Urtarrilean ortzia, barrikak ongarri metara.

Badator Bizi Baratzea Orria, ARGIAren aldizkari berri eta berezia

Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste irakurgaiekin egingo dugu topo. Lehen zenbakian polinizazioaren gaia ilustratuko du posterrak eta aldizkarian beste eduki hauek ere aurkituko ditugu: intsektuen galera, kukuen ugalketa, ardi-moztaileak eta artilearen aprobetxamendua eta zer egin udaberrian baratzean, basoan, sendabelarrekin eta haziekin. Bizi Baratzeako edo ARGIAko kide direnek jasoko dute aldizkaria etxean.


2025eko martxoaren 10a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurrari begiratzen diogun naturzale eta baratzezainok badugu orain urtaro bakoitzean paperean gozatzeko aldizkari berria: Bizi Baratzea Orria. Aurten 10 urte betetzen dira ARGIAk Bizi Baratzea proiektuari ekin zionetik eta urte hauetan zehar ildo horretan argitaratu dituen liburu, bizibaratzea.eus webgune, buletin, Ilargia eta Landareak agenda, Telegram kanal eta Egonarria eta Menda Bikoitza podcastei esker, milaka herritarrengana iritsi da Bizi Baratzea, eta komunitate horrengan pentsatuta sortu da Bizi Baratzea Orria.

Bide horretan harremanak ere zabaldu dira: egun Bizi Baratzea proiektua 24 kolaboratzaile kualifikatuko sareak elikatzen du eta agroekologia mugimenduko eragileekin lankidetzan dihardu.

Zer ekarriko du Bizi Baratzea Orriak?

Urtaroa hastearekin batera iritsiko da etxera Bizi Baratzea Orria. Aurtengo lau urtaroen azalak Ione Larrañaga Gorritxok egingo ditu. Hosto berriei eta intsektuei eskaini die lehenengoa, udaberrikoa.

Aldizkaria zabalduta, urtaro horretan ilargiaren arabera baratzean zer egin azalduko du Jakoba Errekondok, basoan zer egin Markel Arriolabengoak, sendabelarrekin zer egin Garbiñe Larreak eta haziekin zer egin Kelo Arribasek.

Aldizkariari tolesdura bat irekita, barruan aurkituko ditugu garaian garaiko gaiei buruzko elkarrizketak eta artikuluak. Oraingoan, ardi-moztaileei buruzko erreportajea aurkituko dugu ezkerreko orrian, eta intsektuak agertuko zaizkigu eskuinekoan: Mattin Jauregik azaldu ditu askatasuna galdu duen erle eztigileak bizitzeko dituen sei arazoak. Erreferentziek, infografiek, esaera zaharrek eta ilustrazio zein argazkiek jantziko dituzte aktualitateko gai hauek.

Orria erabat zabalduta, alde osoa hartzen duen poster handi bat izango dugu urtaro bakoitzean. Lehen aldizkari honetan polinizazioari eskainia da posterra: Jakoba Errekondok landu ditu edukiak eta Ione Larrañagak egin du ilustrazioa.

Aldizkaria bizidun bati buruzko hainbat erreferentziak itxiko dute, kasu honetan, udaberriarekin lotzen dugun kukua izango da protagonista.

Jasotzeko zer egin behar da?

Duela 10 urte Bizi Baratzea proiektua sortu zenetik gaur arte, ARGIA komunitateak eutsi dio proiektuari eta haiei esker daude Bizi Baratzeako edukiak sarean libre. Horregatik, Bizi Baratzea Orria etxean jasoko dute ARGIAko kideek urtaro bakoitzean, hilabeteko azken astekariarekin batera: lehen zenbakia, udaberriari dagokiona, martxoaren 30eko astekariarekin batera iritsiko da. Gainerakoei bi aukera zabaldu zaizkie, Bizi Baratzea Orria jasotzeko eta proiektua sostengatzeko: Bizi Baratzea komunitateko kide egitea edo ARGIAkoa egitea: www.eginbizibaratzea.eus webgunean daude argibide guztiak.

Lurra bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egin nahi badituzu, batu Bizi Baratzea komunitatera edo egin ARGIAkoa.

Euskal Herria Bizirik sareak kanpaldia egingo du Donemiliagan, "lurraren defentsa antolatzeko"
2025-05-07 | ARGIA
Maiatzaren 16tik 18ra izango da kanpaldia, AHTk eta berriztagarrien proiektu batek "mehatxaturiko" Arabako Uribarri Jauregi herrian. "Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi... (+)
2x13: Espeziak sendabide eta izeia sendabelar
2025-04-28 | ARGIA, Bizi Baratzea
Espezieei buruz aritu gara gaurkoan. Aurreko saioetan ere aipatu izan ditugu, baina gaurkoan ikerketa bat ekarri dugu, datu interesgarri asko dituelako. Kurkuma, kanela eta jengibrea... (+)
3x13: Artaldean sartu gara, artaziak eskuan | Joseba Attard
2025-04-16 | ARGIA, Bizi Baratzea
Joseba Attardek aita erdi Malta erdi Ingalaterrakoa du. Ama Elorriokoa. Bera Ingalaterran jaio eta hazi zen. 2007an Elorriora etorri zen emaztearekin eta euskara ikasteari ekin... (+)
2x12: Aste Santua klabe begetalean eta hirusta gorria
2025-04-07 | Bizi Baratzea, ARGIA
Erramua, nardoa, benjui, mirra, sandaloa, garia, isipu-belarra eta halakoak hartu ditugu ahotan gaurko saioaren hasieran. Aste Santuari eta erlijio katolikoari loturikoak denak ere, sinbolismo handikoak,... (+)
3x12: Euskal Herriko banana, mango eta marakuiak probatu nahi? | Igor Lete
2025-04-02 | ARGIA, Bizi Baratzea
Banana da pertsona askorentzat frutarik gustukoena, kirolariek ere asko erabiltzen dute, eta klima sub-tropikaletatik ekarritakoa jan ohi dugu, berde-berde bildutakoa eta kilometro pila bat egin... (+)
gora