Asteroko buletina
Sasoi guztietan behatzaile izaten saiatu. Baratzeak zuri erakusteko zerbait berria eta zoragarria du egunero

EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak” babesteko aukerak.
 

Axier Lopez
Axier Lopez @axierL

1979an Barakaldon jaioa. 2009ko irailean batu zen ARGIAko lantaldera.


2024ko azaroaren 29a
Lasarte-Oriako Buruntza mendiko gurutze frankista eraitsi zuen Ernaik 2021ean.

PPren eskutik iritsi da eztabaida Batzar Nagusietako Kultura Batzordera. Popularrek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gurutzeak Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko. Arrasateko Udalatx mendiko gurutzetzarra ezezagunek desagerrarazi eta bost astera eraman du gaia Batzar Nagusietara alderdi eskuindarrak.

Noticias de Gipuzkoak jaso duenez, PPren kalkuluen arabera, EAEn 140 mendik dute gurutze bana gailurrean. Popularren hasierako testua atzera bota zuten gainerako alderdiek eta testu berri bat atera da aurrera, jeltzaleen eta sozialisten babesarekin.

Gurutze katolikoak euskal kultura-ondarearen funtsezko parte dira
EAJk, PSEk eta PPk onartutako testuak bi puntu ditu. Lehenengoak honakoa dio: "Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote azter ditzala gure mendien tontorretako gurutzeen osotasun materiala eta esanahia babesteko aukerak eta har ditzala euskal kultura eta ohiturak babesteko beharrezko erabakiak".

Bigarrenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio "hiru lurralde historikoetako mendien tontorretako gurutzeen eta gainerako elementuen egoerari buruzko azterketa bat egin dezala kultura-ondarearen ikuspegiarekin, haien kontserbazio-egoeraren inbentarioa eta katalogoa egiteko, euskal kulturan hain esanguratsuak diren elementu horien osotasuna eta haien inguruko ohiturak babesten laguntzeko".

Bi puntuen aurka agertu da EH Bildu, eta Elkarrekin Podemosek bigarrena babestu du. Jeltzaleen Batzar Nagusietako bozeramaile eta Arrasateko zinegotzi Ander Garay Zabaletak adierazi du gurutze katolikoak "euskal kultura-ondarearen ezinbesteko zati" direla, eta horiek babestea “funtsezkoa" dela "herri gisa dugun nortasuna indartzen jarraitzeko".

Mendiak babestu, ez gurutzeak
Eguzki talde ekologistak gogor kritikatu du Kultura Batzordearen erabakia eta "harridura eta amorrua" adierazi ditu: "Gurutzeak babestu? Eta mendiak? Hamaika dira gure mendietako biodibertsitate, paisaia eta, oro har, ondarea mehatxatzen dituzten proiektu energetikoak, abiadura handikoak...".

Eguzkik dio sinbolo erlijiosoek espazio publikoan jokatu behar duten rola ezbaian dagoela, eta kontziente direla gurutzeen inguruko eztabaidan ingurumena ez dela kontuan hartu beharreko irizpide bakarra, baina argi dutela mendi-tontorrak ahalik eta gehien soildu behar direla, naturalak ez diren elementuak kenduta. Gehitu dutenez, mendietako gurutzeak “euskal kulturaren osagai esanguratsuak direla" argudiatzea "aitzakia" da.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora