Asteroko buletina
Apirila euritsuak nekazaria pozten du.

NATOk armak oparituko dizkio bere buruari, eta klima kutsadura denori

Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako hizkera belizistari indar gehiago emanda. Hori gutxi balitz, txosten batek erakutsi berri du bere gastu militarraren gorakadak milioika tona CO2 gehiago isurtzea ekarri duela azken urtean. Zorionak.


2024ko uztailaren 24a
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, ondoan duela Xavier Bettel Luxenburgeko kanpo ministroa. Barreak eta adeitasuna nagusi Washingtongo goi bileran, kanpora begira gerra-mehatxuak eta militarizazioa zabaltzen dituen bitartean.NATO

Washingtonen egin du NATOk bere azken goi bilera uztailaren 9tik 11ra, Abrahamen denborakoa dirudien Joe Biden presidente estatubatuarra anfitrioi zuela. Baina ez da edozein bilera izan, munduko erakunde militar handi eta suntsitzaileenaren 75. urtemuga ospatu dute bere 32 estatu kideek. Eta nola ospatu gainera.

Irakurleak nahikoa luke prentsa orokorreko goiburuak leitzea konturatzeko Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak (NATO ingelesezko hizkiz) zer nolako intentzioak dituen mundu mailako eskalada beliko honetan. Edo berdin kontsultatu dezake bere webgunean, Washington Summit Declaration (Washingtongo Gailurraren Adierazpena) izenburupean eta 38 puntutan laburbilduta, alferrik galtzekorik ez duen testua.

Washingtongo goi bilera ez da hitz-joko belizista antzuetan geratu, Ukrainari dirulaguntza eta arma gehiago agindu diote, eta beste promesa bat egin ere bai: Europa ekialdeko herrialde sobietar ohia erakundean sartzea “atzeraezina” dela esan dute

Komunikatu gogor horretan Txina jarri du jo mugan NATOk, esanez Errusiak Ukrainan daraman gerraren “bideratzaile funtsezkoa” dela. “Uste dut mezua oso indartsua eta argia dela: argi eta garbi ari gara definitzen Txinaren erantzukizuna Errusiaren gerra baimentzerakoan”, adierazi du Jens Stoltenberg erakunde armatuaren idazkari nagusiak. Ipar Atlantikoko Itunak dio “kezkaz” begiratzen diela Pekinen armategi nuklearrei eta bere ustez kontuan hartzekoak diren beste “mehatxu hibridoei, zibernetikoei, espaziokoei eta bestelakoei". NATOren aburuz, Errusia eta Txina "nazioarteko ordenaren joko-arauak aldatu nahian" dabiltza.

Baina Washingtongo goi bilera ez da hitz-joko belizista antzuetan geratu, Ukrainari dirulaguntza eta arma gehiago ere agindu dizkiete –2022tik urtero 40.000 milioi euro bideratu izan ditu Zelenskiren gobernuak gerran jarraitu dezan–, eta beste promesa bat ere egin diote: Europa ekialdeko herrialde sobietar ohia erakundean sartzea “atzeraezina” dela esan dute. Hitz horretan dago NATOk oraingoan emandako urrats arriskutsuaren giltzetako bat –segidan baieztapena leundu arren “baldintzek ahalbidetzen dutenean" esaldia erabilita–, Ukraina NATOn integratzea beti izan baita marra gorri bat Errusiarentzat.

NATOko estatu kideetako buruak Washingtonen bilduta. Argazkia: NATO

Armen ekoizpenean eta salmentan gehiago gastatzea da euren plan brillantea. Lehendik ere lerrootan azaldu dugu NATOk bere bazkideei eskatu bezala BPGren %2 gastu militarrera bideratzeak ekarriko duen miseria herritarrentzat –besteak beste, murrizketa sozial itzelak–. 2024an Europako herrialdeen eta Kanadaren gastu militarra %18 igo zen, NATOk adierazpenean “pozez” nabarmendu duenez.

Baina zifra hori eskas geratu zaie antza: “Berresten dugu kasu askotan %2ko gastua baino gehiago beharko dela”, dio onarturiko testuak. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Stamerrek esan du prest direla defentsarako aurrekontua BPGren %2,5era igotzeko, eta ez dira gutxi pentsatzen dutenak Herbehereetan egingo den hurrengo goi bileran helburu hori nagusituko dela.

NATOk hori guztia egiten du makillaje geruza lodi bat aurpegian jarrita, segurtasunaren eta demokraziaren izenean, faxismoa garaitu ostean sorturiko nazioarteko ordena “defendatzen” ari denaren iruditegia erabilita. Baina NATO sortu baino askoz lehenago ere –seguruenik Bigarren Mundu Gerra hasi zenetik, María José Tíscar historialari galiziarrak La Excepción Ibérica  (Iberiar salbuespena, Ediciones Akal, 2022), liburuan dioen moduan– AEBek mundu bipolar bat bultzatu dute.

NATOk hori guztia egiten du makillaje geruza lodi bat aurpegian jarrita, segurtasunaren eta demokraziaren izenean, faxismoa garaitu ostean sorturiko nazioarteko ordena “defendatzen” ari denaren iruditegia erabilita

Josep Fontana historialari jakintsuari irakurri izan diogunez, 1949an George Kennan AEBetako diplomazialariak plan bat proposatu zuen, ikusita NATOren “defentsarako” mekanismoek mundu mailako gatazka ekar zezaketela: sobietarrekin akordioa egin eta Alemania “desarmatu eta neutralizatu” bat sortzea. Baina militar estatubatuarrek antzarak ferratzera bidali zuten, eta geroztik ez da egon hirugarren bideetarako tokirik Lurrean.

Mitoak eta kontu-garbitzeak

NATOren geroztiko historia, Die Linkeko diputatu alemaniarra den Sevim Dağdelenek kontatu du arrakasta handiko liburu batean, ingelesera itzuli berria: NATO: A Reckoning with the Atlantic Alliance (NATO: Atlantikoko Itunarekin kontu-garbitzea).

Dağdelenek Democracy Now-ko Amy Goodman kazetari ezagunarekin izandako elkarrizketan aipatzen ditu liburuan idatzitakoak: “NATOren historia ukazioaren historia da eta hiru mito handi ditu. Lehenengoa da defentsarako ituna dela. Gutxienez 1999tik, Yugoslaviako Errepublika Federala eraso zuenetik, badakigu gerrarako ituna dela”. Afganistango hogei urteko gerra, Iraken kontrako erasoa edo 2011ko Libiaren kontrakoa ere jarri ditu adibidetzat diputatuak.

Beste mito bat datza sinetsarazi nahi izatean NATO “demokrazien kolektibo bat” dela, erregimen autoritarioen kontra borrokan ari dena. Gogoratu besterik ez da egin behar Portugal izan zela bere sortzaileetako bat, Salazarren garaian, Mozambike eta Angolako kontzentrazio esparruetan afrikarrak torturatzen zituen bitartean. “NATOk ez du inoiz arazorik izan diktadore faxistekin”, oroitarazi du Dağdelenek.

Portugaleko delegazioa NATOk 1970eko hamarkadan Bruselan egindako goi bilerara iristen. Argazkia: NATO

Eta azkenik, giza eskubideak babesten dituela dioen mitoa dago. Honetan, estoldetako zabor guztiak ateratzen ditu egileak: Guantanamoko tortura zentroak, Julian Assangeren kontrako prozesua, Irakeko gerra krimenak… AEBetako Brown Unibertsitatearen ikerlan baten arabera, hogei urtetan AEBek eta bere aliatuek hasitako gerren ondorioz 4,5 milioi pertsona hil dira. Ez da atzera begiratu beharrik, ordea. NATOko kideek –AEBak eta Alemania buru– Gazako sarraskia egiteko Israeli emandako laguntza du aipagai diputatu ezkertiarrak: “Gazan 15.000 haur hiltzea ezin da justifikatu autodefentsarako eskubide legitimoarekin”.

233 milioi tona karbono, guretzat

Bere existentzia zuritzeko estrategia barruan, azken urteetan klima larrialdiari aurre egiteko neurriak ere iragarri ditu NATOk, esaterako 2050erako industria militarreko karbono emisio netoak “zero” izatea –Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik 32.000 milioi dolarreko kalte klimatikoa eragin duela bolo-bolo zabaltzen duen bitartean–. Greenpeacen esanetan hipokresia hutsa da NATOrena, guztiz kontraesanean dagoelako gastu militarra igotzeko asmoekin, eta bere jarrerak ez duelako zerikusirik justizia klimatikoarekin.

NATOren aliatuek 1,34 bilioi dolar gastatu zituzten iaz armetan, eta ondorioz, denera 233 milioi tona CO2 isuri zuten, fosiletan errege den Qatar bezalako herrialde batek adina

Izan ere, 2023an NATOren gastu militarrak aurreko urtean baino 31 milioi tona metriko CO2 gehiago isurtzea ekarri zuen. Herbehereetako Transnational Institute erakundeak egin eta Bakearen Ikerketarako Delàs Zentroak argitaraturiko Climate in the crosshairs (Klima jopuntuan) txostenaren arabera, NATOren aliatuek 1,34 bilioi dolar gastatu zituzten iaz armetan, eta ondorioz, denera 233 milioi tona CO2 isuri zuten, fosiletan errege den Qatar bezalako herrialde batek adina –eta ez dakigu zenbatekoa litzatekeen karbono aztarna hori gastu helburuak %2,5era igota–. Bikain, badu kandelei putz egiteko beste motibo bat. 

"Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten"
2024-11-28 | Urko Apaolaza Avila
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian.... (+)
Valentziakotik ikasi behar duguna: eman arnasa lurrari
2024-11-17 | Urko Apaolaza Avila
Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen... (+)
Silikosi epidemia: kasuak biderkatu egin dira sukalderako harri-artifizialaren ondorioz
2024-11-14 | Urko Apaolaza Avila
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko... (+)
Arabako Mahastiak sor-markaren kontrako helegitea ontzat jo du Auzitegi Nagusiak
2024-11-07 | Urko Apaolaza Avila
Arabako Errioxako ardogileek euren izendapena izateko bidea judizialki eten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu araultzaileak jarritako helegitea babestu ondoren. Hala, ezin... (+)
Lehen aldiz 1,5ºC-ko langa gaindituko du tenperaturaren igoerak 2024an
2024-11-07 | Urko Apaolaza Avila
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora