Asteroko buletina
Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean

Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela konkurrentzia desleiala, dela burokraziak galdeturiko betebeharren karga, hamaika arrazoi dituzte karrikara ateratzeko. Oinarri bera dute, halere, hamaika gaitzek: Bigarren Mundu Gerraren biharamunean abiaturiko nekazaritza eredu produktibista. Muturreraino eraman da eredu agroindustriala eta bere mugak agerian dira. Alta, sistema bera ez dute zalantzan jartzen laborarien ordezkariek. Alderantziz, eredu horrekin segitu ahal izateko, ingurumenaren aldeko neurrien deuseztapena dute galdatzen.  


2024ko otsailaren 18a
Milaka eta milaka laborari elkartzen ditu azken asteetan loraturiko mobilizazioak. Direla agroindustriaren aldeko sindikatuek deituriko hitzorduak, agroekologiaren alde dabiltzanek finkaturikoak, zein talde asindikalek antolaturikoak, karrikara ateratzeko hamaika ekimen daude Europako hainbat herritan, tartean, Euskal Herrian.

Azken asteetan Europa mailan zabalduz doazen laborarien protestek agerian utzi digute krisi sakona bizi duela lehen sektoreak. Sindikatu baten zein bestearen eskakizunetatik edota talde asindikalen aldarrietatik irakurketa bateraturik ezin bada atera, guztientzat balioko lukeen ondorio argi batera menturatu gaitezke: Bigarren Mundu Gerraren biharamunean abiaturiko nekazaritza eredu produktibista muturreraino eraman da eta parez pare ditu bere mugak. Egiaztapen horrek alde guztien oniritzia baldin badu ere –beti ere, fede txarrekoak alde batera utzirik–, auzia korapilatzen da krisiaren iturburuei eta eman beharreko aterabideez aritzerakoan.

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko FNSEA eta JA sindikatuek blokeoak bukatzeko manua emana duten honetan eta Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko laborariak protestan dabiltzala, argi gelditzen ari da krisiaren arrazoietan jartzen direla Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) eta laborariei errenta duinik bermatzen ez dien merkatua. Frantziako Gobernuak eta orokorrean Europako Batzordeak kexuari emandako erantzunak ikusirik, negoziazio mahaian jartzen dena argitu zaigu: agroindustriarekin elkarrezina den trantsizio ekologikoari bidea moztu nahi zaio.

“Europaren Itun Berdea dugula herri ezberdinetako laborarien kexuaren oinarrian? Baliteke. Europako Itun Berdea  dela laborarien zailtasunen arrazoia? Hori ez”
Pierre-Marie Aubert 

Agroindustriaren bultzatzaileak dira FNSEA eta JA sindikatuak eta botere politikoa haien alde dutela, satisfos atera dira negoziaketetatik: 2030erako pestiziden erabilpena %50 gutitzea helburu zuen Frantziarako Ecophyto Plana etetea lortu dute. Ingurumenari dagozkien arauak errespetarazteko ardura duen Bioaniztasunaren Agentzia independentea estatuaren meneko jartzea ere eskuratu dute. Berdin-berdin, agroindustriako lobby-en itzala ageri zaie Espainiako Estatuan abiaturiko Whatsapp talde asindikalen aldarrikapenei –garapen iraunkorraren alde doan Agenda 2030 deuseztatzea, ingurumenaren alde doazen NPBren baldintzak leuntzea, tartean, lur eremuaren %4 lugorri uzteko betebeharra–.

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatua, Italia... Europa mailakoa dugu mugimendua eta Europatik ere norabide bereko erantzunak datoz: pestiziden erabilpena 2030erako %50 apaltzeko neurria bertan behera utzi du otsailaren 6an Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta lur eremuaren %4 lugorri uzteko obligazioa deuseztatzea ere azkarki aipatzen dute Bruselan.  

France Culture-n France, Allemagne, Pays-Bas: haro sur le Pacte Vert Européen (Frantzia, Alemania, Herbehereak: Europako Itun Berdea jomugan) irratsaioan ondokoa dio IDDRI Nazioarteko Harremanen eta Garapen Iraunkorraren Institutuko ikerlari Pierre-Marie Aubertek: "Green Deal-a (Itun Berdea) dugula [herri ezberdinetako laborarien] haserrearen izendatzaile komuna? Baliteke. Green Deal-a dela laborarien zailtasunen arrazoia? Hori ez". Maleruski, horrela aurkeztua zaigu krisia eta araberako erantzunak jasotzen dabiltza. Funtsean, agroindustriaren aldeko lobbygintza besterik ez dugu. Eta ez da berria. Iazko abenduaren 10eko Lobbygintza toxiko bat dago glifosatoa baimentzeko Europaren erabakiaren gibelean erreportajean gai bera genuen aipagai eta orduan ez zegoen traktoreen errepide mozketarik.

Aldi honetan, ordea, laborarien ondoeza eta desesperazioa xurgatu dituzte presio taldeek eta horretan datza mainstream komunikabideek gorderik atxikitzen diguten boteretsuen joko zikina. Begi-bistakoegia ez izateko gisan, etxaldeen egoera ekonomikoa doi bat hobetzeko neurri batzuk lortzen dabiltza –NPB dirulaguntzen banaketaren lasterragotzea eta berehalako dirulaguntza ezohikoen bermea, besteak beste–.

Jukutria horretaz oharturik, laster lotu ziren laborarien mugimenduari Frantziako Estatuko 50 bat talde ekologista: "Gobernuaren propagandak eta gure arteko herra akuilatuz oraindik gehiago aberastea xede duten diskurtso autoritarioek diotena gezurtatu dezagun: zuen aliatuak izaten segituko dugu, hil ala biziko afera delako". Tonu berean, Confederation Paysanne, ELB eta EHNE Bizkaia ere badabiltza borrokan, agroindustria hobendun jarriz eta agroekologiaren aterabidea zabaltzeko.

Frantziako Estatuari dagokionez, borrokan segitzen du Confederation Paysannek, FNSEAk ez bezala, laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde dabilelako gutxiengoan den sindikatu hori.
Lobbyen azpijokoa, aldaketarik ez bideratzeko

Pestizidengatik ur eta lur kutsatuak; monokulturak pobreturiko lurrak; finantzak finkatu prezio injustuak; laborarien burujabetzaren galtzea; bioaniztasunaren ahultzea; etxalde ttipien desagerpenak –azken hogei urteetan Europako bost milioi etxalde desagertu dira eta 2040erako beste sei milioi dira desagertuko–; laborari anitzen egoera prekarioa; mundu mailako merkantzia liberalizatu kontrolgabea; pestizidek dakartzaten minbiziak... Horra sistema agroindustrialaren muga nagusiak. Hori guztia, gainera, krisi klimatikoaren testuinguruan: munduko berotegi-efektuko gas isurien %23 laborantza industrialetik dator eta aldi berean, laborariak dira muturreko fenomeno meteorologikoen lehen biktimak. Horretan gara.

Laborantzaren
bi norabideak ikerturik
–statu quo-a eta
trantsizio ekologikoa–
konklusio argia du FSEC
batzordearen txostenak:
5 eta 10 bilioi dolar arteko irabazia genuke trantsizio sistemikoarekin.

AOC webgunean publikaturiko Crise agricole: la politique de la rustine en impasse (Laborantza krisia: petatxuaren politika ataka gaiztoan) artikuluan, Alexis Gonin ikerleak xeheki azaltzen digu bidegurutze batean gaudela: edo joera produktibista horrekin segitzen dugu, muturreraino eramanda, edo aldaketa sistematiko erradikala bideratzen dugu, laborantza eta elikadura sistemak osoki berrikusita. Dioenaz, testuinguruak jarritako erronken arabera kokatzen jakin du betidanik NPBak (Europaren elikadura burujabetza lehenik, Europa mundu mailako merkatuan kokatzea ondoren) eta gaur egun birkokatu beharra du: "Laborantzaren muturreko ekologizazioa gauzatuta, kontsumitzaileen, langileen eta ingurumenaren osasuna jarri beharko luke zentroan NPB berriak".

Bizkitartean, azken urtetan garaturiko "laborantzaren modernizazio ekologikoak" ez die gaur egungo erronkei erantzuten. "Ezin gauzatuzko oximorona dugu produktibismo berdearena, kapitalismo berdearen gisara", Goninen hitzetan. Gainera, ezinegona areagotzen die laborariei: "Arauen gaitzespena nabarmendu dezakegu laborarien kexuan. Laborantzaren modernizazio politikaren prototipoak dira arau horiek. Ereduaren kontraesana begibistan jartzen digute: produktibismoarekin segitu nahi da, baina albokalte kaltegarrienak, batez ere ekologikoak, zuzenduta. Bruselako edo Pariseko burokratek idatzitakoak dira, premiazko betebehar ekologistei erantzuteko. Kate administratibo konplexu horretan dira laborariak eta geroz eta zehatzagoak eta teknikoagoak diren arau geroz eta gehiago bete behar dituzte".

Arau metaketak sortu ezinegon hori arintzea lehentasun balute bezala dabiltza sindikatu potoloak, baina negoziatzerakoan interes propioei begira dabiltza: arau ekologikoen deuseztapena.

Berez, aterabidea argia da : aldaketa sistemikoa

Milaka laborari protestan dabiltzan honetan plazaratu du Food System Economics Commission (Elikagaien Sistemaren Ekonomia Batzordea) erakundeak lau urtez mamituriko txosten zientifikoa. Mundu mailako 60 bat ikerlari independentek idatzitako txosten hori argiki mintzo da: gaur egungo laborantza ereduak urtero 3 bilioi dolarreko kostuak ondorioztatzen ditu ingurumenaren alorrean, eta beste 11 bilioi dolarreko kostuak osasunaren alorrean. Bi norabideak ikerturik –statu quo-a edota trantsizio ekologikoa–, konklusio argia dute: 5 eta 10 bilioi dolar arteko irabazia genuke trantsizio sistemikoarekin. Aldaketa globalak erran nahi luke, lekuan leku eta mundu mailan guztia dugula berrikusten: sukaldatzeko ohiturak aldatzen ditugu –haragi gutiago, lekuan lekukoa kontsumitu eta mozkin ekologiko gehiago– eta nekazaritza iraunkorra sustatzeko elikadura eta laborantza politika ausartak bideratzen dira –pestizida erabiltzaile handien zergapetzea eta diru hori etxalde ttipietara zein kontsumitzaile prekarioenetara birbideratzea eta agroekologiaren sustapen argia–.

"Eraldaketa horren kostua –mundu mailako BPGaren %0,2-0,4ko heina urtero– txikia da ondorioztatuko lituzkeen bilioika dolarren parean. Klimari, naturari eta osasunari loturiko urgentziei aurre egiteko tresna interesgarriak dira elikadura sistemak, beti ere milioika herritarren bizi maila hobetuz", Herman Lotze-Campen ikerlearen hitzetan. Laborarien ongiezari erremedio iraunkor eta zintzoa emateko borondatea ukanez gero, pista interesgarriak lituzkete txosten horretan erabakitzaileek. Arazoa da, oraingoz, agroindustrialen ongiezari begira daudela.

Ingurumenaren aldeko neurriak deuseztatzearen aldeko lobbygintza nabarmena da. Hori horrela, Europako Batzordeak onartu du kentzea 2030erako pestizidak %50 gutitzeko helburua. Parean, ekologistek babesa erakutsi diete laborariei. Argazkian, Parisetik zabaldu elkartasun mezua.

 

Ingurumenaren aldeko neurrien arintzea dakarren NPBaren erreforma onartu dute eurodiputatuek
Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira. (+)
Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak
Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek... (+)
Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa
2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan,... (+)
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak
Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa... (+)
Lapurdi eta Gipuzkoa arteko autobidearen blokeoa abiatu dute laborari asindikalek
A-8 autobideko ordainlekua 12:00etatik 16:00etara blokeatzeko helburua dute. Traktoreak iritsi dira Bidasoaren bi aldeetatik. Sindikatuen borrokari dagokionez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora