Izotza egurrean

Egin du izotzak berea: azioa, txarkeria. Aspaldian ikusi gabeko izotz zuri galantak izan ditugu apirilaren bukaeran. Sator-lana baina agerian, inongo lotsarik gabe: azerikeria. Ikaragarria bota du Euskal Herriaren hegoaldean.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2017ko maiatzaren 23a
(Argazkia: Estibalitz Besa)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Izotz zuria hauxe da: airean dagoen ura izoztu eta landareen eta lurraren gainean hedatzea. Berez ez da txarra, noiz gertatzen den eta landaredia zein egoeratan harrapatzen duen. Negu gordinean, landareak horretara —hau da, hotzera eta hotzagora— jarrita daudenean gertatzen bada, kalte urriak eragingo ditu. Landareak negua igarotzeko prestatu egin dira, azalak zailduta, zorten eta adarrak izerdiz hustuta eta kimu berriak emango dituzten begiak ezkata sorta batekin babestuta. Hala dio mahatsondoak (Vitis vinifera): betor izotza eta garbitu ditzala koko, mamorro eta xomorro. Kalterik egin gabe, mesede galanta egiten baitu izotzak neguan.

Beste sagardotegiko upela da aurten gertatu dena. Neguan hotz egin du, baina haren bukaera eta udaberria berotik eta lehorretik doaz. Segida honekin, landareak ziztu bizian mugitu dira, begi-kimuak azkar ireki puja berriak eman eta sasoiari ekiteko. Sasoiari indarrez ekin eta kimuetan loreak irekitzen dira, gero fruituetan burutuko diren loreetan. Izotzak begia ireki berri samarra harrapatu eta kimuaren puntta berria erretzen badu, gaitzerdi, baina, deskuidu batez, kimua aurreratu antzera eta loreak irekita harrapatzen badu, jelateak kimu eta lore urteko itxaropen guztia erreko du. Halaxe gertatu da Arabako Errioxan. Hori gutxi balitz bezala, kaltea areagotzen duen eguzkia etorri zen: mahasti puntak izotzez estaliak zirelarik eguzki gordina indar betean azaldu. Horrek bat-bateko aldaketa ekarri zuen hotzetik berora, eta kaltea okertu. Zuhaitz eroria, ezpalkatua.

Orain loraldia ia erabat galduta, mahats gutxi izango da, eta mahatsondoak puja berriak botako ditu alde guztietara. Horrek lanak emango ditu, uztarik izango ez dela jakinda. Mahastizainaren ahalegina, erredurak erredura, mahatsondoen etorkizun ahalik eta oparoena bideratzea da. Ardogilearena, aldiz, non edo han ahalik eta mahats onena aurkitzea.

Udaberri honekin, ziztu bizian doaz gora eta gora upategietan dauden lehengo urteetako ardoen eta kalterik izan ez duten mahastietako balizko mahatsen prezioak.

Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
gora