Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.
Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01). Hemen iragarkiaren esteka.
Hor esaten denez, jendaurrean jartzen da Azpeitiko udalerriko lursail batean Piaspe zentral eolikoaren eraikuntzarekin harreman ezinbestekoa duen azpiegitura baten interes publikoko adierazpenaren eskabidea, Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari egindakoa eta Statkraft multinazionalak sustatutakoa.
Zer esan nahi du horrek? Bada, multinazional horrek obra baimen eskaera egin zuela Azpeitiko lurzoru ez urbanizagarrian, etorkizunean eraikiko litzatekeen zentral eoliko baterako haizea neurtzeko 97 metroko altuerako dorrea jartzeko, eta Azpeitiko udalak foru aldundira bidali zuela eraikuntza mota horrek behar duen interes publikoko adierazpena eman zezan. Ondoren ebatziko luke Azpeitiko Udalak Statkraften obra baimen eskaera.
"(haizea neurtzeko dorrea jarri nahi duten) lursail horren jabea Kutxabank bankua da, Sañu inguru horretako auzoetakoa ez den lurjabe bakarra. Gainontzeko lurjabe guztiek ezetz esan diete Statkrafti"
Kontua xehatzen hasita, adierazgarria da Azpeitiko udalerriko lursail horren jabea Kutxabank bankua izatea, Sañu inguru horretako auzoetakoa ez den lurjabe bakarra dena. Gainontzeko guztiek, Odria, Txillarramendi eta Lasao auzoko lurjabe bizilagunek ezetz esan diete Statkrafti, nahiz eta hauek gogotik saiatu diren “bertakoen” lursailak eskuratzen. Ez dago gaizki Kutxabanki hori gogoraraztea, alegia, bere inguruko guztiek ezetz esan dutela, auzotarrek ez dutela diru truk edo auskalo zeren truke beren lursailik salduko mendia txikitu eta auzoak erabat desitxuratuko lituzkeen zentral eoliko bat eraikitzeko.
Bestalde, kontu honen kronologiak ere baditu gure arreta eskatzen duten hainbat elementu. Statkraftek 2025eko urtarrilaren 28an (!!) egin zuen obra baimen eskaera hori Azpeitiko udalean. Udalak otsailaren 5erako egina zuen Gipuzkoako Foru Aldundira orain (ekainaren 18an) jendaurrean jarri den tramiteari hasiera eman ahal izateko egin beharra zuen txostena: instalazio horren Azpeitiko hirigintza plan orokorrarekiko bateragarritasuna aztertzen duena. Bada, udalak hiru hilabete eta erdi geroagora arte ez zuen eskaera hori Foru Aldundira igorri. Zergatik? Gaiztoenek pentsa lezakete erabaki zela goizegi izan zitekeela herrian eta eskualdean sor zitekeen iskanbilari eusteko, eta hobe izan zitekeela ebazpen handiaren zain egotea, hau da, Eusko Jaurlaritzatik Piaspe zentral eolikoaren ingurumen inpaktuaren adierazpena ustez etortzekoa den garaitsuan hastea tramitea, alegia, orain. Pixka bat itxaron eta dena batera etor dadila, edo, timing kontuak, azkenaldian esaten den moduan.
"Mingarria egin zaigu Azpeitiko udalak auzotarroi informazio hori ezkutatu izana"
Kronologiaz eta denbora kontuez gehiago esaten jarrita, urtarrilaren 28tik, aizue! Eta guk, auzotar gizajook, ezer jakin ez. Boletinetik enteratu behar bost hilabete beranduago. Bitartean, azken ia hiru urtetan bezala,Txillarramendi Auzo Elkartetik lanean aritu gara Statkrafti inolaz ere ez zekion lursailik saldu edo errentan eman auzoan, horixe saihestu nahi baitzen aurrena beste ezeren gainetik. Aitortu beharra daukagu, zeharo harritu ez bagaitu ere, mingarria egin zaigula Azpeitiko udalak auzotarroi informazio hori ezkutatu izana. Hala ere, ez dirudi horrek handiena: oker egoteko beldurrik gabe esan dezakegu, alderdikide eta Piaspe delako proiektu horretan “bidelagun” duen Zestoako udalak ere ez zeukala Azpeitiko neurgailu horren eta obra baimen eskaera horren gaineko inolako berririk. Errezilen ba ote zekiten ez dakigu. Hahor, kolore bateko hiru udalen arteko “elkarlana” agerian. Esanguratsua, zinez. Ezin uka, ordea, hasiera hasieratik horrelakoxeak izan direla kontuak: penagarriak.
Kontuak kontu, Txillarramendi Auzo Elkartetik berretsi nahi dugu orain arte bezala jarraituko dugula gure eskerrik benetakoena merezi duten herritarren eta, nola ez, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik herri ekimenen laguntzaz, gure auzoak eta lurraldea defendatzen.
*Txillarramendi Auzo Elkarteak Azpeitiko Odria, Lasao eta Errezilgo Txillarramendi-Erdoizta baserri-auzoetako bizilagunak biltzen ditu (gure laguntzat ditugu halaber, Zestoako Akoa bailarako baserrietako eta Aizarna aldeko bizilagunak).
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545