Koniflora ere irain fina da.

“Arau askorekin jaten ikasten badugu, agian ez ditugu gorputzaren beharrak nabarituko”

Mireia Centeno Gutierrez psikopedagogoak haurren elikaduraren inguruko zenbait gako eman ditu; hala nola jatera behartzeak eta jakiak debekatzeak dituen ondorioak aipatu ditu.


2025eko maiatzaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arrazoi asko egon daitezke haur batek gauza bat edo beste jan nahi ez izateko; hala nola usaina, zaporea, testura edota kolorea. Hala ere, horrek ez du esan nahi aurrerago gustatuko ez zaionik. Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoaren arabera, garrantzitsua da haurren erritmoak errespetatzea eta janariarekin esperimentatzen laguntzea.

Noiz haste dira haurrak jaten dutenaz kontziente izaten?

Esango nuke hiru urteetatik aurrera gaitasuna daukatela ulertzeko jatorduak daudela eta elikagai batzuk nutrizionalki interesgarriagoak direla. Hala ere, etxeko egituraren arabera aldatu egiten da. Adibidez, etxe batzuetan ez dituzte jatorduak egituratuta; orduan, haur horrek igual beranduago ikasiko du afariak eta gosariak daudela. Beste kasuetan aldiz, oso zurrunak edo zorrotzak bagara jan behar eta jan behar ez denarekin eta asko errepikatzen badugu mezu hori, igual bi urterekin jakin dezakete gauza batzuk ezin dituztela jan. Malguagoak bagara, beranduago egingo dute lotura eskolan, kanpoan eta beste lekuetan jasotzen dituzten mezuengatik.

Elikagaiak sailkatzeko joera dago. Nutrizionalki interesgarriagoak direnek, brokoliak kasu, kontrako noranzkoa hartu dezakete?

Mutur batetik bestera goaz pixka bat. Lehen igual gehiegi kontsumitzen genituen prozesatutako elikagaiak. Orain, bat-batean, elikagai horien inguruko informazio pila bat daukagu. Ongi dago jakitea elikagai batzuk nutrizionalki interesgarriagoak direla, baina adi egon behar gara. Nahi gabe beharbada beldurrarekin jaten ari gara, eta dena azukrerik gabekoa eta prozesatu gabekoa izatea nahi dugu. Denok egon nahi dugu fisikoki ongi, baina osasuna ez da bakarrik fisikoa. Adibidez, brokolia oso osasuntsua izan daiteke, baina haurrari nazka ematen badio eta jateko marrazki bizidunak jarri behar badizkiogu, beste era batera ez osasuntsu bihurtzen ari da.

Ez zaio soilik ikuspegi nutrizionalari begiratu behar?

Amamak haurrari goxoki bat ematen dioenean ez da bakarrik azukrea, maitasuna ere bada. Edo askari handietan goxokiak jaten ditugunean, ez da bakarrik azukrea, pozik egotea da. Pizza bat agian ez da nutrizionalki egokiena, baina etxean film bat ikusten jaten badugu, beste esanahi bat hartzen du.

Zer-nolako eragina izan dezake nahi ez dutena jatera behartzeak?

Eragin handiena pertzepzio edo esperimentazio gaitasunean egonen da. Haurrak jaiotzen direnetik hautematen ari dira janariaren nondik norakoak. Hau da, testura, zaporeak eta beste. Txiki-txikitatik ikusten dute zer duten gustuko eta zer ez. Haurrek txikitatik esperimentatzeko aukera badute, jaten dutenaren inguruko informazioa hautemango dute. Aldiz, behartzen baditugu, ez gaude errespetatzen euren gorputzak, denbora, nahiak eta ikasketa prozesua. Agian bederatzi hilabeterekin ez du brokolia nahi, baina ez badugu behartzen, agian aurrerago saiatuko gara eta gustuko du. Egia da ez dela erraza, guraso bezala jan behar dutenaren inguruko presio handia daukagulako.

Nutrizionalki hain interesgarriak ez diren elikagai gutxiago baditugu etxean, gutxiagotan esan beharko diogu ezetz haurrari

Eta debekatuz gero?

Esaten badiegu zerbait ezin dutela jan, pentsatuko dute zerbait txarra dela. Hau ez da batere erraza. Azkenean, estimulu pila bat dauden gizarte batean bizi gara, eta oso eskura ditugu elikagai pila bat. Horrek eramaten gaitu behar ez ditugun gauzak eskatzera. Orduan, askotan tokatzen zaigu debekatzea. Hala ere, ezetz esan baino, gaur ez dela tokatzen azaltzea izango litatzeke. Beste modu bat da etxera sartzen ditugun elikagaiak kontrolatzea. Nutrizionalki hain interesgarriak ez diren elikagai gutxiago baditugu, gutxiagotan esan beharko dugu ezetz. Etxetik kanpo onartu beharko dugu seguruenik guk nahi baino gehiago jango dituztela.

Nola egin daiteke haurrek ulertzeko ez dela tokatzen?

Demagun haurrak txokolatea eskatzen duela, aukera bat da azaltzea igual gaur gorputzak txokolatea baino fruta behar duela, atzo azukre dezente jan zuelako. Haurrak ulertzea gorputzak beste nutriente batzuk behar dituela. Saiatu gaitezke ere noizean behin azaltzen segun zein den momentua gorputzak behar batzuk edo beste dituela. Haurrek gorputza entzuten ikasten badute, kontzienteki jaten ikasiko dute. Arau askorekin jaten ikasten badugu, agian ez ditugu gorputzaren beharrak nabarituko.

Eskolako jantokian dena jan behar da patiora ateratzeko. Iruditzen zaizu aldatzen ari dira horrelako mezuak?

Uste dut oraindik begirale gehienek zigor-sari sistema erabiltzen dutela. Hala ere, aldatzen ari da dinamika eta formakuntzak ematen dira. Sistema honek inpaktu negatibo bat izanen du haurrak jangelarekin eta eskolarekin duen harremanean. Egia da ere, etxean agian gurasoek beste era batera jokatuko dutela eta orekatu egingo dela. Oso zaila da, begirale askok presio handia izaten dutelako lan aldetik eta gurasoen partetik. Haur batek egun horretan ez badu jan nahi, ez da deus gertatuko. Gose handiagoarekin aterako da, eta merienda gehiago eskatuko du. Meriendari garrantzi handiagoa emango diogu. Nik beti esaten diet jangelakoei euren lana ez dela haurrek jatea, euren lana dela zaintzea eta beraiekin egotea. Probatu daiteke gutxiago jartzen, animatzen, baina ez badu nahi ez da deus gertatzen.

Txikitan jasotako mezuek nola eragin dezake helduaroan jendeak janariarekin duen harremanean?

Faktore pila bat daude. Txikitatik jatera gehiegi behartu izanak eragin dezake ez hautematea noiz zauden ase eta noiz ez. Azkenean, beti esan badizute platera amaitu behar duzula, gose ez izan arren, jango duzu. Gehiegi debekatu izanak eragin dezake heldutan antsietatea areagotu eta azken aldia izango balitz bezala jatea. Haurrengan ere ikusten da hori. Etxean ezin dutenean jan, askari handietan edo ezkutuan jaten dute. Gero beste faktore batzuk daude; adibidez, estetikoak.

Menopausian elikadura lagun izateko tresnak
2025-05-09 | Olaia L. Garaialde
Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu. (+)
"Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa"
2024-09-01 | Olaia L. Garaialde
Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko... (+)
Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak
2024-07-22 | Olaia L. Garaialde
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik. (+)
Finerge multinazionalak energia eolikoa sortzeko lau instalazio erosi ditu Nafarroan
2024-04-03 | Olaia L. Garaialde
Portugalgo enpresaren arabera, lau instalazioek 71 MW sortzeko gaitasuna izanen dute, 32.000 pertsonentzako "energia garbia".   (+)
Agroekologiaren alde egiteko dei egin du Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboak
2024-02-14 | Olaia L. Garaialde
Nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio agroekologikoaren aldeko elkarretaratzea eginen dute, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. (+)
gora