Baratzea da nire irakasle gogokoena.

Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa euskarara ekarri eta euskara klasikoen mailara jasotzen. Era berean ekarri zizkigun Lukrezioren Izadiaz (De rerum natura), Ovidiusen Maita-bidea (Ars amandi) eta Katuloren poemak, besteak beste. Zientzia-gaiak ere itzuli omen zituen, zehaztasun nabarmenez agi danean; horietako batzuk argitaratu gabe daude oraindik, Lazkaoko beneditarren komentuan. Hara hurbildu beharko dugu…

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko ekainaren 12a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Virgilio medikuntza eta naturaren gaineko zientziak ikasi zituen poeta zen. Alor-kantak-en nekazaritzari buruzko informazio ugari biltzen du. Begira hark esaten zuena nola itzuli zuen filosofia, teologia eta zuzenbide kanonikoa ikasi zituen Andimak: “Izarrak ikertu behar dira haiek erakusten baidituzte erein-aroak”. Postura eder bat jokatuko nuke Andimak horren berri bazuela, bere Elantxobeko jaiotetxean eta ikasten eta irakasten hara eta hona ibili zen komentu ugaritako baratzeetan entzunda. Izarrek erakusten dizkigute erein-aroak, eta batek esan dezake baita gainontzeko lanenak ere. Hori da, gutxi gorabehera, gaur egun nekazaritza biodinamikoa esaten zaiona. Baina kontuz hori aipatu, apika unibertsitateko doktoreren bat aztoratuko zaizu-eta.

Erein-aroak bi ditu gure egutegiak, azaroa eta ekaina. Bietan gure elikaduraren oinarrizko jakiak izan ditugun landareak ereiten dira: azaroan ekialdetik, Virgilioren lurraldetik barrena, ekarri genituen laboreak, tartean ogia edo garia (Triticum aestivum), eta ekainean mendebaldetik, Andima erbesteratuta hil zen ingurutik, ekarritako artoa (Zea mays), babarruna (Phaseolus vulgaris) eta kuia (Cucurbita pepo).

Azken hirukote hori ereiteko sasoia orain da, erein-aro, erinzaro, ereitaldi, erein-garai, ereingiro eta ereiaro. Ereiaro esaten zaio ekainari, baita ere ereilero, bagila, arramaiatza, udaila, errearoa, jorraila, maiatza berria, orril-berria, erremaiatza, garagarrila eta garagartzaroa; azaroko erein-aroan ereindako garagarra (Hordeum distichon) heltzen den aroa delako. Gero etorriko da garila, uztaila, garia heltzen den aroa. Eta uztaila, uzta nagusiaren hilaren izena darama, ogia orduan biltzen delako.

Garagar, gari eta abarreko laboreak larrainean jo edo eultzitzen dira; udako lana, negua goserik gabe igarotzeko. Honela dio Virgiliok: “Gauza asko hobeto egiten da gau hotzean edo goizeko izarrak soroak eguzki berriarekin zipriztintzen dituenean. Gauez uztondo ahulak eta pentze lehorrak hobeto mozten dira; gauez ez da inoiz izar-ihintzarik falta. (…) Udaren indarrean gari gorrizta biltzen da, eta orduan ere larrainak uzta beltzarana eultzitzen du. Biluzik goldatzen du, eta biluzik ereiten du. Neguak nekazaria nagiarazten du. Hotzaren zorroztasunean izaten da baserritarrek bildutakoaz gozatzen dutenean eta jai alaietara elkar gonbidatzen dutenean; negu distiratsuak ematen du hori, zainketak urruntzen dituena”.

Erein haziak eta gozatu urteko egun luzeenetan.

Arrosa basatiaren izen saltsa
2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren... (+)
Gaizki hezitako tomatea
2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia... (+)
Gaitz terdi eta lotsa oneko nekazariak
2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta... (+)
Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
gora