Asteroko buletina
Ihintza gaineko hegoa, gauerako hodeia.

Beldurrik ez?


2024ko urtarrilaren 17a

2024ko egutegiari lehen orriak erortzen ari zaizkion honetan, gure arazo ekologikoen erpin nagusienetarikoa den larrialdi klimatikoari begiratuz gero, ezin esan amaitu berri dugun urtea itxaropentsua izan denik. Errekorrez betetakoa, dagoeneko ez da erraza adierazle bakan bat azpimarratzea, ia denak baitaude hizki larri gorritan. Klimaz haratago, planetaren bederatzi muga ekologikoetatik seitan planetaren karga gaitasunaren gaindi gabiltza, eko-antsietatetik eko-axolagabetasunera egunero hainbat salto eginez.

Urte luzez ohartarazi gaituzte zientzialariek sistema naturalek eta sozioekonomikoek kolapsoa izan dezaketela, bero jasanezina, muturreko fenomeno meteorologiko ugariak, elikagaien eta ur gezaren eskasia, itsas mailaren igoera, gaixotasun berri gehiago eta gizarte-ondoeza eta gatazka geopolitikoak areagotuko dituen mundu honetan.

Baina, aurten, 15.000 zientzialariren lanak barnebiltzen dituen urteroko The State of the Climate 2023 (Klimaren egoera 2023) txostenaren idazleek pausotxo bat gehiago eman dute eta honako hau adierazi: “Denbora amaitu da. Zientzialari garen aldetik, gero eta gehiago eskatzen zaigu jendeari egia esateko termino sinple eta zuzenetan, aurre egiten diegun krisiei buruz. Egia esan, shock egoeran gaude 2023ko muturreko fenomeno meteorologikoen tamainarekin. Sartu garen dimentsio ezezagunaren beldur gara”.

Badakigu hamar urte barru arazo nagusia izango dela, baina gaur gaurkoz beste hamaika arazo lehenesten ditugu

Sartu garen dimentsio ezezagunaren beldur dira zientzialariak. Eta gu? Non kokatzen gara euskaldunak gure eta datozen belaunaldien bizi baldintzak erabat baldintzatuko dituen gai honetan? Azken inkestei eta txostenei erreparatu eta gero, bi datu ekarriko ditut gogora. Antza, populazioaren %40 inguruk uste du hamar urte barru larrialdi klimatikoa hiru arazo nagusien artean egongo dela. Esan daiteke euskal jendarteak etorkizuneko krisi ekologikoari buruzko kezka badarabilela buruan, baina gaurko arazoez galdetuz gero, kezka hori hamahirugarren postura jaisten da. Hau da, badakigu hamar urte barru arazo nagusia izango dela, baina gaur gaurkoz beste hamaika arazo lehenesten ditugu.

Eta horrela, urgentziek ez digute uzten etorkizuneko arazo nagusiei aurre hartzen, irtenbideak beti biharko uzten ditugu. Jendartearen izaerari leporatu diezaiokegu, noski, baina bi kontutxo gogoraraziz amaituko dut. Ingurumen gehiegikerien bestondoa ez da hamar urte barru azaleratuko, dagoeneko azaleratzen ari delako. Bestalde, gutxienez hamar urteko esfortzu bateratu eta jarraitua behar dugu hamar urte barruko eszenatoki latzenak egikaritu ez daitezen. Beldurrik ez?

Valentziako ilargia
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei... (+)
Zaharrak berri
Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak,... (+)
Etxeko lanak
Hauteskunde-kanpainen arteko tarte gero eta estuagoan, komeni da XXI. mendeko urte erabakigarrietan sartu garela gogoraraztea. Adibide bakarra jartzearren, ozeanoen tenperatura-errekorrak etengabe gainditzeak izututa dauzka zientzialariak,... (+)
Mirarien zain?
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa sortzen duten isurien azken datu ofizialak atera ditu Jaurlaritzak, 2021ekoak. Isuriek %8 egin dute gora berriro. Are gehiago, dagoeneko badakigu 2022.... (+)
Klima eta energia legea
Jaurlaritzak trantsizio energetikoan eta larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan aitzindaritza aldarrikatzen badu ere, ekintzak ez datoz bat hitzekin. Indarrean dauden klima eta energia estrategiak (Klima 2050... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora