Ez daude bi baratze berdin. Baratze batean ez daude bi egun berdin.

Ez duzu maiteko baina berak zainduko zaitu

Udaberri usainean gara eta hasi zaizkigu iristen gibela garbitzeko tratamendu miragarriak, belardendako erakuslehioan edo sare sozialetan azken egunotan detox hitza da gehien irakurtzen dudana. Denak dira miragarriak, eraginkorrak eta azkarrak, osasuntsu bizitzeko promesa egiten dutenak. Ez dago halakorik ordea, ez da posible, ezin liteke. Gibela ez dugu epe motzean zikindu eta garbitu ere nekez egin liteke epe motzean. Ez komeni gainera, lehendik lan gainkarga duenari presakako garbiketak nekea eragingo diolako.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2024ko martxoaren 18a
Negakina. Argazkia: Dani Blanco.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Atzerritik ekarritako sendabelarrak ere jartzen dira boladan detox hauetarako baina gibela garbitzen duen sendabelar andana daukagu gurean eta basatiak izaten dira askotan. Horietako bati begira jarriko gara, negakinari (Fumaria officinalis).

“Hori? Belar txar hori? Benetan ari al zara? Hori konejuak ere ez du-eta jaten!” esan zidan asaldatuta Aizpurutxoko gizonezko batek, baserritarra bera, lehortuta infusiotan hartzea komeni zitzaiola esan nionean. Hark ere atzerriko sendabelar bat, pilulatan ahal bada, hobetzat zeukan eta baratzean porru artean hazten zitzaion belar txarra erremedio bikaina zuela ikusaraztea asko kosta zitzaidan. Udaberria pasatakoan itzuli zen eta izenburua eman didan esaldia bota zidan: “Nik ez dut asko maite belar hori baina berak ni bai, zaindu nau”.

Berriki aritu naiz Europako Botiken Agentziaren (EMA) monografia bat irakurtzen, negakinari osorik eskainitako txostena. Datu jakingarriak irakur daitezke bertan. Askok uste dute erabilera herrikoi edo tradizionalaren iturrietatik bakarrik edaten dugula eta ez da hala, in vivo bezalaxe in vitro ikertzen dira hainbat sendabelar eta komeni da horiei buruz jakitea.

Monografian frogatutzat ematen da behazun xixku berria sorrarazten duela eta jario hau hobetuz xixku zaharra kanporatzen laguntzen duela, hortik gibelarentzat onura. Jaten hasi eta berehala sortzen den betetasun sentsazioa tratatzeko eraginkorra dela ikusi da eta bakterioen kontrako gaitasuna izateaz gain antioxidatzailea dela ere ikusi dute. Oro har digestio ezintasuna tratatzen du eta honek sortutako buruko mina ere bai. Ikerketa lerro gehiago ere badira baina momentuz ondorio garbirik gabeak.

Negakinaren txorten, hosto eta loreak lehortu eta udaberrian goizero baraurik gozagarririk gehitu gabeko infusio bat hartzea nahikoa genuke onura hauek izateko. Pertsonaren arabera bederatziurrena edo berrogeialdia egin liteke, hori bai, edozein epetan ari garela ere ondoeza sortzen badu, hartzeari utzi.

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili. Haur eta nerabeentzat ez da egokia. Behazunean harriak, lokaztutako behazun xixkua edo hodiak buxatuta baldin badaude ezin da erabili. Polipoak badaude edo gibeleko gaitz larria ezta ere. Gibelari lan eginarazten dion botika ia gehienekin ez da bateragarria, hartu aurretik medikuari galdetu badaezpada. Odolean globulu gorri gehiegi duenak gutxi eta epe motzean hartu behar du (hilean astebetean).

Turismo psikodelikoa? Arto bizarrak nahiago
Turismo psikodelikoak landareak eta animaliak mehatxatzen ditu Hego Amerikan eta Afrikan. Titular hori abiapuntu, tonu gordinean, akaso gogorrean, hitz egin dugu gai honi buruz; oso... (+)
Suteen eraginak gorputzean
Suteetako keak gorputzeak duen eragina aztertu dugu gaurkoan, eta sendabelarrekin nola zaindu dezakegun ere landu dugu. Gainera, aipatu ditugunak sendabelar ezagunak dira gure artean, eta saio... (+)
Herri ikerketa, herriarekin, herritik II
Aurreko artikuluari jarraipena eman asmoz hemen dator bigarrena. Eibarren UEUren 54. Udako Ikastaroetan, Biharamunen Lantegiak antolatutako mintegian egin nituen hausnarketak dira hemen partekatzen jarraitzera noanak. (+)
Herri ikerketa, herriarekin, herritik I
Joan den ekainaren 22an izan genuen Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri ikerketa, herriarekin, herritik ikastaroa Eibarren. UEUren 54. Udako Ikastaroen barnean, Biharamunen Lantegiak antolatua. Loretxu... (+)
Izpiliku ezkontza, "lavender wedding"
Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak. (+)
gora