Asteroko buletina
Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Euskal Herriko tigreak

Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Espeziea kontserbatzeko egindako esfortzuek fruitua eman dute.

Egoitz Alkorta Miranda
Egoitz Alkorta Miranda

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko uztailaren 22a
Argazkia: Martin Mecnarowski.
Ipar-katamotza (Lynx lynx)

TALDEA: Ornoduna/Ugaztuna.

NEURRIA: Gorputza 80-130 cm. Isatsa 21-24 cm.

NON BIZI DA? Basoetan gehien bat eta baso ireki eta sastrakadietan ere bai.

ZER JATEN DU? Ungulatu txikiak, erbiak, untxiak, urtxintxak, hegaztiak eta abar.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Garai batean Euskal Herri guztian bizi zen katamotza eta badakigu orain dela 200 urte inguru arte biziraun zuela hemen. Jendeak ez dakiena da, ordea, bildutako datuen arabera, hemen bizi zirenak ipar-katamotzak (Lynx lynx) zirela. Gaur egun Europa erdialdean eta iparraldean bizi den katamotza. 

Iberiar katamotza baino dezente handiagoa da bere iparraldeko ahaidea, emeak 20 kg ingurukoak dira eta arrak 25 kg-rainokoak izan daitezke... bada zerbait “katu” batentzat! Ilaje argia du, grisaxkatik horixkarako tonuekin. Orbanak ere baditu baina ez dira iberiarrarenak bezain nabarmenak. Pintzel tankerako ile-motots luzeak belarrietan, eta isatsa motza punta beltzarekin. Ehiztari paregabea da eta bera baino 3-4 aldiz handiagoak diren harrapakinak ehizatzeko gai da, orkatzak, sarrioak eta baita oreinen bat ere (emeak eta kumeak bereziki).  Aukera ikusiz gero, oilo, ahuntz edo ardiei ere helduko die ipar-katamotzak. 

Oso pieza estimatua zuten ehiztariek, sarraski handiak egiten zituelako artalde edo ahuntz-taldeetan, eta saritu egiten zuten hura harrapatzen zuena. Dokumentu asko dira Euskal Herrian katamotzaren ehiza aipatzen dutenak.  Euskaraz ez zeukaten arazorik animalia horri deitzeko, katamotza, baina gazteleraz bai, ez baitzekiten nola deitu euskaraz hain izen garbia zeukanari: tigre, tiguere, onza, leopardo, pantera... denetik esan zioten orduko kronika eta hiztegietan.

Patziku Perurenak aurkitu zuen Goizuetako udal-kontuetan horri buruzko aipamen ederrik. 1669koak dira hauek zehazki: “a Blasio de Çavaleta vecino de Leyça dos ducados y dos reales por haver muerto a tres animales llamados tigres que en nuestra lengua llaman catamoça”. Iztuetak kontatu zuen, 1776an Idiazabalgo artzainek Arantzazun harrapatu omen zutela “un tigre corpulento”, 39 kg pisatu zituena. Gorbeia inguruan ere baziren katamotzak: 1762 eta 1777 artean bost katamotz ehizatu izanaren aipamenak badaude.  Lizartzan, 1777ko urtarrilean bi “leopardo” hil omen zituzten Illarrazu mendian eta beste bat 1781ean, Antzarreta mendian.  Mutrikuarrek Arnon harrapatu zuten “tigrea” ere katamotza izango zen. 23 kg eskas pisatu arren, sekulako sarraskiak egin omen zituen piztia “isats motzak”. 1837ko zita batzuek aipatzen dute Villanañeko herritar batek “pantera” bat ehizatu zuela inguruko mendietan. Euskal Herriko azkena 1936an ehizatu omen zen Nafarroako Alaitz mendilerroan.

Ordutik ez da katamotzik izan Euskal Herriko mendi eta basoetan… ala, bai? Azken hamarkadetan arrastoak eta behaketa zuzenak aipatu izan dira Pirinioetan, baita Euskal Herriko aldean ere. Hala ere, ezin izan dira behaketa horiek ziurtzat eman eta katamotzaren misterioak hor jarraitzen du. Garbi dagoena da katamotzak eremu zabalak behar dituela lasai bizitzeko eta Euskal Herrian gero eta urriagoak dira horrelako parajeak. Ez diegu erraza jarri gure “tigre”-ei.

Bada, dena ez dago galduta. Baliteke Pirinioetan oraindik aleren batzuk geratzea, eta iberiar katamotza penintsulan barrena zabaltzen ari da, pixkanaka gorantz eginez. Etorkizunean, zein agertuko ote da lehenago Euskal Herriko lurretan? Iberiarra ala iparraldekoa? Egin apustu!

Euskal Herriko Perez sagutxoa
Saguzarrek Chiroptera taldea osatzen dute. “Cheir” eskua, “pteron” hegala, antzinako grezieran. Beraz, eskuetan hegalak. Hegan egin dezakeen ugaztun bakarra izanik, airea konkistatu eta sekulako arrakasta... (+)
Mundu mailako lapurra
Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti... (+)
Basoa berritzen duen langilea
Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki... (+)
Kalte baino onura gehiago
Euskal Herrian bi sator espezie ditugu, sator itsu iberiarra (Talpa occidentalis), hedapena Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik duena, eta Akitaniako satorra (Talpa aquitania), zabalduena eta... (+)
Hiltzaile ederra
Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora