Astelehenero 8:00etan zure epostan
Landare eta zuhaixkak ekoizteko afizioa aspalditik izan du Jon Oñederra Rascon soraluzearrak (Gipuzkoa), baina iaz sortu zuen Oitturri mintegia eta modu profesionalean ekoizten hasi zen, Arrate Espilla Iriondo bikotekidearekin batera.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Soraluzeko Baso Biziak taldeko bazkide zen lehenagotik Oñederra, bazuen bertako basoaren alde bere alea jartzeko gogoa, eta Mungiako (Bizkaia) Iñaki Larrinaga ekoizleak animatu zituen saltoa ematera. "Baso Biziak egitasmoak jardunaldiak antolatu zituen 2022an, hor ezagutu genuen Mungiako bere mintegia, eta hor hasi ginen proiektua abiatzeko ideiarekin bueltaka", kontatu du Rasconek. Aurretik, 2015ean, lagun talde batekin modu kolektiboan bertako zuhaitzak bultzatzeko mintegi txikia jarri zuten martxan, eta hori ere izan zen gaurko proiektuaren lehen hazia.
2024an Baserritar Mixto Profesionalen egitasmora aurkeztu zuten proiektua Oitturriko kideek, eta onartu egin zioten. "2025ean makineria sartu eta pistak hobetzen, ingurua prestatzen, itxiturak eta ureztatze sistemak jartzen eta biltegia eraikitzen aritu gara, besteak beste". Bere beste laneko jardunaldia murriztuta, jardunaldi erdian ari da mintegiko lanean: "Prestatu dugun lur horretan eginen dugu lehen landaketa handia, orain arte gehiago izan da pixkanaka probatzea, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko".
Soraluzeko Txurruka auzoan dago mintegia, eta bertako espezieak soilik ekoitziko dituzte Oitturrin: "Horretan sinetsi dugu beti", berretsi du. Haritzak, gereziak, lizarrak, astigarrak, urkiak, gaztainondoak, erramuak, sagarminak, arteak eta makatzak ekoitziko dituzte, besteak beste. "Alde batetik zura ateratzeko espezieak ditugu, haritzak eta beste, baina baditugu beste batzuk biodibertsitatearen babesari begira ekoizten ditugunak, lur mugimenduak ekiditen dituztenak edo animaliei jaten ematen dietenak, adibidez". Zigilu ekologikorik izan ez arren, mintegian lan egiteko duten modua guztiz ekologikoa dela nabarmendu du soraluzearrak.
Hazitik ateratzen dute dena Oitturrin, eta horretarako, lehenbizi, basoan ibiltzen dira haziak biltzen. "Probak egiten aritu gara inguruan bildutako haziekin eta inguruko jendeari ere galdetu diogu zuhaitz onak identifikatzen laguntzeko". Behin haziak bilduta, hozkailuetan gordetzen dituzte neguan erein ahal izateko. "Haziak ereiten ditugunetik zuhaixka lortu arte urte pare bat behintzat pasatu behar dira, oraintxe hasi gara gu lehenengoak saltzen". Izan ere, landaketa handia aurten eginen badute ere, lehenagotik probak egiteko ekoitzi dituzten aleak merkaturatzen hasi dira.
Zuzeneko salmenta lehenetsi dute Oitturriko kideek. "Zuhaitz eta zuhaixkak mintegian bertan saltzea da gure asmoa, baina aurrerago beste banaketa punturen bat ere jarriko dugu, mintegia urruti xamar dago eta". Proiektu oso berria da oraindik balorazioak egiteko, baina katalogoa atera berritan izan duten erantzunagatik, ekimenak interesa behintzat piztu duela sumatu dute kideek.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545