Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen zarenerako zu zeu zara gertakari horietako bat grabatzen ari zarena”. Lehorteak, suteak, uholdeak. Herenegun Indonesia edo Pakistan, atzo Kanada edo Australia, gaur Mediterraneoa, bihar…
Ezin esan alarma gorriak piztuak ez zeudenik. Urrutira joan gabe, 2023ko Klimaren egoera txostenean, komunitate zientifikoak zioen: “Denbora amaitu da, iragarpenen agerpena ikusten ari gara, eta sufrimenduzko eszena larriak gertatzen ari dira. Sartu garen dimentsio ezezagunaren beldur gara. Laster Parisko Akordioko 1,5 graduko helburuaren porrotaren lekuko izango gara”. Azken hori, esan eta gertatu. 2024a izango da 1,5 graduko berotze langa urte oso batez gainditzen den lehena.
Dagoeneko badakigu gauza asko egin ezean ez dugula arrakastarik izango. Prebentzioa, arintzea (isurien murrizketa) eta ondorioei egokitzapena, dena batera
Ondorioen aroan gaudela jakite hutsak, alabaina, ez gaitu prestatzen datorrenerako, zientifikoki egia denak ez baitu efektu politiko automatikorik. Horregatik, egunotan entzuten ari garen “nik esan nuen”, “nik abisatu nuen”, eta inplizituki doan “inork ez zidan kasurik egin” horiek ez dute ekarpen handiegirik egiten, esaten duenaren egoa puzteaz haratago. Aitzitik, larrialdi klimatikoari aurre egiteak neurri anitz eta, batzuetan, deserosoak eskatzen dituen neurrian, borroka politiko eta kultural asko gertatu eta irabazi behar dira.
Eta ez da erraza neurrien inguruko hierarkia egitea. Zein neurri hartu eta zein ordenetan. Gero eta gutxiago fidatzen naiz arazo konplexuak sinplifikatzeko joerarekin, “hau da egin behar dena lehendabizi” esaten duenarekin. Dagoeneko badakigu gauza asko egin ezean ez dugula arrakastarik izango. Prebentzioa, arintzea (isurien murrizketa) eta ondorioei egokitzapena, dena batera. Alerta sistemak erabili eta barneratu ezean, prebentzio kultura hedatu, larrialdien koordinazioa hobetu, lurralde eta hiri plangintza berrikusi, fosilak erretzeari utzi, berriztagarrietara trantsizioa egin, gertuko elikadura sustatu, garraio publikora jauzi egin, azpiegitura politika datorrenera egokitu edota kapitalaren logika hedakorrarekin amaitu ezean, ez dugu arrakastarik izango. Dena, denok eta dena aldi berean. Neurri bakar bat mespretxatu gabe. Eta, batez ere, neurri hobeak egon daitezkeen aitzakia ez erabilita eraginkorrak diren neurriak baztertzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545