Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gaztelerazko “salmoneteak” koloreari erreparatzen dion bitartean, euskarak, espeziearen adierazgarri den “bizar” parea aintzat hartu eta gazteleratik hartu du erreferentzia: “Barbarina”. Antzinako Erroman arrain preziatuenetako bat izan zen, eta luzaroan kutixi, goi-mailako aristokraziarentzat. Aitzitik, milaka sestertzio edo haien pisua zilarretan ordainduko bazuten ere, ez zuten xerratan eskuratuko. Arrainaren hezurdura dela eta, fundamentuz jateko eskuak erabiltzea ezinbestekoa izaki, pentsatzekoa da inoiz barbarinaren usaina zenturioiaren armadurara edo aristokraten goi-joskintzako jantzietara ere helduko zela.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: 20-25 cm. 30-40 cm-koak ere badaude, baina gutxiago.
NON BIZI DA? Kostaldean, plataforma kontinentalaren ertzeraino. Normalean, 100 metro baino sakonera txikiagoko hondo hareatsu eta arrokatsuen artean nahiz legartsuetan.
ZER JATEN DU? Itsas-hondotako harrapakinetan espezializatutako dieta du. Arrain, poliketo eta krustazeo bentoniko txikiak, eta zooplanktona (kopepodoak, krill-a...).
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Munduan 80 barbarin espezietik gora badaude ere, gure kostaldean bi espezie bereizten dira. Ohikoena haitz barbarina (M. surmuletus) da, kostaldetik hurbileko hondo arrokatsuetan eta hareatsuetan bizi dena. Bere ahaidea, arraroagoa, sakonera handiagoko hondo lohitsu nahiz hareatsuetakoa, lohi barbarina (M. barbatus) da. Ziurrenik Mediterraneotik iritsi zen, egun Bizkaiko Golkoan haitz barbarina iparralderantz hedatzen ari den moduan, itsasoa epeltzearen ondorioz.
Haitz barbarinaren kopetak eta muturrak kokotzerainoko malda luzea duen bitartean, lohi barbarinaren frontea bertikala da; eta azken hau ez dago haitzetakoak azalean dituen banda horixkekin apaindua. Barbarinek ezaugarri pare bat dute. Batetik, heldutasunean goiko masaileko hortzak galtzen dituzte, dietari lotutako egokitzapen ebolutiboaren ondorioz. Eta, bestetik, modu independentean mugitu ditzaketen kokotz azpiko bi bizar sentsorial dituzte, espeziearen ezaugarri nabarmenena. Haitz barbarinaren bizarrak, lohitakoarenak ez bezala, bular-hegatsak baino luzeagoak dira. Horiei esker itsas hondoa zirikatzen dute, arrain nahiz krustazeo txikien detektagailu kimikoak balira bezala. Harrapakina atzematean, ahoa bat batean zabaldu eta barruranzko xurgatzearekin hondoa harrotuz, sedimentuarekin batera irentsiko dute. Lehenengoan ez bada, bigarrenean, sortzen den sedimentuzko lainoak harrapakina itsutuko baitu. Beraz, goiko barailetako hortzak galdu izana abantaila izango da, ostera gainerako legar eta hondar ale horiek guztiak zakatzetatik askatzeko. Gainera, ingeniari ekosistemiko honek indusketetan sortzen dituen sedimentuzko lainoek bestelako espezieak erakarriko dituzte, mokadu errazen bila.
Udaberri eta uda aldean eman ohi den errute bakoitzean barbarinak 70.000 arrautzatik gora ernalduko ditu eremu pelagikoan. Gutxi batzuk larba urdinska bilakatuko dira; are gutxiago iritsiko dira gorrizta izatera, itsas hondora hurbiltzean; eta bakan batzuk, espezie honek izan ditzakeen 40 cm-ko neurrira. Izan ere, arrantzaleek ongi dakite barbarinak nola harrapatu.
Kantauri isurialdeko gastronomian haitz barbarina preziatuagoa da, antza, haragiaren testura eta zaporeagatik –arrokatako espezieen zaporea bezalakorik ez dago–. Baina kasu arraindegian espezieen identifikazioarekin, kolore biziagoak ‘freskotasuna’ iradoki arren, barbarinek azken bitxikeria gordea baitute. Denek ala denek, kolorea aldatzeko gaitasuna dute, itsas hondoarekin mimetizatzeko. Guk lehorrean ikusi ohi dugun kolorea, ordea, arrainak harrapaketan jasandako estres-mailaren adierazlea da. Artisau-arrantzaleek arte txikiekin harrapatutakoan, nahiz aisialdian laket-ontzietan arrantzatzen direnean, begi bistakoa da haien distira, begietan zein azalean; eskala txikian produktuak gutxiago sufritzen duen seinale, beste behin ere. Eskuz ontziratuz gero, hobe. Eta jateko orduan, berdin.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545