Asteroko buletina
Baratzezaintza, funtsean, beti izan da artea

Hazien piratak eta lapurrak

Udaran jasotzen da hazi mordoa baratzean, izan udako fruituak biltzearekin batera jasotzen ditugunak (tomate, piper, kalabazin, edo luzokerren haziak kasu), izan neguko barazkiak loratzen edo lehortzen utzi ostean datozenak (esaterako, azenario, erremolatxa, baba, ilar, edo porruen haziak). Baratzea alaitu, dibertsifikatu, eta edertu egiten diguten loreak zimurtzean eta lehortzean ere, altxortxoa dakarkigute; hurrengo urtean baratzea berriz loratzekotan beharko ditugun haziak, alegia.


2023ko irailaren 11
Ilenaren haziak lehortutako loretik askatuta erortzen dira lurrera. Argazkia: Dominicus Johannes Bergsma / Wikimedia Commons

Aste honetan ilena haziak bildu ditut. Ilenaren loreak pixkanaka lehortzen doaz, eta hazi denak hartzekotan, txandaka hartzen dira. Duela bi aste jada zenbait hazi bildu nituen, eta halako batean ontzian jasota nituen gutxi batzuk lurrera erori zitzaizkidan. Han utzi nituen, eta aste honetan ernamuindu eta lehenengo hostoak botatzen hasiak direla ohartu naiz.

Fruituak edo barazkiak ez baditugu biltzen, haziak lurrera doaz. Batzuetan, denborarekin batera ustelduko litzatekeen fruituaren barruan (kalabazak, adibidez); beste zenbaitetan, leka lehorren baitan gordeta (ilarrak edo errefautxoak, kasu); eta, beste hainbatetan, hazia bera lehortutako loretik askatuta (ilenak, esaterako). Espeziea eta barietatea toki batera ondo egokituta badago, eroritako hazietatik baliteke hurrengo urtean landare berriak jaiotzea. Baina guk haziak biltzen ditugu, ondo kontserbatzeko eta hurrengo urtean, nahi dugun tokian eta garaian, erein eta landatzeko. Horretan datza nekazaritza, haziak bildu eta berriz ereitean. Eta hazien kontserbaziorako gakoetako bat tenperatura da. Epela edo hotza behar dute ondo kontserbatzeko.

Bada, aurrekoan lurrera eroritako ilena hazietatik etorritako landaretxo berriak ikusi nituenean zalantza egin nuen. Haziak biltzen ditugunean, hoztu baino, ez ote ditugun ostu egiten. Landareari ebasten. Lurrari osten. Gizakia eta kultura lapur eta, lapurreta nekazaritzaren oinarri, bat-batean. Gure lapurreta txikia da, ados. Haziak elikagaien ekoizpenaren lehenengo katebegia badira, nekazaritza lapurreta fundazional batean oinarritzen da, ados. Eskala kontua da, orduan, afera?

Ez dezagun ahaztu. Hazien lapurretan aditu eta arituak dira, batez ere, bioteknologiaren arloko transnazionalak. Vandana Shivak aspaldi erabili zuen "biopirateria" terminoa enpresa handi horien lapurreta izendatzeko. Hazien lapurreta handia, antolatua, egiturazkoa. Lapurretaren balorazio etikoa, orduan, eskala kontua da. Piratak ere ez dira beti ipuinetako gaiztoak izan, eta pribatizazioari eta monopolioei aurre egiteko zenbait bide nahiko "pirata" izan dira, eta badira. Eskala kontua da, ados. Baina, noiz pasatzen gara piratak izatetik lapur handiak izatera? Gizakiak lapur eta nekazariak pirata, ez dezagun ahaztu haziak bildu eta gordetzen ditugunean, landareei, lurrari, txoriei eta gure inguruneari, nolabait, neurri batean, zerbait osten diegula. Edo "maileguan hartu". Hau nola eskertu eta itzuli gure esku geratzen da, elkarrekikotasuna ez baita soilik gizakion arteko harremanetara mugatzen. Haziak bildu, gorde eta zaintzeko lana, beraz, ardura handikoa.

Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak
2024-12-02 | Marta Barba Gassó
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko. (+)
Ekofeminismoaz, motozerra eskutan
2024-06-17 | Marta Barba Gassó
Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista... (+)
(Hazien) Ugalketa prozesuak kolektiboak dira
2024-06-03 | Marta Barba Gassó
Azken asteotan hazitegian ibili gara udarako barazkien haziak ereiten eta landaretxoak sortzen. Zenbait landare dagoeneko baratzean daude. Lozorroan zeuden haziei baldintza egokiak eskaini dizkiegu esnatu... (+)
Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz
2024-03-25 | Marta Barba Gassó
Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek. (+)
Zaintza Sistema eta Continuum-a
Gaur egun, zaintza sistemen etenari buruz hitz egin dezakegu; izan ere, kontuan hartzen al dugu gaur egungo zaintza sistemako fluxu guztien Continuuma? Hau da, kontuan... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora