Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak apirilaren 29rako, 11etan abiatuta, "Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean, aipatu plantaren "errealitate kutsatzailea" agerian uzteko. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte astearte goiz honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian egin duten agerraldian.
Segidan duzue, agerraldi horretan plazaratu duten adierazpena:
Erraustegira martxa, apirilaren 29an
Errausketaren Aurkako Mugimendutik-Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta-dei egiten diegu herritarrei apirilaren 29an Lasartetik abiatu eta Zubietan eraikitako erraustegiraino oinezko martxa batean parte hartzera, agintariei exijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon.
Aurtengoa izango da Lasartetik martxa egiten den hirugarren urtea. Iazkoaren leloa honakoa izan zen: "Erraustegiaz... zer ez digute esaten?". Bada, geroztik erraustegiaren arduradun eta propagandistek errealitatea ukatzen jarraitu duten arren, azken hilabeteotan argitara ateratzen joan dira ezkutatutako egia deseroso batzuk. Horregatik, aurtengo martxaren leloa "Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen" izango da. Izan ere, horixe ari da gero eta ageriagoan gelditzen, erraustegia oso modu nabarmenean kutsatzen ari dela.
Horra hor erraustegiaren azpian pasatzen den Arkaitzerreka. GHK-k, plantaren jabeak, kutsadura behin eta berriz ukatu duen arren, azkenean Ekondakin enpresari, erraustegiaren kudeatzaileari, espedientea ireki dio... Arkaitzerreka kutsatzeagatik.
Halaber, Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak egindako azterketen arabera, erraustegiak aire, lurzoru, ur eta landareak dioxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen ditu. GHK-k ukatu du, ohi duen bezala, baina kontsortzioak berak urtero Jaurlaritzari aurkeztu beharreko Ingurumen Zaintzako Programaren barruan IDOM eta SGS konpainiek egindako azterketetan kutsadura aurkitu dute.
Eta Unibertsitateko irakaslez osatutako Ekopol elkarteak txosten tekniko batean azaldu duenez, erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen gehienezko kutsadura-muga 2020an.
Hori guztia gutxi balitz, Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak Legebiltzarrean aitortu du erraustegiak ez dituela betetzen Jaurlaritzak ezarritako baldintza guztiak.
Horixe da apirilaren 29ko martxarekin salatu nahi dugun panorama itsusia.
GHK-k eta Aldundiak, ukazioaz eta propagandaz, beti diru publikoa lagun, erraustegiaren errealitate kutsatzailea ezkutatzeko pareta bat eraiki dute. Baina pareta horretan arrakalak gero eta ugariago dira. Lagundu iezaguzu nabarmenak egiten. Parte hartu apirilaren 29ko martxan.
Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik eta Erraustegiaren Aurkako Mugimendua
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545