Lurra neguan pausatzen da, udaberrian atzartzeko

Detox

Hasi da urte berria eta detox hitza ageri zait alde guztietatik. Sare sozialetan, eskatu gabeko iragarkietan eta baita whatsappeko mezuetan ere. Gabonetan egindako gehiegikeriak orekatzeko eta gorputza pixka bat garbitzeko laguntza eta aholkua eskatuz idatzi dit hainbatek, fantasia hori posible balitz bezala. 

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2026ko urtarrilaren 19a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken artikuluan aipatu nuen ez naizela sendabelar eta tratamendu diuretikoak epe luzean hartzearen aldekoa. Gorputza desmineralizatu, nekatu eta desorekatzeko arriskua handia delako gomendatzen ditugula epe motzeko tratamenduak eta bederatziurrenak Horma-belarra (Parietaria judaica) bezalako sendabelarrak bederatziurrenetan hartzen direla, udaberrian zein udazkenean, ez hortik kanpo, are gutxiago gehiegikeria bat konpentsatzeko.

Urtarrila berriro hasteko urteko momenturik txarrena da gorputzarentzat. Urte berri hau ez da naturala, administratiboa baizik, egutegi gregoriarra sortu zuen aginteak ezarri ziguna. Akordarazi nahi nuke, orduan bezala orain ere inperio bati zergak, gerrak eta kontrola interesatzen zaizkiola eta denboraren kudeaketa horretarako tresna bat dela. Egutegi honek naturarentzat berez ezinezkoa den zerbait dakar berarekin: etengabeko produkzioa, neguko oporretan atsedena hartzen denean ere berriro produkzioari indartsu ekiteko izan dadila. Honi kontsumokeria basatia gehituz, bistan da.

Urtarrilean loratzen diren loreak bakanak dira oso. Naturan ezer ez da berriro hasten, urtarrila lozorroan, atseden hartuz, geldirik egoteko garaia delako. Loratzen ikusten ditugun lore apurrak, sanjose lorea (Primula vulgaris) kasu, desgaraian ikusten ditugu loretan, zoratu egin zaizkigulako. Berezko sena galdua dutela dirudi eta gu ere bide horretatik joaten hasiak garela iruditzen zait, osasunari dagokionez erabaki inteligenteak hartzeko gaitasuna galdu egin dugula baitirudi.  

Urtea has dadila udaberrian, bizia birsortzen hasten denean. Lurra berotu eta haziak gorantz datozenean, adarretako kimuetan mugimendua hasten denean, txorien kantua goizean aditzean. Horrek guztiak badu zentzu biologiko bat, baita gure gorputzean ere. Odola aztoratuko zaigulako eta orduan hasi beharko dugulako zer nolako gibel garbiketa egitea komeni zaigun pentsatzen, ez orain.

Gure gorputzari orain detox prozesu bat egin behar zaiola sinetsarazi digunak zerbait saltzen du, produktu edo ikastaroren bat. Dietaren eta fitnessaren industriak saldu digu hau reset egiteko garaia dela, errua estrategia komertzial gisara erabiltzen duten enpresak. Dena berdez eta naturaz mozorrotuta, saltzea beste helbururik ez duen bide zoro eta arriskutsu bat da.

Orain itxaropen falta, pereza eta diziplina eza sentitzen badituzu ez da zure errua, zure gorputza neguan dago, lozorroan, eta ondo dago. Orain hartu hezur salda eta txokolate beroak, jan sagar erreak eta gaztainak, babarrunak aza eta sakramentuekin, txitxarroa eta berdela. Udaberria iristen denean izango dugu zer egina, baina orain eman bakea bakean dagoenari. Garaian garaikoa mesedez, gorputz garbiketa kontuetan are gehiago.

Herri ikerketa, herriarekin, herritik I
Joan den ekainaren 22an izan genuen Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri ikerketa, herriarekin, herritik ikastaroa Eibarren. UEUren 54. Udako Ikastaroen barnean, Biharamunen Lantegiak antolatua. Loretxu... (+)
Izpiliku ezkontza, "lavender wedding"
Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak. (+)
‘Psyllium’ baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu gaur, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela.... (+)
Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
gora