Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako hauteskundeak gainean diren honetan, Iker Elosegik azaldu du Europako politika bateratua zein testuingurutan eta zertarako sortu zen; zer laborantza eredu sustatzen duen eta zein modutan; diru-laguntza gehienak lur jabe handiei banatzen zaizkiela laborariei banatu beharrean... hori guztia eta gehiago, guztiok ulertzeko moduko hitzetan esana.
Egonarria saioa entzuteko gonbidapena egiten dizu artikulua sinatzen duen honek. 32 minutuan Iker Elosegik argi azalduko dizu goreneko instituzioetatik behera bultzatzen den laborantza eredua zein den; egungo elikadura sistema diru-laguntzen zein menpekoa den; traktore festak lortu duena agroindustriaren mesedetan dela eta "amaieran horma duen tunel ilunean" azeleratzera bultza dituela laborariak; energia berriztagarriak laborantza lurretan ezartzeari buruz duen iritzia... Plazera da Elosegi entzutea, tonu gozo eta hitz xumetan.
Esanak esan irakurtzen tematu bazara, hona Elosegik dotore azaldutako hainbat ideia zakarki laburtuta:
Kalean erdarazko "PAC" esaten zaion hori zein testuingurutan sortu zen azaldu du Elosegik: "1960ko hamarkadan sortu zen, Europa mailan egoera berezi bati aurre egiteko asmoz: II. Gerla Mundialaren ondorioak kudeatzea, bereziki elikadura eta elikadura ekoizteko sistema guztia. Orduko oinarriak izan zirenEuropa berriz gai izan behar zela bere biztanleak elikatzeko, egoera katastrofikotik atera behar zela eta asko ekoiztu behar zela, modernizatu eta abar". Garai horretan eta modu horretan sortutakoa da egun indarrean dugun laborantza eta elikadura sistema osoa.
Helburu horiek lortzeko zer egin du Europako Laborantza Politika Bateratuak? Laborantza industrializatu. Elosegiren hitzetan: "Bereizitu egin ditu etxaldeak: garai batean etxalde batean baldin baziren haragitako behi zenbait, urde batzuk, oilasko batzuk, alor batzuk, baratze eta istorio, etxalde horiek bereizitu bilakatzen dira, eman dezagun, esne behiak dituzte bakarrik. Etxaldeak bereizitu egin dira eta baita ere intentsifikatu egin dute haien ekoizpena. Denbora berean, erori egin da etxaldeen kopurua, baserritarren kopurua, eta leku batzuetan ia desagertu ere egin dira. Horiek denak PACaren ondorioak dira".
“Elikadura merke izan behar da bezeroentzako. Ez da onartzen ahal karioegi izatea elikadura eta jendea gosez izatea”, hori da, Elosegiren hitzetan, Europako Laborantza Politika Bateratua sortu zenean politikariek zabaldu zuten mezua. Horretarako, "industrializazioak behar zuen eredu bat" ezarri dute martxan laborantzan: "Etxaldeak produktu homogeneizatuak ekoiztu behar dituzte, industriak ahal bezain merke eros ditzan horiek transforma ditzan, eta gero garraioak ahal bezain merke eros ditzan horiek eta guri saltzeko, bezeroek eros ditzagun". Gogora ekarri du munduko hainbat lekutan prezioen igoerek sortu izan dituzten iraultzak (2008an Egipton ogiaren prezio igoerak ekarri zuena jarri du adibidetzat) ez direla Europan ematen, "jendeak jatekoa 'aski merke' lortzen baitu". Baina horren ifrentzua da laborariei bizirauteko diru-laguntzak banatu behar zaizkiela.
Elosegik argi du: "Bihar bertan Europak erabakitzen badu 'ez da gehiago laborantza politika bateraturik', Europa guztiko laborantza sistema eroriko da, eta segituan!". Diru-laguntzarik batere gabe biziri diren laborari oso gutxi batzuk badirela esan du: baratzezainak batez ere. Baina diru laguntzak jaso zein ez, zera ohartarazi du: "Nik ez dut ezagutzen Euskal Herri guztian (izango da baten bat, baina ez dut ezagutzen) laborantzaz aberastu denik, aktibitate ekonomiko horrekin. Laborariak xuhurki bizi dira, gehienetan nekez, batzuk oso gaizki. Eta kontuan hartzen bada zenbat irabazten duten lan orduko, miseria bat da. Beraz, ofizio hori gehienetan jendeak egiten du maite duelako: badaki lana dela baina ez du jaberik, bera da bere buruaren nagusi eta badu harreman bat ingurumenarekin, hiritarrek igande eguzkitsu batzuetan ere ez dutena. Horrek asetzen ditu, baina ekonomikoki zail dago".
Nondik datoz diru-laguntzak? Elosegiren esanetan, "bezero guztiek, erosten dugun aldi oroz IVA dela, BEZa dela, TDA dela, nahi den bezala erraten da, baina zerga horiekin, azkenean, estatu bakoitzak Europar Batasunari ematen dio dirutza bat. Eta Europako dirutza horren zati handiena laborantza politika pagatzeko baliatzen da".
Europako diru-laguntzen banaketa "ez da batere justua", Elosegik salatu duenez: "Beti da berdin, zenbat eta etxalde handiagoak, lur eremu handiagoak, behi kopuru handiagoa, ardi kopuru handiagoa, nahi duzuen guztia handiagoa, orduan eta diru-laguntza gehiago". Horrek laborarien artean produktu bakarra ekoizteko eta ahalik kantitate handienean ekoizteko logika sustatzen du, eta laborarien arteko lehia. Elosegi: "Horri gehitzen zaio eremua handituta diru-laguntza gehiago direla, eta horrela gertatzen da gertatu dena. Ikusi Araban, etsenplu bat emateko, zenbat etxalde dauden orain, ze eremu mota diren, ze hektarea kantitate dituzten... Handiak dira. Joan beste eskualde batzuetarat eta hori bera ikusten da".
Elosegik salatu du diru-laguntza gehien eskuratzen dituztenak "laborantzatik oso urrun diren lur jabe handiak" direla. Entzuleak zirikatu ditu: "Espainiako erresuman, zuen artean, badauzkazue halako batzuk, Andaluzian edo Extremaduran, lehengo jauntxo horien oinordekoak. Hor dauzkazue milaka euro bilduz, deus egin gabe".
Europako erabakiguneetan ereduen arteko talka badagoela azaldu du Elosegik: "Parlamentuan debate hori izan da, ez da orain esango dudan bezain sinplea, baina diru-laguntzak mugatu beharraz eztabaidatu da: etxalde batek ez dezala hainbeste mila euro baino gehiago eskuratu ahal izan urtean. Neurri hori oso diputatu gutxiren aldeagatik ez zen onartu. Eta beraz, segitzen da mugarik gabeko diru-laguntzak eskuratzeko aukerarekin".
Laborantza eredua aldatzeko proposamen asko egin direla azaldu du. Neurri zehatz bat nabarmendu du: "Oso sinplea litzatekeena, diru-laguntza publikoa pertsonaka ematea eta kopuru mugatu batekin, eta ez etxaldeka. Etxaldeka egiten delarik, etxalde bakoitzak nahi du ahal bezainbat diru bildu. Aldiz, egiten bada pertsonaka eta tope bat emanez, beste txip bat sartzen da laborarien buruan: ez dut handitu beharrik, beraz, ez dut lanez ito beharrik diru-laguntza maximizatzeko. Nik badakit diru-laguntza dudala pertsona bakoitzeko, beraz, honekin moldatuko naiz eta ene lan baldintzak hobetuko ditut. Iparraldean ikusten dugu laborariak nola ari diren intentsifikatzen edo haien ardi kopuruak eta abar handitzen, eta beraz, lan karga handitzen. Eta pertsona batek lan ahalmen batzuk ditu, egunak 24 oren ditu, ez gehiago, beraz, mugak hor daude".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545