Asteroko buletina
Urtarrila bero, zinkurinak gero.

“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan hobekuntzak lortzeko, baina burokratizazio prozesu ikaragarriarekin egiten dugu talka”.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2024ko ekainaren 19a
Bilboko Udalaren osoko bilkuran izan ziren hiriko guraso elkarteak, maiatzaren 30ean.

28 ikastetxetako guraso elkarteek hartu dute parte ekimenean. Kontuan hartuta Haur eta Lehen Hezkuntzako 33 ikastetxe publiko daudela Bilbon, handia izan da parte-hartzea, eta elkarlanarekin pozik daudela adierazi du Olatz Eskirozek. Mujika eskolako guraso elkarteko kidea da bera, elkarrizketa egin diogu ARGIAn.

Zein da, orokorrean, eskoletako patioen eta eskola-inguruen panorama Bilbon?

Bilbo hiri zaharra da, biztanle kopuru erraldoia du eta urtez urte hazten ari da gainera. Horrek esan nahi du eskola askok urte mordoa dutela bizkarrean, eraikin zaharretan daudela eta eragina duela planteatzen dugun gaian: porlanezko eta metro koadro gutxiko patioak dituzte eskolek, hori da egoera orokorra. Haurrek behar duten aisialdirako, jolasteko eta heziketa fisikoa garatzeko metro nahikorik ez dago hainbat eta hainbat ikastetxetan. Gure eskolan adibidez, Mujika eskolan, ez dugu patiorik aire librean, patio txiki bat dago azken pisuan. Atxurin eta beste batzuetan, ez dute patio estalirik, euria egiten duen bakoitzean haurrek barruan egon behar dute, sekulako zarata mailarekin, estresagarria da. Eta zabalduta dagoen beste ezaugarri bat berdegune falta da, porlana da nagusi, oso modu klasikoan gainera.

Eskola-inguruei dagokionez, Bilbok auto dentsitate handia du, kotxe tona ikaragarria jasotzen du hiriak egunero, eta eskola asko errepidez inguratuta daude, erdigunean nahiz auzoetan, eta sarri eskola-inguruak kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira. Beste hiri batzuetan neurriak hartzen ari dira autoei tokia murriztu eta oinezkoei emateko, batez ere eskola inguruetan, errepideko errei bat kenduta adibidez, hiri jasangarriagoak eta berdeagoak helburu. Hemen ez dira halako neurriak modu integralean hartu. Egia da Cervantes, Indautxu eta Kontxako ikastetxeek lortu dutela ingurua oinezkoentzako bihurtzea partzialki, urtetako aldarrikapenen ondorioz, baina ikastetxe bakoitza bere aldetik ari da borroka amaigabe batean murgilduta, ezetzak kudeatzen. Tiboli eskola adibide garbia da: inguruan espaloi oso estua dute eta eskolako irteera orduan familia guztiak pilatu egiten dira oso espazio txikian, egoera oso arriskutsuak ematen dira, eta urtetako borroken ondoren, oraindik ere ez dute lortu espaloia zabaldu eta horretarako errepideari errei bat kentzea. Atxurin, patio nagusiaren aurrean hiru errei eta tranbia jasan behar dituzte haurrek patioan dauden orduetan, horrek duen kutsadura eta zarata maila izugarriarekin.

Gure kezka nagusia da ikustea urteak joan urteak etorri ez dagoela lehentasunezko esku-hartzerik Bilboko eskola publikoetan, ez dago esku-hartze integral bat, Bilboko eskola publikoen hobekuntza eta eguneratze mailakatua lortzeko.

"Tiboli eskola inguruan espaloi oso estua dute, familia guztiak pilatu egiten dira oso espazio txikian, egoera oso arriskutsuak ematen dira, eta oraindik ere ez dute lortu errepideari errei bat kentzea"

Nolako lekuak nahi dituzue?

Gure haurren ongizatea eta garapen kognitibo eta emozionala garatuko dituzten lekuak nahi ditugu. Gaitasun sozialak, osasun fisiko eta mentala bermatuko dituen eskola nahi dugu gure hirian, eta horretarako, gure aldarrikapenei erreparatzea eta horren inguruko neurri zehatzak hartzea beharrezkoa da. Frogatuta dago kutsadurak, zaratak eta espazio faltak eragin negatibo zuzena duela haurren garapenean.

Bilboko Udalera joan zarete berriki, mozio bat besapean.

Eskaera ez da berria. Bilboko Udalari eskatu diogu egoeraren analisia egiteko eta horren araberako esku-hartze mailakatua burutzeko, lehentasunetatik hasita, egingarria delako, beste herri eta hiri ugaritan ikusi dugunez. Patioetan, aztertu ditzatela ratioak, erabilerak, berdeguneak, kalitatea, genero ikuspegia… Eskola-inguruetan, ikertu dezatela segurtasuna eta osasuna bermatzen al den, nolako trafikoa dugun eskola-inguru bakoitzean eta horrek zein eragin duen haurrengan… Bilboko Udalak esan beharko du lehentasuna non jartzen duen, ibilgailuetan ala eskola horren inguruan ibiltzen diren haurren garapenean.

Bilboko Udalak zer erantzun dizue eta zer espero duzue harengandik?

Udal gobernuak ez zuen aintzat hartu eskaera, guk eraman bezala. EAJ-PSOEk emendakina aurkeztu zioten gure mozioari eta horren araberako testu labur bat onartu zuten. Testuaren arabera, prest daude norabide horretan urratsak emateko. Egia da modu oso isolatuan egin egiten direla gauzak, baina egia da baita ere ezetzak uneoro jasotzen ditugula eta ez zaiola gaiari ikuspegi integralik ematen. Panorama da gurasoak ari garela eskoletan hobekuntzak lortzeko batzorde tekniko eta abarretan jo eta su, baina ez zaigula erantzun egokirik ematen, beste sail batzuetara bideratzen gaituztela, eta azken buruan burokratizazio prozesu ikaragarriarekin egiten dugula talka. Cervantes eta Indautxun 2019an hasi zuten prozesua eta oraindik bukatu gabe dago, Atxuriko eskolak ere 2019an ekin zion eskola-inguruan irtenbide bat aurkitzeko prozesuari eta oraindik ez du soluziorik. Tiboli, Uribarri, Mujika… Hainbat dira jarri daitezkeen adibideak.

Hezkuntza Sailetik esan digute badutela asmoa gaiari heltzeko eta inguruneei buruzko analisia eta esku-hartzea egiteko, baina nahiko eszeptiko gara integraltasunari dagokionez: beldur gara ez ote diren adabakiak izango, tokian tokiko esku-hartze zehatz eta isolatuetara ez ote diren mugatuko.

"Atxurin, patio nagusiaren aurrean hiru errei eta tranbia jasan behar dituzte haurrek patioan dauden orduetan, horrek duen kutsadura eta zarata maila izugarriarekin"

Nolako esku-hartzea egin beharko litzateke patioetan eta eskola-inguruetan?

Beste hiri handi batzuetan ikusten ari gara: autoentzako errepideetako erreiak desagerrarazi behar dira eta oinezkoei lekua eman, eskola eremuak blindatu behar dira eta haurrak izan behar dira lehentasun, horrek bermatuko du ingurune osasuntsuago batean egotea eskolak. Gasteizen dugu adibide hurbila: patio guztien metro koadroak neurtu zituzten, berdeguneak indartzeko eta beste. Udalak hartu beharko luke honen guztiaren lidergoa eta dinamizazioa.

Bestalde, baikorrak gara, Bilboko ikastetxe askok gaitasuna izan dugulako hainbat dinamika aurrera ateratzeko eta oztopo administratiboak gainditzeko. Bilbo hiria handia da, hainbat eta hainbat ikastetxe daude, eta elkarlanean dago indarra, bakoitzak berean dituen beharrak ikuspegi orokorrarekin uztartuta.

"Akainak gaitza kutsatzeko denbora behar du, egunean bertan kenduta ez dago arriskurik"
Akainak edo kaparrak batetik, eltxo tigreak bestetik, Euskal Herrian duten presentziaz eta gurean dauden espezieez mintzatu zaigu Aitor Cevidanes ikertzailea. Osasuna eta ingurumena hizpide, dituzten... (+)
Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko
Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute... (+)
Assisi, ikasleekin batera eguna eskolan ematen duen txakurra
Assisi txakurrak egunero egiten die harrera eskolako ikasle guztiei, egokitzen laguntzen die txikienei, ingeleseko proiektuan hartzen du parte eta haur nagusienak arduratzen dira hura zaindu... (+)
Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira
Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak... (+)
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"
Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin?... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora