Martxoko ilbehera, kipula gorria ipintzeko sasoi onena.

Berriztagarrien trantsizioak porrot egin du, transformazio sistemiko bat behar dugu

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Uda honetan, bata bestearen atzetik izan ditugun bero-boladak klima aldaketari aurre egiteko beharraren inguruko eztabaida zabaltzen ari dira. Hala ere, proposatzen dizkiguten “konponbideek” energia berriztagarria biltzeko azpiegitura gehiagoren ezarpenarekin dute lotura, ahal dela, geroz eta handiagoak. Eta trantsizio energetiko hori “klima aldaketari aurre egiteko konponbide azkar” bakar bezala saltzen digute.

Nafarroan, gobernuko datuekin ikusten ari gara berriztagarrien ezarpenak ez duela balio erregai fosilen kontsumoa ordezkatzeko. Izan ere, Nafarroak duela 30 urte baino gehiago hasi zuen trantsizioa, Erreniegako haize erroten instalazioarekin. Ordutik hona, gure mendi eta zelaietan ikus ditzakegun instalazio berriztagarrien kopurua neurriz kanpo hazi da.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuko Energia Balantzeko datuek agerian uzten dute elektrizitatea kontsumitzen dugun energia guztiaren %21 bakarrik izaten jarraitzen duela. Eta hori horrela da orain dela urte asko, bai Nafarroan, bai gure inguruko gainontzeko eskualdeetan. Ez da hazten ari. Fenomeno hori kontraintuitiboa da, energia berriztagarrien iragarkiek dena betetzen baitute, eta geroz eta gehiago erabiltzen direla pentsatzera garamatza. Sistema berriztagarriek gehien bat elektrizitatea sortzen dutenez, elektrizitatearen kontsumoak gora egin beharko luke, erregai fosilak ordezkatu ahal izateko. Baina ez, elektrizitatearen kontsumoak egonkor darrai 2004tik.

Egia da elektrizitatearen iturburua azken urteotan aldatu dela, Nafarroan jatorri berriztagarriko elektrizitatea %50 baino gehiago izatera iritsi baita: %64, hain zuzen ere, 2025ean. Hala ere, kontsumitzen dugun energiaren %20 baino ez denez elektrizitatea, esan genezake jatorri berriztagarriko elektrizitatea kontsumitzen dugun energia guztiaren %12 baino ez dela.

Bitartean, 2024an Nafarroan kontsumitutako energiaren parterik handiena erregai fosilena izan zen, %75, hain zuzen ere. Eta hori ez da aldatu azken urteotan. 2008ko krisiak eragindako jaitsieraren ondoren, energia fosilaren erabilera egonkor mantentzen da, baita zenbait gorakada arinekin ere, 2024an petrolioaren eratorrien kontsumoan izan zen %10eko gorakada aurreko urtearekin alderatuta, esate baterako. Horrela, negutegi efektuko gasen isurketek ere berdintsu darraite eta ez dugu horien murrizketa lortzen, Espainiako Estatuan gertatzen ari denaren pare.

Horri guztiari gehitu beharko litzaioke azken 75 urteotan energia kontsumoa esponentzialki hazi dela munduan. Eta kontsumo horren banakapena eginez gero, energia mota ezberdinetan, ez da ikusten energia mota jakin batzuk beste batzuengatik ordezkatzen ari direnik, aitzitik; jatorri ezberdineko energia iturburuen metaketa ikus dezakegu, hazkunde izugarri hori ahalbidetu duena.

Hori guztia kontuan hartuta, nahiz eta energia berriztagarriak garatu, Nafarroan ez du energia fosilaren kontsumoak behera egiten. Gaur egun, energia berriztagarriak lau aldiz biderkatu beharko genituzke energia fosilen kontsumoa ezabatzen saiatzeko, hori posible balitz. Horrek gure lurraldearen errealitatearekin egiten du talka, zeina azpiegitura berriztagarriz josita baitago. Izan ere, azken urteotan, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi behar izan dituen mota honetako proiektuak asko izan dira, kausa ezberdinengatik. Argi dago Nafarroako lurrak haien ahalmenaren mugetara iristen ari direla honelako azpiegiturak hartu ahal izateko.

Horren guztiaren atzean, erregai fosilek dituzten erabilera guztiak ordezkatzeko energia berriztagarriek, gaur gaurkoz, arazoak dituzte. Berriztagarriak energia iturri intermitenteak dira, baldintza meteorologiko egokiak bakarrik daudenean energia sortzen dutenak. Gainera, azpiegitura handiak behar dituzte funtzionatu ahal izateko: produkzio plantei interkonexio azpiegiturak, biltegiratze eta kontrol azpiegiturak gehitu behar zaizkie. Horiek guztiak garestiak dira eta instalazio zailekoak. Eta ez dira erritmo berean ezartzen.

Gaur egun, energia berriztagarriak lau aldiz biderkatu beharko genituzke energia fosilen kontsumoa ezabatzen saiatzeko, hori posible balitz. Horrek gure lurraldearen errealitatearekin egiten du talka

Orain, beharrezkoa da tentsio altuko linea kopuru handia instalatzea, biltegiratze eta kontrol sistema askorekin batera. Hedapen horrek sistema energetikoaren jasangarritasun eza areagotuko du, mineralen erauzketa gehitu beharko baita azpiegitura guztiak eraiki ahal izateko. Eta hedapena atzeratu ohi da, Muruarte-Itsaso tentsio altuko linearen tramitazioak erakusten digun bezala, jada 20 urte bete dituenak, berriki onartua izan dena. Mantsoegia da trantsizioa, eta premiazkoa aurre egin behar dugun larrialdia, kolonialismoan eta estraktibismoan sakontzen duena haren garapenerako.

Horregatik, ezinbestekoa da bultzatzen ari diren eredua errotik aldatzea. Etorkizuna berriztagarria izanen da, edo ez da izanen. Krisi klimatikoaren larritasunak, gainontzeko zortzi muga planetarioekin batera, zeinetatik jada zazpi gainditu baititugu, aldaketa azkarra izatea beharrezko egiten du. Eta hori ez da gertatzen ari Nafarroan, trantsizio berriztagarriaren arloan eskualde eredugarria den horretan.

Nahitaezkoa da egungo energia eta materialen kontsumoak neurri handi batean murriztea. Horretarako, errotiko eraldaketak egin behar ditugu. Transformazio sistemikoa beharrezkoa da, beraz, inolako fruiturik ematen ez duen trantsizio energetiko soilaren aurrean. Eta orain behar dugu.

Eta horretarako beharrezkoak diren transformazio guztien ezaugarriak aztertu behar ditugu, eta ez desazkundearen aldarri soilean geratu bakarrik. Zeregin zaila da, beharrezko estrategien definizioan zalantza eta zailtasun asko dakartzana eskutik. Sustrai Erakuntza fundazioak azaleko txosten bat argitaratu zuen nafar gizarte jasangarri batendako proposamenekin, eta bertan hainbat adibide aurki ditzakegu.

Honelako neurriak proposatzen genituen kaleratutako txostenean: objektu eta erreminten erabilera partekatua errazteko neurriak ezartzea, horien fabrikazioa murrizte aldera. Eta gailu horiek konpongarriak, berrerabilgarriak eta berriztagarriak izateko fabrikatzea. Produktuen eta pertsonen garraiorako beharra murriztea, garraio kolektiboa sustatuta eta ibilgailu pribatuen erabilera murriztuta. Ohiko trena lehenestea, jada energia berriztagarria darabilena eta hiri eta herrien arteko lotura ahalbidetzen duena, lurraldea deuseztatu eta hiriak bakarrik lotzen dituen AHTaren aurrean...

Adibide horiek garatu eta ezarri behar ditugu, beharrezkoa den bidezko desazkunde planifikatua lortuko badugu, batez ere Ipar Globaleko herrialdeetan. Beharrezkoa baita kapitalismoa bertan behera utziko duen eredu sozioekonomiko baterantz doan eraldaketa. Ezin baita kontsumoaren betiereko hazkundearekin jarraitu planeta mugatu batean. Horixe baita egun ditugun arazoen benetako iturburua. Sistema kapitalista, diseinatuta dagoen bezala, ez da bateragarria gizakiaren bizitzarekin Lur planetan.

Martín Zelaia García eta Jule Goñi Montero, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak

Nitratoek eragindako kutsaduraren aurrean: nekazaritza, abeltzaintza eta biogas planta industrialen moratoria
Maiatzaren 10ean, 1.500 pertsonak baino gehiagok biometanizazio plantendako bi urteko luzamendua eskatu zuten. Mobilizazioaren aurretik, 15.000 alegazio baino gehiago aurkeztu ziren Nafarroako biogas proiektuen aurka.... (+)
Nafarroan gora egin du elektrizitate berriztagarriak, baina behera beronen kontsumoak eta gora erregai fosilenak
Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak 2024. urteko Nafarroako Energia Balantzearen azterketa argitaratu du. Txosten osoaren zain, lan honek aukera ematen digu Nafarroako energia-ekoizpenaren eta kontsumoaren mailak... (+)
Biometanizazio plan bat behar dugu Nafarroan espekulazioaren aurrean
Udan zehar, mobilizazio sozial handia izan da eta herritarren plataformak sortu dira Lizarraldean biometanizazio-plantak direla eta: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia... Horietan guztietan erraz identifika... (+)
Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago
Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar... (+)
Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu... (+)
gora