Astelehenero 8:00etan zure epostan
Datu ofizialek argi erakusten dute otsoen zabalkundea Espainiako Estatuan, biologoek eskertu eta abeltzainek kezkaz bizi dutena. 370-380 otso taldeetatik gehienak Gaztela-Leon, Galizia, Asturias eta Kantabriako erkidegoetan bizi dira, eta horietan guztietan %17 eta %60 bitarteko aleen igoera dokumentatu da.
Monica Meabe bere artaldearekin mendian. (Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA)
Datu ofizialek argi erakusten dute otsoen zabalkundea Espainiako Estatuan, biologoek eskertu eta abeltzainek kezkaz bizi dutena. 370-380 otso taldeetatik gehienak Gaztela-Leon, Galizia, Asturias eta Kantabriako erkidegoetan bizi dira, eta horietan guztietan %17 eta %60 bitarteko aleen igoera dokumentatu da. Gaztela-Leoneko abeltzainak dira eraso gehien salatu dituztenak: 2022an hiru mila bat eraso izan ziren bost mila abereren kontra; aurreko urtean baino %19 gehiago.
Zonalde horiez gain, canis lupus-a zabaldu da Gaztela-La Manchara eta Madrilera ere. Ekialderantz, Errioxa da otso iberikoaren muga: lau talde bizi dira bertan. Aldiz, Aragoi eta Katalunian agertu diren ale bakartien jatorria italiarra omen da. Andaluziako Sierra Morena mendikatea izan da historikoki kanido basatien beste bizilekua, baina endogamiaren erruz, espezieak ez du aurrera egin. 2010etik aurrera abeltzainek ez dute antzeman otsoen erasorik. Extremaduran ez dago otsorik, ez badira Avila eta Portugaleko mugak gainditzen dituzten ale bakartiak.
Espainiako Artemisan fundazioak bildu ditu datu horiek txosten batean. Sektore zinegetikoaren defentsan dihardu Artemisan-ek, bioaniztasunaren aldeko diskurtsoarekin. Otso iberikoaren kontserbazioaren alde agertu da fundazioa, eta ekosistemetan duen super-harrapariaren funtzioa baloratzen du, baina “abeltzaintza estentsiboarekin bateragarriak izango diren dentsitateak” bermatzea defendatzen du. Otsoek espezie zinegetikoengan duten eraginari buruzko datu ofizialik ez dagoen arren, gaineratu du Lugoko Ancares portuan orkatzen desagerpena eragin dezaketela, eta Gredosko erreserba nazionalean basahuntzena. Hala, argudio horrekin aurkeztu du ehiza selektiboa, abereez gain basoko animaliak ere babesteko tresna gisa.
Juan Angel de la Torre Burgosko biologo naturalistak erabat ukatzen du sektore zinegetikoaren planteamendua. Arantza Susperregik Euskal Herriari buruzko piezan bezala, piramide trofikoari buruz hitz egin digu, baita Yellowstoneko adibide paradigmatikoa ekarri ere: “Ekosistemaren sostengua da otsoa, ozeanoetan marrazoa nola. Ez du kanpoko erregulaziorik behar, ez du hazkunde amaigaberik, presa kopuruaren arabera erregulatzen baita”.
“Ekosistemaren sostengua da otsoa, ozeanoetan marrazoa nola. Ez du kanpoko erregulaziorik behar, ez du hazkunde amaigaberik, presa kopuruaren arabera erregulatzen baita”
JUAN ANGEL DE LA TORRE
Otsoa kontrolatzeko planen ondorioa da taldeak desegonkortzea eta, hortaz, ale bakartiek abereengana jotzea. Ezkutuko ehiztarien papera nabarmendu du Juan Angelek desegonkortze dinamika horretan. “Kalteak murrizteko, otsoen %50a baino gehiago hil beharko genituzke, eta erabaki hori espeziearen kontserbazioaren kontrakoa izango litzateke”, baieztatu du.
Gauzak horrela, azpimarra jarri du artzainen ohiturak berreskuratzean: ganadua gorde, mastinak erabili (dozena erdi artalde bat babesteko), artzain elektrikoak baliatu, abereak jarraitzeko GPS sistemak indartu… “Gure mezua zera da: dirulaguntzen bidez erraztutako neurri prebentibo guztiak hartu baldin badituzu eta, hala ere, kalteak baldin badituzu, administrazioak erantzukizun subsidiarioa hartu beharko du”. Hala, gogoratu du abeltzainek Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak kobratzen dituztela, baina onartu du Europar Batasunaren dirulaguntza hori ez dagoela ondo diseinatuta, onuradun nagusiak esplotazio handiak direlako.
Ehiza selektiboaren aurka argudiatu du ehiztarien profilaren kontzientzia falta: “Nire eskualdean ehiztariak Miguel Delibes idazlearen tankerakoak ziren arestian: gizon bakartiak, landuak, mendia ibiltzen zutenak eperrak ehizatzeko, haien pointer txakurrarekin. Gaur egun, ordea, 10-20 tipo hipermatxisten kuadrillak topatzen dituzu harkaitzetan eserita haien walkie-talkie eta errifle garestiekin. Pistola-ehiza ez da selektiboa”.
Juan Angelen apustua da lehenengo sektorea bioaniztasunean trebatzea, otsoekin elkar bizitzea lortu duten abeltzainak erreferente moduan aurkeztuta. Eta, horretarako, otsoaren defendatzaileak kaletarrak diren aurreiritzia ukatu du: “Ni Villarcayokoa (Burgos) naiz eta hamabi biztanleko herri batean bizi naiz. Ardien eta behien usaina darit”.
Bere diskurtsoak erabateko talka egiten du Maraña (Leon) udalerriko alkatearen errelatoarekin. Omar Rodríguez Bulnes PSOEko alkatea izateaz gain, abereak ere baditu. “Etengabeko erasoak pairatzen ditugu. Ez dakit abeltzainek nola jasaten duten egoera. Moxalak nituen bi hilabetez etxean gordeta, askatzeko beldur nintzelako. Askatu nituen gau horretan bertan hil zituzten otsoek. Dena suntsitzen dute. Hartzak ere bizi dira Maraña inguruan, baina animalia bat hiltzen dizute eta kito. Otsoak ahal duen guztiari egiten dio koska, horregatik eragiten du halako krispazio soziala”.
"Inork ez dizu esango otsoaren desagerpenaren aldekoa denik. Eskatzen duguna autonomia da, ehiza selektiboaren bidez otsoa berriro kontrolatzeko”
OMAR RODRIGUEZ
Bere esanetan, ehiza selektiboa debekatu izanak aldrebestu du egoera: “Errepideetan egiten duzu topo otsoarekin, eta hori lehen pentsaezina zen. Auto-istripuak eragiten ditu. Gizakiarekiko errespetua galdu du, atrebentzia handia hartu du”. Indemnizazioak ez dira nahikoak, eta gaineratu du otsoen sarraskietan ohikoa dela kumeak txikitzea arrastorik ez utzi arte. Politika publikoak kalekumeek diseinatzen dituztela deitoratu du: “Hirikoek uste dute Serengeti izan behar dugula, natura autoerregulatu behar dela. Otsoarekin enpatizatzen dute, txakurraren antza duelako, eta ehiza deabrutzen dute”.
Aitzitik, landa eremuko betidaniko kudeaketa aldarrikatu du: “Orduan bai posible zela elkarbizitza: gure arbasoek otsoa errespetatzen zuten, bazegoen halo mistiko bat, arraroa baitzen hura ikustea eta ehizatzea. Hori bai, talde gatazkatsu bat agertzen zenean, ehiztariek akabatzen zuten. Inork ez dizu esango otsoaren desagerpenaren aldekoa denik. Eskatzen duguna autonomia da, ehiza selektiboaren bidez otsoa berriro kontrolatzeko”.
Aldarrikatu du ehiztarien funtzioa basurdeen populazioa murrizteko, eta aldi berean, argudiatu du ez dietela otsoei konpetentziarik egiten: “Ehiza-presa desberdinak ditugu: adibidez, guk adakera ikusgarriena duen orein-arra hil nahiko dugu, eta otsoak kumeak eta animalia gaixoak aukeratuko ditu”.
Mastinen lurraldea da Leon, baina Rodríguezen esanetan txakurrak ez dira beti otsoa uxatzeko gai. “Nire begiekin ikusi dut nola antolatzen diren otsoak: batek mastinaren arreta deitzen duen bitartean, besteak artaldea erasotzen du”. Txakur bat baino gehiago izateak mantenu gastu handia eskatzen du, baita animaliak hezteko esfortzu handia ere. Bestelako neurrien bideragarritasuna zalantzan jarri du: “Abeltzaintza estentsiboa da gurea, lursail oso malkartsuetan. 150-200 behi dituen abeltzainak ezin ditu gauero mendian bilatu eta gorde”.
Gauzak horrela, landa-eremuko herritarren ongizatea lehenestea aldarrikatu du: “Nire udalerrian umeak baino otsokume gehiago jaiotzen dira urtean. Landa-eremuko gizakia bai dagoela desagerpen arriskuan!”.
Bi kontakizun horiek islatzen dute Euskal Herriko atalean ere nabarmendu dugun polarizazioa, “Biologoak eta abeltzainak aurrez aurre” bezalako ohiko lerroburuek indartzen dutena. Berriro ere, otsoen presentzia nabarmena duten lurraldeetako bestelako ahotsak topatzea izan da gure apustua.
Burgos: ahuntzak eta mastinak
Elena Galanengana jo dugu, bere lanbide-profil bikoitzak erakarrita: nekazaritza- eta abeltzaintza-gaiak ikertzen ditu bioaniztasunaren ikuspegitik, eta artzaina ere bada; egun, Gorobelen dihardu ahuntzekin, Burgoseko aldean, Villaña herrian. Jatorriz Bartzelonakoa bada ere, Euskal Artzain Eskolan prestatu zen. Hor ezagutu zituen bi lagunekin jarri du martxan bere proiektua; haietako batek iradoki zuen Villaña, aita bertokoa duelako.
Marra gorri bat adierazi digu: ez du iritzirik emango teoriatik, ez du jardungo bere gorputzak bizi ez dituen errealitateei buruz. “Nik ez dut inoiz otso baten erasorik bizi, eta espero dut sekula ez bizitzea. Nire zonaldean badaude otsoak, eta nire kooperatibako kideek bai jaso izan dituzte erasoak; eraso batek 40 baja eragin zituen eta horren ondorioz negozio-eredu guztia eraldatu behar izan zuten, ardiak utzi eta ahuntzekin hasi”.
Ez badu esperientzia zuzenik ez da, ordea, otsorik gabeko gune batean diharduelako, baizik eta prebentzio-neurriek oraingoz funtzionatu dutelako. Hasteko, kontuan hartu zuten auzokoen esperientzia: “Otsoaren erasoa pairatu zuten duela 20 urte. Udan ganadua bakarrik uzten zuten mendian, hemen ez dugulako bordarik. Oso desatsegina da ardiak topatzea trakeak zulatuta: itota hil ziren pixkanaka, errematea eman behar zieten askori… Orduan, ahuntzak jartzea erabaki zuten, ardiek baino esne gehiago ekoizten dutelako eta lursaila hobeto aprobetxatzen dutelako; hortaz, gazte ekoizteko orduan errentagarritasun handiagoa eskaintzen dute”.
Erabaki zuhur hori hartzeaz gain, hiru ardatz dituen jokabidea errotu zuten Elena eta bere kideek: “Ahuntzak inoiz ez dira mendira bakarrik igotzen; artzain lana egingo duen gutariko batek laguntzen ditu beti. Bigarren neurria da beti etxean lo egingo dutela, edo Guantanamokoa moduko hesitura duen gertuko lursail batean; hor ezinezkoa da inor sartzea edo ateratzea. Hirugarren neurria mastinak dira”.
"Galanek onartu du oso zaila dela txakur erraldoi hauek heztea, bakarra ez dela nahikoa abere saldo bat babesteko, eta bat baino gehiago izanez gero, gatazkak dituztela maiz haien artean"
Oinarrizko azalpen bat eman digu mastinei buruz: “Artzain txakurrekiko diferentzia da abereekin bakarrik geratzen dela artzaina ez dagoenean”. Onartu du oso zaila dela txakur erraldoi hauek heztea, bakarra ez dela nahikoa abere saldo bat babesteko, eta bat baino gehiago izanez gero, gatazkak dituztela maiz haien artean. Halaber, gaineratu du otsoaren desagerpenaren ondorioz hari aurre egiteko gaitasuna zuen mastin mota ere desagertzeko bidean egon dela: “Bestelako mastin mota bat hedatu delako, lodiagoa, ez hain bizkorra, edertasun lehiaketei begira hazten dena”. Ondorioz, zaindari lana ondo egingo duten txakurrak bermatzeko, Perros de los hierros izeneko Zamorako elkarte batengana jo zuten.
Perros de los hierros elkarteaz gain, Enrique Agustín Sesek La Pastorale Pyrénéenne elkartean egiten duen lana goraipatu du: “Huescakoa da Sese baina Frantziako Pirinioetan lan egiten du. Pirinioetako mendiko mastinei jarraipena eskaintzen die abeltzainei, erasoen aurrean nola jokatu duten ikusteko, jendearekin oldarkorrak diren... Harraparietan eta zaintza-txakurretan prestakuntza espezifikoa duten laguntza-artzainak ere badituzte. Elkarte horrekin harremanetan dauden abeltzainei artzaintzarako laguntza eskaintzen diete erasoei aurre egiteko, beti ere prebentzio-neurri guztiak bete badituzte”.
Elenari zor diogu LARRUN hau ehuntzeko ezinbestekoak ditugun beste bi erreferentzia eman dizkigula: Arabako Foru Aldundiaren artzainen programa pilotua eta Espainiako Emakume abeltzainen podcasta.
Asturias: ezkutuko ehizaren ergelkeria
Otsoak eta hartzak dira Cangas de Oniseko souvenir dendetako kamiseten protagonistak. Aitortza sinboliko horren ifrentzua da bertoko jendearen ezinegona, gero eta otso gehiago bizi direlako Asturiaseko mendietan, eta gero eta sarraski handiagoak eragiten dituztelako. Datu ofizialen arabera, 53 otso-talde bizi dira Asturiasen.
Halako souvenir denda batean lan egiten du Alejandra Blancok. Enplegu hori uztartzen du Baso Zientzietako ikasketekin eta abeltzaintzarekin: behiak dituzte bere gurasoek eta ahuntzak berak. “Nik ez dut otsoa deabrutzen, ezta mitifikatzen ere. Maite dut, animalia guztiak maite ditudan heinean: guzti-guztiek merezi dute errespetua”, azaldu du. Kanido honen taldeen “kudeaketa”ren aldekoa da: “Animaliak hil dizkit, horrek suposatzen duen guztiarekin: ahuntz bakoitzarekin eman dudan diru, denbora eta kariño guztia, eman behar zidan esnea, ekarri behar zituen kumeak… Nire inguruan otso bakarti bat dabil, baina Asturiaseko mendebaldean egoera itzela da, zortzi bat otsoko taldeak dabiltza gauero bi edo hiru behi hiltzen”.
“Behin iratzarri nintzen eta otsoa ikusi nuen nire aurpegi aurrean. A ze beldurra! Baina ni ikusita ospa egin zuen. Izan ere, eurek ere oso barneratuta daukate gizakiok dugun boterea”
ALEJANDRA BLANCO
Hori bai, azpimarratu du egoera horren erantzuleak ez direla “ez otsoa ez abeltzaina”, “goian dauden horiek baizik”, alegia, politikariak, artzainaren figuraren galera sustatu dutelako: “Lehen artzainek hiru hilabete ematen zuten bordan ganaduarekin; egun abeltzainek ganadua bakarrik uzten dute mendiko portuan”. Gogorra da artzain lana, ondo daki berak, izan ere egonaldi bat egin zuen borda batean, komuna eta argindarrik gabe, hotzak jota: “Behin iratzarri nintzen eta otsoa ikusi nuen nire aurpegi aurrean. A ze beldurra! Baina ni ikusita ospa egin zuen. Izan ere, eurek ere oso barneratuta daukate gizakiok dugun boterea”.
Berez gogorra den lan honen traba nagusiak administratiboak dira, bere esanetan: “Nire familiak borda utzi behar izan du, Parke Nazionalean egoteagatik baldintza pila bat bete behar zituztelako. Esaterako, ezin zituzten abereak eskuz jetzi. Goi-mendiko gaztandegiek ezin izan dute aurrera egin, besteak beste, Covadongako lakuetara igotzeko orduan turistei lehentasuna ematen zaielako turistei artzainen eta abeltzainon pick-up autoei baino”.
Turismoarekin elkarbizitzak beste albo-kalte bat dakar, mastinekin gatazkak: “Babes ona ematen dute belardi txikietan, eta baita goi-mendian ere artzaina hor badago. Baina zaunka egiten duenean ez dakizu ea otsoa datorren, auzokoaren mastinarekin borrokatzen dabilen, beste pizti mota antzeman duen edo turista bat”.
Hortaz, gobernu eta alderdi jakin batzuk abeltzainen interesen alde agertzeak amorru handia ematen dio Alejandrari: “Landa eremua babesten dutela diote, baina kontrakoa egiten dute: gero eta burokrazia gehiago ezarri”.
Ehiztaria da Alejandra, ehiza-barruti batean praktikak egin ditu eta, hala ere, ez du uste eskopeta irtenbide eraginkorra denik: “Otsoa ez da espezie zinegetiko bat, ez du baliorik ez elikagaiak ekoizteko ezta kirolaren ikuspegitik ere. Otsoaren ehiza onargarria ikusteko, izan behar luke milimetroan ikertua, biologo batek lagunduta, esango dizuna zein otso hil dezakezun. Bestela, bakarrik geratzen den otsoarentzat erosoagoa izango da ahuntz kumeengana jotzea sarrioen atzetik korrika egitea baino”. Saiatzen da bere inguruko abeltzainak “barrutik kontzientziatzen”, eta horretarako baliatzen duen estrategia bat da baserritarren interesen ikuspegitik enfokatzea auzia: “Ohartarazten diet otsoak bere babes-estatusa galtzen badu, dirulaguntzak ere galduko ditugula animaliak hiltzen dizkigutenean”.
Jakin badaki Asturiasen otsoaren ezkutuko ehiza praktikatzen dela, eta oso kritiko agertu da: “Munduko gauzarik ergelena dela uste dut. Ez dute kontzientziarik. Abere baten hanka-hezur garbi bat topatzen dutenean, otsoari botatzen diote errua zuzenean. Gizonen gorroto horren atzean ikusten dudana da basabizitzako harrapari nagusiarekiko lehia”.
Ondorioz, Alejandrak bestelako estrategiak asmatzearen aldekoa da. Hurrengoa otu zaio: aztertzea ea posible izango litzatekeen, otsoen populazioak ehiza bidez murriztu baino, orkatzekin eta basurdeekin arazo handia daukaten lurraldeetara sakabanatzea, modu natural batean: “Korridore ekologiko bat irudikatzen dut, haien kabuz mugi daitezen Extremadura bezalako guneetara”.
Lugo: “Frogatu dugu badaudela elkarbizitzarako sistemak”
2008an otsoen eraso latzei aurre egin behar zieten Casa Xanceda kooperatibako langileek. “Hamabi behi hil zizkiguten eta, horrez gain, taldean sortu zuten estresak abortuak eragin zituen eta esne ekoizpenaren gainbehera dramatikoa”, nabarmendu du Sara Torreirok, kooperatiba horren komunikazio arduradunak. Otsoaren biziraupenaren aldeko elkarteengana jo zuten aholkularitza eske, eta hurrengo bi neurriak gomendatu zizkieten: mastinak adoptatzea eta haien belardia hiru metroko altuerako hesiekin ixtea. Gerora, Casa Xancedako zuzendariak ideia berritzaile bat ekarri zuen: Namibian boluntario ibilia zen, eta han ikasi zuen asto eme gazteak erabiltzen zituztela abereak leopardo eta gepardoen erasoen aurrean babesteko: “Otso iberikoaren elkarteari galdetu genion ea sistema hori aplikagarria iruditzen zitzaien, eta baietza eman ziguten”.
Astoek mastinek baino lehenago detektatzen dute harraparia. Eguna bada, abisua emango dute arrantzen bidez, langileak hurbildu ahal izateko. Gaua baldin bada eta animaliak bakarrik baldin badaude, astoaren abisuak behi eta txakurrei lagunduko die erasoaren aurrean antolatu eta indartsuagoa agertzeko. Izan ere, astoek lagundu dezakete otsoak uxatzen eta saia daitezke koska egiten, baina gutxienez bi mastin izatea ezinbestekoa da defentsa arrakastatsua izateko. Suitzako Alpeetan ere baliatu da praktika hau, ganadua otsoen aurrean babesteaz gain, desagertzeko arriskuan egon den beste espezie bat ere babesten duelako: astoa.
Neurri horiek ezarri dituztenetik, otsoak inguruan ikusi badituzte ere, ez dute erasorik egin. “Ez dugu ezeren eredu izan nahi, baina frogatu dugu badaudela elkarbizitzarako sistemak”, nabarmendu du Torreirok. Casa Xancedaren webgunean aipatzen dute esperientzia hau haien erantzukizun sozial korporatiboaren ildo gisa: ingurumenaren, garapen iraunkorraren eta animalien ongizatearen aldeko konpromisoan datzana. “Ez da greenwashing, konpromiso zintzoa baizik”, aldarrikatu du Sarak. Konfirmatu du otsoaren presentziak basurdeen populazioa murriztu duela.
Kooperatibako bazkide gehienak emakumeak dira, eta ez dute ehizarekin bat egiten. Bestelako animaliekin ere saiatzen dira errespetuzko irtenbideak topatzen: “Xoxo batek gure oiloen arrautzak lapurtzen ditu. Bada, gure lehenengo saiakera izan da atetxo bat jartzea oilotegian, baina ikasi du sartzen. Orain arrautza faltsuekin probatzen gaude. Bioaniztasuna sustatzen dugu gure laborantzen polinizazioa errazteko; txorientzako aterpeetan eta erlauntzetan inbertitzen dugu”. Gastu horiek guztiak epe laburrean errentagarriak ez badira ere, Sarak baieztatu du enpresak ezinbesteko arduratzat dituela. Edonola ere, otsoaren aurreko neurriak hartzeko dirulaguntza malguagoak eskatu ditu eta onartu du haien metodoa esplotazio txikientzat dela bideragarria.
“Legea aldatzeko modua demagogikoa eta tamalgarria izan da”
Ingurumen zuzenbidean aditua da Endika Valbuena Alonso. Bizkaian hazia, Leoneko Riaño udalerrian bizi da. Otsoari buruzko hitzaldiak eskaini ditu probintzia horretako zenbait herritan, ikuspegi zientifiko eta juridikoan zentratuak.
Oso haserre agertu da canis lupus-ak duen babesa murrizteko erabili den bidearekin: “Konstituzioaren aurkako jukutria inmoral bat baliatu da: elikadura-segurtasunari buruzko lege batean sartu da oharkabean, eta lege horrek ezin du baliogabetu otsoaren babesa ezarri zuen Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legea, LESPREren [Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrenda] oinarri juridiko dena. Ezin da LESPRE barnebiltzen duen araudia bat aldatu harremanik ez duen lege berri baten bidez. Modu demagogiko eta tamalgarrian aurkeztu da gainera Espainiako Diputatuen Kongresuan”.
PPk kolatu zituen elikagaiak alferrik galtzeari buruzko legean otsoa babestutako espezieen zerrendatik ateratzea ahalbidetu duten hiru xedapenak, Junts, Vox eta EAJren aldeko botuekin. "Ekoizpen-sistemaren eraginkortasuna" bermatzeko neurri gisa aurkeztuta justifikatu dute lege horretan txertatzea.
"Maskulinitate eredu horrek sustatzen duen ehizarentzat, otsoa lehiakidea da, izan ere, kanidoak animalia basatien populazioa murrizten badu, ehiztariak
zailago izango du argazki ikusgarria lortzeko"
ENDIKA VALBUENA
Erabat etsigarria iruditzen zaio Endikari Espainiako testuinguru politikoa. Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Herriaren Defendatzailearen konstituzio-kontrakotasun errekurtsoa onartu dezake eta, hortaz, legearen eragina indargabetu, baina bidean PP Espainiako Gobernura bueltatzen bada, “litekeena da LESPREren behin betiko erreforma sustatzea, inolako eztabaida zientifikorik gabe”. Politikarien populismoak eta hedabide hegemonikoen sentsazionalismoak bat egin dute iritzi publikoa otsoaren kontra baldintzatzeko orduan: “Politikari batentzat askoz errazagoa da otsoa jomugan jartzea sektorean transformazioa bultzatzea baino, eta prentsak diskurtso hori xaxatu du”.

Are gehiago, feminismoaren gorakadaren aurreko erreakzio matxista kapitalizatu nahi du VOXek, eta maskulinitate tradizionalaren defentsarako haien estrategian pisu handia dauka ehizaren alde egitea, abeltzainen izenean. “Santiago Abascal landa-eremutik paseatzen da ehiztariekin argazkia ateratzeko. Gizonezko abeltzain askok (eta zenbait abeltzain emakumek ere bai) harengan ikusten dutena da potroak bere lekuan jarrita dituen morroi bat”, gaitzetsi du Endikak.
Maskulinitate eredu horrek sustatzen duen ehizarentzat, otsoa lehiakidea da, izan ere, kanidoak animalia basatien populazioa murrizten badu, ehiztariak zailago izango du argazki ikusgarria lortzeko: “Ehiztariak gustuko du oparotasuna: nahiago du 25 basurde akabatu bi baino”. Ezkutuko ehiztarien jarduna ere lotu du gizontasun-erakustaldiekin: “Asturiasen otsoen buruak agertu dira trafiko seinaletan eskegita. Potroak ateratzearen moduko keinua iruditzen zait”. Aurretik azaldu duguna berretsi du abokatuak: basurde eta orkatzen gainpopulazioak gaixotasunak areagotzen dituztela, baina horiek abeltzaintzan eragiten dituzten kalte handiak gutxiesten direla, otsoen erasoak ikusgarriagoak direnez, herritarrengan inpaktu handiagoa dutelako.
Endikaren esanetan, eztabaida honen atzean ez dago landa-eremua eta hiriaren arteko gatazka, “zientzia eta ekonomiaren artekoa” baizik, errentagarritasuna erdigunean jartzen duen abeltzaintza eredu industriala gailendu delako eta, era berean, sektore publikoak ez duelako abeltzaintza estentsiboan eta, bereziki, otsoen erasoen prebentzioan diru nahikoa inbertitzen.
(Artikulu hau LARRUN 313ko atal bat da eta beste honekin batera doa: Otsoa: elkarbizitza posible ote da?)
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545