Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ari zara ikasten.

Plater garbiak


2025eko martxoaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan. Adin nagusian ere badira berdin jokatzen dutenak. Osterantzean, zer goxoa ogi mamorra saltsan bustia. Lastima, etxean bakarrik egitekoa da, publikoan ez ei da polita. Are gehiago, batzuek diote jaki zerbait platerean lagatzea dela dotoreena, ez dezala inork pentsa goseak hamikaturik garela.

Txundidura zen, halere, ikaskide batek, aberatsa bera, kafetegian pastela eskatu eta erdia jan gabe bertan uzten zuenean; eta aldamenean zeuden mizkin frustratuetarik bat ere ez ausartzen zati hura ahoratzen, ez zelako holakorik egiten, nahiz eta poltsikoan pezetarik eduki ez kafea goxoki batez laguntzeko. Dirua holako maneran botatzeak, horrek zuen eskandalu ematen, ordurako ez baitzen gehiago bekatu janaria galaraztea.

Askoz geroago, lagunaren lagun batek, afaldu bitartean, serio azaldu zuen bere praktika bikaina: ez zuela inoiz jaten zerbitzatzen zioten guztia, aszesi hori eskatzen zion gogoak gorputzari, silueta zolia atxikitzearren. Esan eta egin: eskatu gabe zati txikiagoa ekar ziezaiotela, hantxe utzi zuen behiki-zerra puska, eta erakutsi nola nagusitzen ahal zaion apetitu eragabeari.

Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte

Antzeko moduan gure progreen hainbat jai jatorretan: plater bakoitzean saiheski bana, eta laster erdia zakar ontzira. Hori gaur egunean, dagoeneko denek dakigunean munduko eta hemengo gosea zer den, ezaguna denean haragia minetan hazia eta minetan hila izan dela eta haren ekoizpenak zer inpaktu handia duen ingurumenean. Eta alferrik suntsitu.

Azken urte hauetan janariaren xahuketa amaigabea murrizteko neurriak abiatu dira, adibidez, udal zenbaitek herritarren esku ezartzen dute eskola jantokietako soberakina. Profesionalek ere balukete zer egin; ostatuetan plater beteak atera orde erretiluan zerbitzatuko balute, hondarrak balioztatzen ahalko lituzke.

Bestela, bezeroen xelebrekeriak ere baditugu. Hollywood-eko izar baten haurrak, nerabea hain segur, gurasoak nardatzeko jatetxean azietak miazkatzen omen zituen. A zer amets glamourosa guretzat Donostiako zine festibalean Maria Cristinako apopiloak ikusiko bagenitu, mihiaz ez bada ere, ogiaz azken zukuak biltzen eta platerak garbi-garbiak uzten, dotorezia gorenean.

Betiereko sua
2023-03-19 | Anuntxi Arana
Lehen bioletekin bat, mendiko suak heldu dira tenoreko, beren desmasiek jarraikiak. Eta ondoren protestak, aldizkari honetara bidali ohi ditudanak barne. Orain dela bi urtekoa ikaragarria... (+)
gora