Gariak esan zuen: ni bezalako belarrik ez da. Artoak erantzun zion: ni naizen lekuan goserik ez

Mercosur, gure lehen sektoreari agur


2026ko otsailaren 04a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken hilabeteetan Europako Batasuneko hainbat kidek ahotsa altxa dute EBk Mercosurrekin sinatu duen merkataritza akordioa dela eta. Azkenean, europarron arteko gehiengoa erdiesteko nahiko boto zeudenez, merkataritza akordioa sinatu da, baina kalapitak, oraingoz bederen, iraungo du. Hasteko, Europako Parlamentuak bertan behera utzi du, eta EBko Justizia Auzitegira eramateko eskatu.

Baina zeri deritzo Mercosur? Mercosur Hego Amerikako lau estatuk osatzen duten merkataritza libreko akordio bat da, non 270 milioi kontsumitzaile dauden. Estatu kide horiek Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguai dira eta lehen sektoreko ekoizle erraldoiak dira: soja, garia, artoa, haragia, ardoa, arraina eta abar ekoizten dituzte, batik bat esportaziorako. Beraz, merkataritza akordio hori sinatu ostean, milioika tona inportatuko dira EBra muga zergarik gabe; izan ere, lehen sektoreko ondasun ororen %93 izango dira muga zergarik gabe. Halaber, ondasun horiek ekoizterakoan ez zaie eskatuko EBko baldintzak betetzeko (lan kostu, pestizida, hazteko hormona, eta abar). Ondorioz, EBko nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza bera ere, egoera desabantailatsuan egongo dira eta lehia desegoki horrek desagertzeko bidera eramango ditu, nahiz gure artean salbuespen urri batzuk geratuko diren: ardo berezi, oliba olio, txerriki...

Nola liteke horrelako akordio desabantailatsu bat onartzea? Ezkutatzen saiatu dira, baina ifrentzua hor egon da hasieratik. Izan ere, EBko hainbat estatu kidek industria oso boteretsua daukate, eta lobby indartsua eratuta: European Round Table for Industry (Industriarako Europako Mahai Ingurua). Europako industriako agintari nagusienek osatzen dute eta arras ahaltsuak dira beraiei eragiten dieten legeen eratze prozesuetan parte hartzeko. Beraz, lobby horrek Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta Batzordearen borondatea beraien zerbitzura makurtzen ditu, eta herritarron nahi eta xedeak baztertzen ditu.

EBko industria ondasunak Mercosurren ekoiztuak izango balira bezala eskainiko dira eta, ondorioz, bertako industria ahulduko da

Mercosur merkatu erakargarria da EBko industriarentzat, hala nola autoentzat (Volkswagen eta Mercedes), autoen osagaientzat (euskal enpresa andana), ekipo makineria, medikamendu, kimika produktu eta abarrentzat. EBtik Mercosurrera esportatuko diren industria ondasun guztien %90 muga zergarik gabe sartuko dira. Beraz, EBko industria ondasunak Mercosurren ekoiztuak izango balira bezala eskainiko dira eta, ondorioz, bertako industria ahulduko da.

Bestalde, EBn, batik bat Espainiako Estatuan, azpiegitura erraldoiak eraikitzeko enpresa ugari daude. Izan ere, eraikuntza enpresa erraldoien zerrenda luzea da eta burutu dituzten obrak kontaezinak: Panamako kanalaren hedapena, Mekako tren lasterra, autobideak, aireportuak, eta abar. Enpresa europar horiek zailtasunak dituzte atzerriko lan publikoak eskuratzeko, baina, hemendik aurrera, Mercosurreko estatuetan oztoporik gabe lehiatu dezakete obra publikoetarako. Haatik, etorkizun oparoa ireki zaie enpresa mota horiei mozkinak metatzen jarraitzeko, eta ziur bulkada eman diotela akordioari, luze baino lehen sinatu dadin, nahiz EBko lehen  sektoreari kalte egin.

EBren legediari so eginez, begi bistakoa da xedeetako bat lehen sektorearen burujabetasuna dela, menpekotasuna saihesteko oinarrizkoa delako. Haatik, egunen batean Mercosurrek zigortu nahi badu EB, gaur egun Errusia bezala, nahikoa du elikagaien esportazioak etetea eta orduan ikusiko dugu, pandemia garaian gertatu zen bezala musukoekin, menpekotasuna zer den, mundua fite aldatzen ari baita.

Horregatik, jauntxokeria honen aurrean, ez da harritzekoa kaleak eta errepideak nekazariek hartzea. 

Kapital txinatarra gipuzkoar kooperatibismoarekin txertatuta
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Gipuzkoako erraustegia behin-behineko enpresa elkarte bati esleitu diola jakin berri dugu. Enpresa elkarte horretako lidergoa Urbaser enpresaren esku dago, Florentino Perezek... (+)
Erraustegiaren pribatizazioa
Gipuzkoako erraustegiaren eraikuntza, kudeaketa eta mantentze lanak pribatuak izango direla agindu digu Foru Aldundiak. Horrela, publikoa izanda, sortuko duen defizita eta ondoriozko zorra kontu publikoetatik... (+)
gora