Asteroko buletina
Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino.

Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren eta osatuenaren ondorio nagusia: ongarriek eta pestizidek erantzukizuna dutela Europako hegazti-populazioen kolapsoan. Hiriguneen zabaltzeak eragindako lurraren artifizializazioak ere galeran garrantzia handia daukala erakutsi dute adituok.


2023ko maiatzaren 23a

Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) zientzia aldizkarian argitaratu den azterlanak “Farmland practices are driving bird population decline across Europe” (Nekazaritza moldeek eragin dute Europako hegazti populazioaren gainbehera) darama titulu. Hura osateko, berrogeita hamar ikertzailek 37 urteko datuak bildu dituzte Europako 28 herrialdetako 20.000 lekutan, 170 hegazti-espezieren bilakaera ikertuz. Alderatu dituzte giza jarduerarekin lotutako hainbat presio mota (klimaren aldaketa, urbanizazioa, baso-eremuak eta nekazaritza-praktikak), eta lehen aldiz kuantifikatu eta hierarkizatu dute horie eragina hegazti-populazioetan.

Emaitzak beldurgarriak dira: urtero 20 milioi hegazti desagertu dira batez beste Europan azken 37 urteotan. Bestela esanda, 1980an zeudenak baino 800 milioi hegazti gutxiago dauzkagu europarrok inguruan. Ikerlanaren emaitza beste hiru aditurekin sinatzen duen Vincent Devictor irakasleak Liberation egunkariari aitortu dio: “Hunkigarria da baita ikertzaile batentzat ere. Espero nuen espezie batzuen gainbehera moteldu egingo zela, baina ez, zoritxarrez, ez da horrela. Txolarre arruntaren populazioa, adibidez, % 64 jaitsi da; txori arrunt hori oso bakana bihurtzeko arriskua dago”.

Galerari dagokionez, Europako ekosistema batzuk beste batzuk baino kaltetuagoak daude: basoko hegaztien kopurua berrogei urtean % 18 jaitsi den bitartean, galera % 28ekoa da hiriko hegaztien kasuan, enarak eta sorbeltzak kasu, eta % 57raino iristen da landa-hegaztien kasuan. Azken horien artean daude gari-berdantza eta landa-txirta, % 77 murriztu direnak Europan. Ipar-kaskabeltzak % 79 gutxitu dira, eta txio txistulariak % 53...

Azterlanaren arabera, panorama ilun honetan gehien sufritzen dutenak  hotza maite duten espezieak dira, horiek %40ko galerak nozitzen ditute; eta hobetoxeago dabiltza beroa maite dutenak, hauek %18 “besterik” ez baitute galdu. Hauen artekoa dira hekatonbe orokorrari etekina atera eta eremu berrietan ugaritzen ari diren bakarrak, esaterako txinbo burubeltza eta erle-txoria.

Montpellierreko unibertsitateko irakaslea eta CNRS Ikerketa Zientifikoetarako Zentro Nazionaleko ikerlaria den Vincent Devictor: “Harrigarria da zer nolako garrantzia duten hegaztiek ekosistema batean. Jaten dute eta besteren jaki dira. Material asko garraiatzen dute, haziak. Espezie asko migratzaileak dira. Txoria lotura-sortzaile ederra da. Eta zer izango litzateke txoririk gabeko mundu bat? Zozoaren kantuak udaberrian edo ume batek basoan txantxangorriarekin topo egiteak, horiek gainditzen dute edozein kalkulu utilitarista. Baina zuzenean goaz Rachel Carson biologo estatubatuarrak duela hirurogei urte bere liburu ospetsuan deskribatu zuen “Udaberri Isil” hartara”.

Kontua da, paradoxikoki, hegaztiak hil ala bizikoa zaizkiola… hondamendira daraman nekazaritzari berari: “Ekoizteko moduz aldatzean datza nekazaritzaren biziraupena. Izan ere, biodibertsitatea suntsituz gero, pestizida batek ezin ditu landareak babestu, uzta eskuratzeko aukerarik ez dago horrela. Oso lotura estua dago biodibertsitate osasuntsuaren presentziaren eta lurzati horretako laboreen errentagarritasunaren artean. Ironia modu bat dago: biodibertsitatea hiltzean, nekazaritza industriala bere burua hiltzen ari da”.

Egia da Europan nekazari asko ari direla bestelako laborantza eredu batean ekoizten: pestiziden eta ongarri kimikoen erabilera murriztu edo erabat alde batera uzten dutenak, urteotan suntsitutako heskaiak (landarezko hesi biziak) birlandatzen ari direnak, lursail pobretu eta higatuak berriro gai organikoz aberasten ari direnak… Baina oraindik ere agro-industriak ezarritako ereduak, pestizida eta ongarri kimikoetan oinarritua, bere kalteak handitzen jarraitzen du.

Hala erakutsi du justu hegaztien galerari buruzko ikerlana argitaratu den garai beretsuan pestiziden erabileraz Heinrich Böll fundazioak sustaturik burutu den Pestiziden Atlasa delakoak (badira bertsioak frantsesez eta gaztelaniaz): “Atlas honek erakusten du ez goazela bide onitik. Pestiziden erabilera munduan %80 handitu da 1990etik, kalteak eraginez bai nekazarien eta bai kontsumitzaileen osasunari eta biodibertsitateari. Azken 20 urteotan bikoiztu egin da pestiziden merkatua munduan, 2020an 53.000 milioiko negozioa egiteraino iritsiz”.

Itsasoan energia eolikoa ekoizteko lehen aerosorgailua jarri dute Armintzan
2023-09-19 | ARGIA
Espainiako sare elektrikora konektatu den itsasoko lehenbiziko aerosorgailua da. Itsasertzetik bi milatako distantziara dago, eta aurreikuspenen arabera 2.000 etxe hornitzeko adinako energia sortuko du. (+)
Txingor ekaitzak kalte material esanguratsuak utzi ditu zenbait herritan
2023-09-12 | ARGIA
Alerta laranjaren iragarpena bete eta txingor ekaitza bota du Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait herritan, eta kalte material ugari eragin ditu; Igorren emakume bat artatu dute,... (+)
Hego Koreako emakume baserritarrek gobernuko presidentearen dimisioa eskatu dute
2023-09-12 | ARGIA
1.000tik gora emakume elkartu ziren abuztuaren hondarrean 2023ko Emakume Baserritarren Biltzar Nazionalean. Yoon Seok-yeol Koreako Gobernuko presidenteari kargua uzteko eskatu diote, nekazaritzarentzat eta nekazarientzat kaltegarriak... (+)
EAEko fiskaltzak ohartarazi du Jaurlaritzak "ez duela kolaboratzen" ingurumen delituen ikerketetan
2023-09-12 | ARGIA
Carmen Adán buru duen EAEko Fiskaltzak 2022ko memoria egin du eta Iker Rioja kazetariak Eldiario.es hedabidean kaleratutako informazioaren arabera, memoria horretan aipatzen da Eusko Jaurlaritzaren... (+)
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean
2023-09-08 | ARGIA
Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora