Begi aurrean duzun hau eskuz dago idatzita, irakurle. Ordenagailuz idazten ditut normalean hemengoak, baina gaur gorputzak halaxe agindu dit, behar duela hemen bere arrastoa utzi, bere nekearen eta ezinen berri eman. Eta nor naiz ni gorputzari kontra egiteko, berak ere sufritzen badu? Izan ere, gorputza eta gainontzekoak atezuan dauzkat, abenduaren 15etik. Lo ere, gutxiago; eta ohea fakirren ohantze bilakatu zaigu. Gauaren erdian esnatzen gara, eta gogoan alegazioak, mezuak, bilerak eta deiak ditugu biraka. Loaren besoetan erori baino lehenagoko itolarriak zama ezartzen du, hemen, bularraren atzealdean. Bizkarra protestan da.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Haserre dago, EHAAn, abenduaren 15ean, bost zentral eolikoen proiektuak argitaratu zirelako. Horietako bi Urola bailaran, bata bestearen ondoan: Buruzai eta Trekutz. Buruzai izenaren atzean Oleta, Izazpi eta Samiño mendiak daude. Trekutzen atzean, Irimo eta Meaka.
Ez gaitu harritu iragarkia Eguberrien atarian heltzeak –Energia Berriztagarrien plan sektoriala hauteskunde garaian etorri zen bezala–. Haserretu bai, eta genuen beldurra ikara bilakatu digu. Hilabeteko epea dugu CILDA ENERGY S.L.U. enpresak –Green Capital Power multinazionalak, alegia– aurkeztutako proiektuei helegiteak jartzeko, opor garai honek beharrezkoak diren eremu askotan eragina izan arren: abokatu-bulegoetan, udaletan, herritarrongan... Eta ez, ez da kasualitatea.
Hilabete honetan mila orrialde baino gehiago dituzten proiektuak irakurri eta aztertu behar ditugu, gerora eraginkorrak diren helegiteak aurkeztu ahal izateko. Herritarren gehiengoak ezer asko ez dakienez, informazio ahalik eta osatuena ere zabaldu egin behar.
Irimo eta Meaka mendien defentsan herritarrok Antzuola eta Urretxuko udalekin batera ari gara. Herrigintzaren adibide garbia; multinazional baten bortxatik abiatuta, herritarrekiko konpromisoz eta arduraz jokatzea, maite ditugun eta egiten gaituzten mendiak txikiziotik salbatzeko. Txikizio bere zentzu literalean; ezin baitira, bestela, tontorrean ezarri 200 metroko aerosorgailuak.
Kontuak bestelakoak dira Oleta, Izazpi eta Samiñoren kasuan. Gaur gaurkoz, herritarron babesa baino ez baitute mendiok. Ez da gutxi, baina agian ez nahikorik. Azkoitia, Azpeitia eta Zumarragako udalek –EAJ, EHBildu eta PSE, hurrenez hurren– ez omen dute inongo asmorik agertu mendi horiek Green Capital Power multinazionalaren atzaparretatik libratzeko. Herriarekiko ardura haizeak eraman omen du.
Alderdiei berdin die bertan dagoen ondare arkeologikoak. Berdin, babestutako espezien bizilekua izateak –batzuk desagertzeko arriskuan–. Berdin, mendi horiek euren herritarren ongizatean duten eraginak, eta herriei egiten dieten ekarpenak, denon arnasguneak diren heinean, besteak beste.
Bitartean, herritarrok erabaki dugu gure gain hartzea, denona dena defenditzeko ardura. Abokatu-bulego baten kontratazioak 7.500€ balio ditu. Gure poltsikoetarako zulo handi samarra izan arren, ez da asko mendi horien balioa zein den ikusita.
Onura publikoa bolo-bolo erabiltzen dute alderdietako ordezkariek landa-eremua eta natur-guneak multinazionalei opari emateko. Ez ote da izango, ordea, onuragoa eta publikoagoa herritarroi mendi horiek dauden bezala ematen digutena?
Eskuok bideratu dute gorputzaren ezina paperera. Paperean irakurriko du gorputzak mendiarekiko maitasunak duen indarra. Eta iltzeak artilezko lastaira bilakatuko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545