arrantzaleei, edo kartilago asko eta haragi gutxi duen (hots, gure lehentasun kulinarioei).

Dokumentaletan harriduraz ikusi dezakegun munduko arrainik modernoena uste baino gertuago dugu. Izan ere, ale handienak ur tropikalagoetan topatu ohi diren arren, udazkenean, Getarian bertan, 200 aletik gorako atalo gazteen sardak ikusi izan dira (“topagunea” San Antongo itsasargi parean?). Zenbaki handiekin jarraituz, berotu ahala itsasoak marmokez beteko balira, kalkuluen arabera ipar-ekialdeko Atlantikoan ataluek eguneko 2.600 tona marmoka jateko ahalmena izan dezakete. Handiak, motelak eta bitxiak, baina oraindik nahiko ezezagunak dira. Agian, hobe horrela.

Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko... (+)
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela
2024-04-22 | Eneko B. Otamendi
Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean... (+)
"Valhalla"ren bila
2024-03-03 | Eneko B. Otamendi
Gainetik dabiltzan harrapariengandik ihes egiteko bizkarralde iluna dut, itsasoaren uretan ezkutatzeko. Bertako orban koloretsuek nire sardako kideen artean nahasteko balio dute (zebren modura). Nire sabelaldea,... (+)
Itsasoiko, itsasotik sasoikoa
Euskal Herria Kantauri itsasoari eta arrantzari estuki lotutako herria da. Itsasoa gure historiaren, gure kulturaren eta gure nortasunaren parte izan da betidanik. Baina kostaldeko herrietan,... (+)
Koroarik gabeko erregina, iluntasunean, gorria
2023-12-04 | Eneko B. Otamendi
Gure kostaldeko jatetxeetan arrain preziatuenaren inguruan galdetuz gero, gehien-gehienek bisigua aipatuko lukete. Belaunaldi zaharragoek hobe ezagutu zuten. Gaur egun ordea, nekez topatuko dugu, bai itsasoan,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora