Asteroko buletina
Baratzezaintza, arte eszenikoetan mantzoena da

“Eskolako patioa aldatzeak ekarri du neskek zentralitatea irabaztea”

Ikastetxeko kanpo espazioa aldatzeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan zein eragin izan duen aztertu du Haizea Egiartek; ikasleen arteko harreman, gatazka eta jarrerei nola eragin dien jaso du ikerketan, Asier Huegun zuzendari duela. Eta jaso du, baita ere, zein neurritan gainditu diren prozesuak izan dituen erresistentziak: patio berrian haurrak zaintzeko zailtasuna, eta futbola jolastokitik guztiz ezabatzeko hasierako nahia. "Eskolak apurtu behar baditu gizartearen zenbait inertzia, zergatik ez planteatu futbola kentzea?". Artikulu bukaeran dituzu jolastoki berriaren irudiak.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2023ko irailaren 20a
"Emakumeok badugu joera bigarren planoan egotekoa; haurtzarotik ikas dezatela neskek erdigunea beraiena ere badela". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Hezkidetza eta natura ardatz hartuta, ikastetxeko kanpo espazioa eraldatu zuten Durangoko Kurutziaga ikastolan. 2018an inauguratu zuten jolastoki berria, eta horren eragina ikertu du Haizea Egiartek, eskolako irakasle, guraso eta 81 ikasleren iritzia bilduta. Azken finean, “haurrek gutxienez 30 minutu igarotzen dute eskolako kanpo espazioetan egunero, 525 ordu ikasturtean zehar”, nabarmendu du.

Zergatik da garrantzitsua kanpo espazioa?
Haizea Egiarte: Irakasle moduan sarri gela barruko kontuei ematen diegu batez ere garrantzia, baina kanpo espazioa ere eskolaren parte da, ezin dugu ahaztu jolasteko leku aproposa direla kanpo espazioak eta umeek autonomia, psikomotrizitatea… jolasaren bidez ere garatzen dutela. Patiora irteten direnean, beraiek erabakitzen dute nola jolastu, zertara, irudimena erabiliz, helduek ezarritako arauetatik askeago, eta libreki eta inkontzienteki, ikasten ari dira hor ere.

Are gehiago, gela barrua eta kanpoa continuum bat da, erabilera hezitzailea eman dakioke lau hormetatik kanpoko eremuari, eta ezin da irakaskuntza gela barrura murriztu eta patioa izatea zaintzen duzun espazioa baino ez. Klasea planteatzerako orduan kontuan har dezakegu kanpoaldea, helburu didaktikoa duen ekintzaren bat antolatu ikastetxeko patioan edo auzoan, baliabide oso aberasgarria delako, zer esanik ez inguruan natura baldin badugu.

Asier Huegun: Gela barruan ez bezala, kanpoko espazioari maiz ez diogu funtzio hezitzailea aitortzen eta kontrolik gabe geratzen da, gizartearen estereotipo eta joera asko erreproduzitzen dira, eta hain justu horregatik ere inportantea da espazio horietan arreta jartzea.

Kanpo espazio gris zurrunak ditugu oraindik, ala gero eta aberatsagoak?
Egiarte: Esango nuke irakasleak kontziente direla kanpo espazioak garrantzia duela, baina baliabide pertsonal eta ekonomikoak behar dira horiek eraldatzeko eta inportantea litzateke eskola publikoetan halako aldaketak bideratzea. Zer egiten dute irakasleek? Daukatenarekin moldatu, proiektuak, metodologiak eta abar duten horretara egokitu, baina kontziente izanik espazioari beste erabilera batzuk eman ahal zaizkiola.

Eskolatik harago, nire herrian egin dituzten parke berriek badituzte enborrak, oreka lantzeko hainbat gailu, material ezberdinez egindako azpiegiturak… eta txikia nintzenean zabuak eta gutxi gehiago zuten. Alegia, espazio berriak diseinatzerakoan aintzat hartzen dira gauzok, baina aurrez dauzkagunak aldatzea ere garrantzitsua da, baita ikastetxeetan ere.

Huegun: Apurka-apurka ikusten dira han-hemenka espazioak eraldatzeko planteamenduak ikastetxeetan, espazioaren antolaketari garrantzia ematen eta espazioaren funtzio hezitzailea kontuan hartzen hasiak dira batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan, baina falta da halakoak DBHra iristea, esaterako.

"Adinak gehiago nahasten dira eta elkar zaintzen dute. Irakasleak konturatu dira beren zaintza funtzioa ez dela hain inportantea, behaketarako tarte interesgarria bihurtu dela jolastokia"

Kurutziaga ikastolan bai, kanpo espazioa birdiseinatzeko aukera izan dute.
Egiarte: Kezka bi arlotan zuten batez ere: hezkidetza eta natura. Adibidez, garbi ikusten zuten patio erdian zuten futbol zelaiak dena jaten zuela, nagusiki mutilek jokatzen zuten futbolera, eta neskak patioko periferiatan mugitzen ziren. Hortik abiatuta, izugarrizko patioa egin dute, baina halakorik ez duten ikastetxeek ez lukete kanpo espazioa patiora mugatu behar, herrira zabaldu beharko lirateke: inguruan erreka, zelaia… baldin badituzu, zergatik ez irten ikastetxetik eta aprobetxatu? Beti ez da erraza, baina saiatzea merezi luke.

Huegun: Hala da, gaur egun eremuak eta espazioak bananduta eta zatituta ditugu, baina ikastetxeak komunitatea osatu beharko luke auzoan eta herrian, espazioek elkar eragin beharko lukete.

Hezkidetza eta natura ardatz hartuta erabaki zuten, beraz, ikastolako kanpo espazioa eraldatzea. Lau urte iraun dituen proiektuak bi erresistentzia nagusi izan zituela aipatzen duzu ikerketan. Bata, irakasleen aldetik, beldur zirelako espazioa zabaltzerakoan haurrak zaintzea eta kontrolatzea zailagoa izango zela.
Egiarte: Jolastokia handituta, gatazka gehiago sortu zitezkeela pentsatu zuten, eta patioaren zaintzarako errefortzua jartzea pentsatu zuten, baina konturatu ziren ezetz, espazio eta aukera gehiago emanda, haurrek jolas kooperatiboak sortzen dituztela, gaztelua edo dena delakoa elkarrekin egiten jartzen direla adibidez, eta liskarrak gutxitu egin dira. Espazio aldaketak harreman berriak sortu ditu eta futbola jaun eta jabe zen lekuan bestelako jolas eta aukerak eskaintzeak ahalbidetu du batzuk eta besteak elkarrekin aritzea. Esaterako, jolas librea bultzatzen duten espazio hauetan adinak gehiago nahasten dira, primeran moldatzen dira hainbat adinetako haurrak, handiek txikiak lagunduz, txikiek beren irudimena handiei kutsatuz… Elkar nola zaintzen duten ikustea polita da, mendixka igotzeko bakoitzak dituen abilidade eta zailtasunen arabera nola elkarri laguntzen eta itxaroten dioten. Irakasleak konturatu dira beren zaintza funtzioa ez dela hain inportantea, behaketarako tarte interesgarria bihurtu dela jolastokia, ideiak hartzeko. Errekan gustura ari direla? Egin dezagun proiektu bat errekaren inguruan.

Huegun: Zaintza ez baita soilik bertikala (irakasleak ikasleak zaintzea), elkar zaintza horizontala ere inportantea da, eta espazioaren eraldaketak elkarbizitzari on egin dion gisan, inklusioari mesede egin diola ere azpimarratuko nuke: gaitasun eta nahi askotarikoak dituzten haurrek espazio bera partekatzen dute. Aldiz, espazio tradizionaletan sarri ez da hori gertatzen eta joera baztertzaileak daude, gaitasunak tarteko, besteak beste.

Bigarren erresistentzia bat ere izan zuen proiektuak: futbolik gabeko espazioaren aurka azaldu ziren batzuk, berehala. Azkenean, patioaren erdian zegoen futbol zelaia kendu bai, baina bazter batean zegoen futbito zelaia mantentzea erabaki zuen ikastolak.
Egiarte: Beharbada etorkizunean egongo da ikastetxeren bat futbol zelai barik, baina momentuz ez dut bat bera ere ezagutzen. Proiektuaren hasierako ideia zen bai futbol zelaia eta bai futbito eremua kentzea, eskolaz kanpo nahi beste futbol jokatzen duelako gura duenak, beraz, zergatik ez kendu ikastetxetik? Baina erresistentzia batez ere gurasoen aldetik etorri zen. Eta niri iruditzen zait futbola guztiz kendu izan balute, haur askok hasieran protesta egingo zutela, baina gero erraz egokituko zirela eta beste jolas batzuetan gustura arituko zirela. Ikastola komunitate baten parte da, ordea, eta gurasoen eskaeraren aurrean, futbitoa mantentzea erabaki zen.

Huegun: Gizarte inertziak barruraino sartzen dira toki guztietan, eta futbola horren adibide da: “Nola utziko dugu gure semea kirol nagusian jokatu gabe?”. Benetako iraultza litzateke futbola guztiz kentzea eskolatik, baina gure iruditerian iltzatuta dugu futbol zelaia berezkoa dutela ikastetxeek, eta ez du zertan. Eskolak izan behar badu gizartearen zenbait inertzia apurtzeko lekua, halako eztabaidak eman beharko lirateke, futbola nahikoa badagoelako jada eskolaz kanpo.

"Berdegunean, neska-mutilek elkarrekin jolasten dute, aurreiritzirik gabe eta gauza ezberdinetan; beste harreman batzuk garatzen dira"

Patioa eraldatuta ere, mutilen gehiengo handiak, eta neska gutxi batzuek, futbito zelaia erabiltzen dute gehien, ikerketan diozunez. Mutila baldin bazara derrigor jokatu behar duzu futbolean, bazter ez geratzeko?
Egiarte: Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen erantzunak jasotzen ditu ikerketak (10-11 urte inguruko ikasleenak) eta agian adin hori ere esanguratsua izan daiteke. Ez dakit pentsatzen duten futbolean aritu ezean taldetik kanpo geratuko direla, baina egia da kanpo espazioa diseinatzetik harago beste jarduera batzuk probatu ditzaten bultzatzea ere ez dagoela gaizki, Asierrek dioen moduan gizarteko inertziak apurtu nahi baditugu. Zentzu horretan, COVID sasoian egun bakoitzean taldeka txandakatu egiten zituzten espazioak, eta mutil ugarik ikusi zuen futbola ez beste jarduera batzuk egin zitzaketela, futbola ez dela aukera bakarra, eta alderantziz, neskak futbolean aritzera animatu zituen egoerak, futbito zelaia egokitzen zitzaienean.

Kurutziagan egin duten beste gauza interesgarri bat da eremuak ezberdin izendatzea, eremu horiek ez dezaten erabilera jakin eta bakar bat izan. Esango nuke futbito pistari oraindik horrela deitzen diotela, baina irudikatu antzoki izendatzen dutela, ba agian hasiko lirateke haurrak bertan antzerkia ere egiten. Espazioak ez badituzu ekintza bakarrera mugatzen, hainbat erabileratarako atea zabaltzen duzu.

Balirudike hainbat espaziok edo jarduerak generoa dutela. Generorik atxikitzen ez zaizkion horietan (landa zabalak, mendixkak, belarrezko harmailak… ditu jolastoki berrituak) ikusten da bestelako harreman eta jarrerarik?
Egiarte: Bai, aipatzen duzun berdegunean esaterako. Futbolean erreferente ezagunenak gizonak dira, mutilentzako kirola dela barneratu dute nolabait; enbor gainean oreka mantentzea, txirristatik jaistea edo dorreak egitea, ordea, ez dago erreferente maskulino ez femeninoen esku, eta elkarrekin jolasten dute, aurreiritzirik gabe. 5. mailako mutilak oro har neskak baino hobeak baldin badira futbolean, ikusi dute neska asko mutilak baino hobeak direla oreka jolasetan, bestelako espazio horietan. Kontua ez da ea zein den zein baino hobea eta bestearen gainetik geratzea, baina neskak ahalduntzeko eta mutilak apaltzeko modua ere izan dira espazio hauek. Horrez gain, espazio ez determinatuak dira, eta aukera ematen dute hainbat gauzatan aritzeko, gaur esploratzaileak gara eta bihar txabola bat egingo dugu, ez daude beste joko batzuetan dauden arauak, eta beste harreman batzuk garatzen dira.

Huegun: Gainera, futbol zelaiak erdigunea hartzen zuenean zentralitatea mutilek zuten, eta espazioa aldatzeak eta beste jarduera batzuk erdigunera ekartzeak eragin du hierarkia hori aldatzea, neskek zentralitatea irabaztea.

Izan ere, jolas libreari eskainitako espazioa da orain patioaren erdigunean dagoena, eta berau da neskek gehien erabiltzen duten espazioa. Hori bai, ikerketak dio irakasleek apur bat animatu behar izan dituztela neskak espazio horiek “konkistatzera”, hain dute barneratuta periferian mugitzea.
Egiarte: Neskek ez dutelako ohiturarik erdigunea hartzeko. Zer egin dute Kurutziagan? Futbola ezin dugu kendu, baina gutxienez mugitu egingo dugu, bazterrean lagako dugu, eta sokasaltoan ibili nahi dutenek ez dute zertan iskin batean aritu, margotu nahi dutenek ez dute zertan bazterrean egon, zergatik ez jarri patio erdian halakoak egiten? Ikerketaren emaitzek diote oraindik asko falta dela neska eta mutilen gehiengoak batera jolasteko, baina neskek sentitu dezatela jolastokia eurena ere badela eta jolastokiaren erdian jardun dezaketela. Gizartean, festetan… emakumeok badugu joera bigarren planoan egotekoa, protagonismoa gizonek izatekoa, txikitatik hala izan delako, baina haurtzarotik neskek ikasten badute erdigunea beraiena ere badela, zentralitatea har dezaketela, indarra hartzen joango dira etorkizunean esateko “ni hemen nago eta lehen planoan nago”.

Naturak presentzia irabazi du kanpo espazio berrian. Eraginik izan al du horrek ikasleengan?
Egiarte: Batez ere Haur Hezkuntzako umeentzat oso aberasgarria izan da eta hareatzan edo basoan ikusten dituzu esploratzen eta jolasten. Gakoetako bat da ikastolak ez dituela haurrak mugatzen, lupetzan edo errekan ez daitezen sartu, patiora ateratzeko katiuskak dituzte eta zikinduz gero aldatzeko arropa badute. Hainbat guraso kexatu egin ziren, umeak asko zikintzen zirela, baina zertarako egin da diseinu aldaketa, ez bada horretaz gozatzeko? Euskal Herrian zenbat euri egiten duen jakitun, euria ari duenean ere naturara ateratzea da ikastolak duen erronketako bat. Eta ikasgela barrukoa naturan egiteko aukera ere baliatu dute: belarrezko harmailetan eseri eta ipuinak kontatzea, adibidez.

Huegun: Naturak sormena pizten duela argi ikusi dute ikastolako irakasleek, haurrek baliabide gehiago erabiltzen dituztela jokoak asmatzeko, elkarlana sustatzen duela eta eragin emozionala duela. Horregatik da inportantea, lehen Haizeak aipatu duen ildotik, eskolaz harago ikasleekin inguruko berdeguneetara jotzea. Herri txikietan errazagoa dirudi, zailago bihurtzen da sortu ditugun hiri eta zenbait auzotan. Eta Euskal Herrian euri asko egiten duela-eta, Finlandian erabiltzen duten esaldi bat datorkit gogora: ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik.

 

Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen
Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta... (+)
Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?
Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu... (+)
Eltxo tigrea EAEko 56 udalerritan atzeman dute
Espezie inbaditzaile hau duela hamarkada bat iritsi zen Euskal Herrira, eta asko ugaritu da hiri inguruetan, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoako hiriguneetan, ura aurkitu dezaketen... (+)
"Akainak gaitza kutsatzeko denbora behar du, egunean bertan kenduta ez dago arriskurik"
Akainak edo kaparrak batetik, eltxo tigreak bestetik, Euskal Herrian duten presentziaz eta gurean dauden espezieez mintzatu zaigu Aitor Cevidanes ikertzailea. Osasuna eta ingurumena hizpide, dituzten... (+)
Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko
Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora