Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kanbon (Lapurdi) kokatua den eraikin ederra da Belle Époque garaiko Arnagako jauregia, gaur egun Herriko Etxearena dena eta museo bihurtua dutena. Klima astearen seigarren edizioa antolatu dute aurten Euskal Hirigune Elkargoarekin batera, eta Arnagako lorategien aberastasuna jendartera zabaltzeko ekimen interesgarria eginen dute urriaren 10ean: azken urteetan fitosanitariorik erabili gabe, lorategiko maneiuan eta kudeaketan egin dituzten aldaketekin biodibertsitatean lortu dituzten onurak azalduko dituzte, bisita gidatuen bidez.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.

Arnagako jauregi parean frantses estiloko lorategi apaina dago, forma eta kolore simetria handikoa. "'Ederrena' den eremu horretan lan handia egiten dugu, dena da xuxena, zuhaitzek forma geometrikoa izan dezaten asko mozten ditugu, belarra astero ebakitzen, eta 7.000 landare inguru landatzen ditugu urtero", azaldu du Jean-François Oxarangok, Arnagako lorezainak. Horren ondoan, ordea, 'eremu mixto' gisa izendatzen duten gunea dago, bere kasa libreago uzten dutena. "Bertan ez da lorerik, tira, basaloreak besterik ez, eta belarra gehiago hazten uzten dugu, hilean behin ebakiz", dio.
Azkenik, hirugarren zatia 'natural eremua' da: eskuhartze handiko lorategi frantsesaren kontrara, zati hau basatia izatea bilatzen dute, naturalki bere bidea egiten utzita eta biodibertsitatearentzat erreserba moduko bat sortuta. "Ez dugu ia interbentziorik egiten bertan, urtean behin ebakitzen dugu belarra, baina probak ere egin ditugu bi urtez bere horretan utzita, eta ikusi dugu arbolak bakarrik ateratzen ari direla", azaldu du. Hamabi bat hektarea dituzte Arnagan: horietatik bi eta erdi dira frantses moldeko baratzekoak, hiru inguru mixtoak, eta beste guztia natural eremua.
Lorategia ezagutzeko bisitak
Lorezainak argi adierazi duenez, frantses moldeko lorategia berez ez da biodibertsitatearentzat ona, eta beste bi eremuetan bestelako maneiua eginez lortu dute oreka: "Natural eremuan intsektu laguntzaile asko dago, eta horiek lorategi frantsesean sor daitezkeen arazo askori aurre egiten diete. Natural eremuan arbola bat hila delarik ere enborra bertan uzten dugu, eta horrek hegaztiak erakartzen ditu, amilotxak, okilak... ezpel asko dugu lorategi frantsesean, eta ezpelaren beldarrarekin zabaltzen ari den gaitzari aurre egiteko laguntza dira hegazti horiek guztiak", gehitu du.
Bestetik, lurraren osasunari ere asko erreparatzen diote Arnagan: lorategi frantsesean urtero aldatzen dute kolorea, eta kentzen dituzten lore eta landareekin, ebakitako belarrarekin eta hostoekin konposta egin, eta lurreko mikroorganismo eta bakterioak babesteko aprobetxatzen dute. "Konpost hori hondakin berdeekin estali eta humusa ukaiten dugu, gero hor gainean landatzeko. Ez dugu lurra sekula itzultzen", dio. Kudeaketa desberdindua ezagutzeko aukera izanen dute herritarrek: urriaren 10ean hiru bisita egingo dituzte, bakoitza 50 pertsonentzat; 14:00etan, 15:00etan eta 16:00etan.
Ekimenean izena emateko coordination.projets@mairie-cambolesbains.fr helbidera idatzi edo 05 59 93 75 46 zenbakira deitu behar da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545