Asteroko buletina
Azaro euritsu, urte garitsu

Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen sektorean profesionalki, baratzeak izan dituzte, animaliak... Duela zortzi urte Asteasun (Gipuzkoa) okupatu zuten lursailaz mintzo, azaldu digute ez direla urratsa eman duten bakarrak, jende gehiago dabilela ekinean, utziak zeuden lursailak biziberritzen.


2023ko abenduaren 20a
Argazkia: Sagarrondu

Asteasuko lursailean baziren hogei bat sagarrondo erabat abandonatuak, apenas ikus zitezkeen sasien artetik. 2015ean autonomia komunalaren bueltako jardunaldiak egin ziren Ziordian (Nafarroa), eta han hasi zen egitasmoa hezurmamitzen. Parte-hartzaileetako batzuek Asteasuko lursaila ezagutzen zuten, bazeukaten nondik hasi, beraz.

“Lan handia egin genuen lursaila txukuntzen, sasiak kendu eta arbolak kimatzen”, azaldu digute kolektiboko bi kidek –ez dute izenik aipatzea nahi–. Sagar kopuru handi ala txikiagoa bildu, haien helburua harago doala diote, lursaila kolektiboki biziberritzeak betetzen dituela bereziki. “Gure sagarrekin ez ditugu beharrak asetzen, horregatik saiatzen gara biltzen beste leku batzuetan, inguruko baserrietan galdetuta. Izan gara Aian, Igeldon, Anoetan, Hernanin, Eratsun inguruan... Urtearen arabera sagar gehiago ala gutxiago ematen digute, sobera geratzen zaien kopuruaren arabera”.

Sagar batzuk biltzearen truke lursail horiek zainduko dituzte, sagardo botilak oparituko dituzte, auzolanean lagunduko dute... “Jabego pribatuaren zilegitasunaz eztabaidatu nahi dugu guk; badira kasuak non sagarren truke zerbait oso zehatza eskatzen diguten, baina guretzat hori litzateke alokairu batean sartzea bezala”, kontatu digute. “Hala ere, ez dugu posizio adostu eta bakarra gai honekiko, eztabaida pizten du gure artean”. Profil desberdineko jendea izanik ere, baserritarrekin konfiantza lortu dutela kontatu digute. “Bakarren batzuk zaharregiak dira zelaiak zaindu eta sagar-biltzen aritzeko, haien seme-alabek ez diote baserriko lanari eutsi, eta pozten dira ikustean euren lursaila oraindik ere probetxuzkoa dela batzuentzat, lotura berezia dutelako baserriarekin”.

Ziurgabetasuna

Lurra zaintzeak lotura berezia sortzen du, poz iturri da, baina frustrazioa ere eragin dezake. “Lan handia eskatzen du, eta emaitza ez da beti berehalakoa, ezta espero bezalakoa ere”.  Fruituak epe luzera biltzen diren jardueraz ari garela jakitun, okupazioak berarekin dakarren ziurgabetasuna azalera ateratzen da hainbatetan, Asteasuko lursaila salgai dagoela ikustean, esaterako. Lurra okupatu zutenean bazekiten salgai zegoela, baina “prezioa hain zen altua”, ia ezinezkoa zen inork hura erostea. Baina pasa zen denbora, Sagarronduko kideek lan handia egin zuten guztia txukuntzen, eta zer eta duela bi urte inguru lursailaren salmenta-prezioa jaitsi egin zuten. “Ikusi genituenean saltzaileak publikatu dituen argazki berriak –guk txukundu ostekoak–, eta gainera prezioa jaitsi duela... blokeo apur bat eragin zigun. Badaezpada ere ez dugu arbola gehiago landatu, dirua eta lana eskatzen duelako, eta ez dakigulako etorkizunak zer ekarriko digun”.

Argazkia: Sagarrondu

Azaldu digute okupazioa “aukera ona” dela bestelakoan hain erraz lortu ezin daitezkeenak lortzeko, baina badauzkala mugak. “Okupazioa, halaber, hautu politikoa da, jabego pribatuaren aurka eta, bereziki, landa eremuari dagokionez, jabegoa izanik ere erabiltzen ez diren lursailak biziberritzeko. Denbora daramagu eztabaidatzen beste lursail batzuen zesioak-edo lortzen saiatu beharko ote genukeen, baina ez dugu erabateko adostasunik lortu gai horren inguruan”.

Merkatuaren logikatik at

Apurka-apurka, sagardoa eta sagar-zukua egiteko beharrezko azpiegitura lortzen joan dira. Tolarea, adibidez, orain gutxi arte Aiako baserri batekoa erabiltzen uzten zieten, baina jada badute bat propioa, Asteasun bizilagun duten baserritarrarekin partekatua, haren lursailean dagoen txoko batean daukatena, matxakarekin batera. “Bizilagunak laguntza handia eskaini digu, traktorea utzi izan digu, bere etxean gauza batzuk gordetzen utzi...”.

Bestalde, botilak joan dira biltzen kontaktuen bidez, tabernetan galdetuta. Eta kupela, altzairuzkoa, 500 litrokoa, lagun baten bitartez lortu dute. Haren Lasarteko etxean daukate, baita botilak ere. Sagardoa baliatzen dute norberak kontsumitzeko, trukerako, auzolanean ibili osteko mokadutxoetan eskaintzeko, edota horiek zozketatuta diru apur bat bildu nahi duten kolektiboei oparitzeko. “Gu ez gatoz landa eremutik, beste mugimendu batzuetatik baizik, okupazioa, transfeminismoa... Ekoizpenaren bueltako sare bat daukagu, eta auzolanak egiten ditugunean gure sagardoa eta zukua edan ohi ditugu. Behar bat asetzea baino, gehiago da jendeari zer eskainia izatea; ederra da”. Tarteka hitz egin izan dute sagardoa saltzeko aukeraz, proiektua finantzatu ahal izateko gutxienez, baina, ideia erabat alboratu ez duten arren, merkatuaren logika horretan sartzeak azkura apur bat sortzen du kideen artean. “Guk ez dugu lana horretarako egiten”, diote.

Fruituak epe luzera biltzen diren jardueraz ari garela jakitun, okupazioak berarekin dakarren ziurgabetasuna azalera ateratzen da hainbatetan.

Kortxoak jartzeko tresna daukate, zukua pasteurizatzekoa (bizilagunaren etxean), dentsimetroa... Azaroaren 20aren bueltan botilaratu zuten sagardoa (zukua lehenago), eta orain zain egon behar apur bat, edateko. “Abuztura arte itxarotea ere kalterik ez; maiatzean ireki izan ditugu botilak eta oraindik punttua falta zuten”. Iaz ez zuten sagardorik egin, eta aurten presenteago izan dute zein sagar mota erabili, bai sagardotarako, bai zukua egiteko, kontuan izanik beti ezin dituztela gustukoak baliatu. “Gure lursailekoak handiak dira, baina motelak”.

Debekatutako esparruetan ekinean

“Lurrari lotutako lan batzuk estresagarriak izan ahal dira, desesperagarriak, baina harremanak sortzeko oso leku politak dira”, esan digute Sagarronduko kideek. Egindako ahaleginak emaitzak ematen dituela ikustea asebetegarri zaie. “Emakume, bollera eta trans bezala, talde moduan ekarpen handia egin digu geure buruak gai ikustea debekatuak izan zaizkigun esparru horietan aritzeko: makinaria, indarra, tolarea, txabola eraikitzea, malda igotzea zakua lepoan, arbola gainean kimatzen aritzea, motozerra eta sasi-garbitzeko makinarekin aritzea... Sagardoa egin nahi dugu, zentzu horretan badaukagu ikuspegi produktibista, baina guretzat oso inportantea da motozerra erabiltzen ikastea, adibidez”.

Sagarrondu, izatez, ez da talde ez mistoa, gizon cis heterorik gabekoa, baina hastapenetan izan ezik, proiektuan aritu dira eta ari dira trans, emakume eta bollerak. “Horrek asko laguntzen du, badugulako feminismoak eta transfeminismoak ematen duten ikuspegia, rolen inguruan adibidez. Gure auzolanetan, ziurrenik, ez da behar lantzea beste esparru batzuetan landu beharko liratekeen gauzak, genero aldetik ematen diren botere harremanak esaterako. Mutilen batzuk nahi dutenean auzolanetan parte hartu, gutxiengoa izan behar dira, eta dagokien lekua zein den jakin behar dute, jabetu behar dute guk markatuko dugula erritmoa. Ariketa interesgarria da, gizonek ikasteko euren burua ipintzen bigarren planoan. Egia da gure inguruko gizonei neurria hartua diegula [barreak]”.

Argazkia: Sagarrondu

Izaera propioa duen kolektiboa izanik ere, rolen inguruan lanketa egin behar da: “Indibidualki ez baina kolektiboki bai, dezenteko lana egin dugu guk ere beste rol batzuk hartzeko, tresneria erabiltzen ikasteko adibidez. Batzuek agian ausardia handiagoa dute besteek baino. Hor lanketa bat egin da, baina ez du esan nahi gure artean rolak ez daudenik. Pertsona batzuk koordinazioan aritzen dira, rol hautatuak dira horiek; baina batzuek tresna batzuk hartu dituztela eta besteek ez, hori ez da rol hautatua; ezta batzuk kimatzen ari diren bitartean gainerakoak adarrak biltzen aritzea ere; edo logistika lanak beti delegatzea pertsona batengan... Uste dugu ondo ari garela, baina gauza horiek zaindu egin behar dira”.

Zaintzari egokitutako antolakuntza

Sagastiari zenbat denbora eskaintzen dioten galdetuta, azaldu digute urteotan murrizten joan dela, egin beharrekoa hobe neurtzen dutelako. Lursaila okupatu zutenean majo egin zuten lan, baita pandemia baino apur bat lehenago arbola batzuk landatu zituztenean ere –kiwi, udare eta intxaurrondoak–. Gainerakoan, iraila aldean izaten dute lanik handiena, sagardoa eta sagar zukua egiten hasteko garaia heltzean, sagarrak bildu eta tresneria zein botilak garbitu behar direlako, besteak beste. “Auzolanerako deia egiten dugu, eta aipatu ekoizpen sareko kideek-eta laguntzen digute. Bestalde, gure bizitzak ez daude enpleguaren bueltan eraikiak, eta zentzu horretan ezegonkor xamarrak gara. Adibidez, urteren batean taldekide batzuk egon dira mahatsa biltzen, eta horretara egokitu behar duzu, bakoitzak ahal duena emango du”. Dena den, arau batzuk ere badituzte. Esaterako, norbaitek ezin badu bere txanda bete, konpromisoa hartuko du ordezkoa bilatzeko. Sagarrondu bezalako ekimen kolektiboetan, ekoizpenari eskainitako denborari taldearen kudeaketak eskatzen duena gehitu behar zaio: bilerak egin, eztabaidatu, erabakiak hartu...

Pixkana-pixkana ari dira ikasten. “Prozesuari geroz eta garrantzi handiagoa ematen diogu, baita  materialari ere. Tentuz garbitzen dugu, ahalik eta ondoen zaindu. Ez dugu sagardoa usteldu eta botatzerik nahi, hastapenetan gertatu zitzaigun moduan. Badakigu jende askori gertatzen zaiola, baina lan eskerga egin duzu, eta dirua gastatu”. Huts egiteek alde onik ere badute, hala ere. Sagardoa gaizki atera zitzaien garaian ozpina egin zuten. “Ez genuen nahita egin, baina aizu, ozpin ona zen, propietate askokoa. Hori bai, sagardoa espero duzunean 80 litro ozpinekin gelditzea... [barreak]”.

Putreentzako janlekuak, turistak erakartzeko amu
2024-08-27 | Jon Torner Zabala
"Valderejoko hegazti sarraskijaleen janlekuak erabilera turistikoa izango du". Atentzioa eman digu Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute kazetariak Alea.eus agerkarian plazaratutako albistearen goiburuak. "Putreak baliatu, putreak... (+)
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik
2024-03-03 | Jon Torner Zabala
Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko.... (+)
Larrialdi egoera ezarri dute Katalunian bere historiako lehorterik okerrenagatik
2024-02-01 | Jon Torner Zabala
Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako... (+)
'Gailurretan izan gaitun' erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua
2024-01-18 | Jon Torner Zabala
Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa... (+)
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra
2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora