Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urtero, uztailaren lehen astean, nire amama eta aititek Barakaldotik Galiziarako bidaia egiten dute, euren jaioterrian, Boiron, udapasa egiteko. Lehenengo afaria beti berdina da: olagarroa a feira eran. Barakaldon A nosa terra tabernaren aurrean bizi dira, galegoa euskara baino maizago entzuten den auzo batean. Hala ere, olagarroa Boirorako edota ospakizun oso berezietarako erreserbatzen dute. Erritual bat da.
Amak aitite pulpo a feria jaten ari dela ateratako argazkia bidali zidan egun berean, olagarroaren jatorriari buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebistan. Ba al dakizue nondik datorren jatetxeetan eskaintzen duten olagarro gehiena? Mendebaldeko Saharatik eta Mauritaniatik.
Dakhlaneko kalak Marokoko kostaldeko aberatsenak dira: esportatutako arrainaren %84 arrantzatzen dute, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera. Bitartean, kanpamentu sahararretan bizi baldintzak larriak dira. Ez dute ur-horniketarik eta euren kostaldean arrantza egitea debekatuta dute
Ez nau harritzen supermerkatuetan saltzen duten olagarroa Hegoaldeko herrietatik inportatzen dugula jakiteak, baina erreportajean Ourenseko azoka oso ospetsu batera jotzen dute eta saltzaileek argi uzten dute aspaldi ez dutela tokiko olagarrorik saltzen. Europan produktu preziatu horren eskaera izugarri hazi da azken urteotan. Galizia oraindik ere erreferentzia da, baina egun inportatutako animaliak jasotzea, prozesatzea, poteratzea eta atzerrira esportatzea da bere zeregina. Ba al daki nire aititek argazkian irrikaz dastatzen ari den janari hori bere auzoko Eroskin erosiko lukeena bezain arrotza dela?
Dokumentala Mendebaldeko Saharan egina da, horrek esan nahi du Marokok lurralde okupatuetan legez kanpo egiten duen espoliazioa elikatzen ari garela. Dakhlaneko kalak Marokoko kostaldeko aberatsenak dira: esportatutako arrainaren %84 arrantzatzen dute, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera. Bitartean, kanpamentu sahararretan bizi baldintzak larriak dira. Ez dute ur-horniketarik eta euren kostaldean arrantza egitea debekatuta dute. Erreportajean, kazetariak hori kontatzen ari direla, Marokoko polizia agertzen da eta aireportura itzultzera behartzen dituzte; deportatuak izango dira bidegabekeria horren berri emateagatik.
Bi ondorio barrundatzen ditut: 1. Israelekin bezala, Marokoko produktuei boikota egiten saiatu behar dut. 2. Sasoiko produktuak jatea kolonialismoaren aurkako erresistentzia forma da. Kontsumo kultura honek gustuko duguna edozein momentuan eta edozein lekutan lortzera ohitzen gaitu. Mangoak, papaiak, marakuiak. Ba al zenekien kinoa modan jartzearen ondorioz, produktu horren prezioa igo dela eta Andeetako biztanle askok ezin dutela euren oinarrizko elikagaia ordaindu? Elikadura burujabetzaren alde eguneroko keinu ugari egin ditzakegu. Nik aurten bete dudan asmo ona, sasoiz kanpo tomaterik ez erostea eta kontsumo taldeko otzaran jaso arte itxarotea izan da. Merezi izan du.
Nire amama neska txikia zen bere herrixkako itsasertzean olagarro bat topatu zuen egun ahaztezin hartan. Korrika joan zen saskian kargatzera, bere amari sorpresa emateko irrikan. Auzoko gizon bat ziria sartzen saiatu zen, garro pare bat lapurtzeko asmoarekin: “Bigun egon dadin, kapatu behar duzu, barruko garroak moztuz”. Nire amamak ez zuen sinetsi eta irmo erantzun zion: “Alde egin edo oihuka hasiko naiz”. Amamaren pasadizo kutunena da hori.
Erreportajea abisu triste batekin bukatu da: Sahara eta Mauritaniako olagarroak ere agortzen ari dira. Laster animali mitologiko hauek arrain-haztegietan jaio eta biziko dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545