Jan eta jantzi, jaki eta jakintza

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2016ko martxoaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hartzitutako janariez eta edariez galdetu zidaten lehengo batean. Ogia, gazta, jogurta, ozpina, sagardoa, ardoa, garagardoa, sauerkrauta (aza samina, Brassica oleracea Capitata) eta beste makina bat jaki ontzeko eta iraunarazteko erabiltzen da hartzidura. Guk irakina esaten diogu edarien hartzidurari: sagar muztioak irakin egiten du eta sagardo bihurtu, eta hura, irakinaren irakinez, ozpin bilakatuko da.

Hartzitzen denak, izan landare, fruitu, ale, esne, bizi berri bati ekiten dio. Bakterioak eta legamiak dira batez ere hartzigarriak, bizi berri horretarako gogoa pizten eta akuilatzen dutenak. Zirikatzaile horiek ere bakoitzak bere gustuko bizitokiak dituzte. Ez dira nolanahi eta edonon biziko. Tokira, mikroklimara, ekosistemara tinko-estuan lotutako bizimodua dute. Tokian tokiko orain oraingoari begira daude, beraiek hartzi dezaketena urrutira gabe badela usaindu orduko lanerako pronto. Eta emaitza bakarra da, paregabea. Hor bakarrik gertatuko dena. Inguru bakoitzak bere hartzidurak dituela esan daiteke.

Hartzigarria, neurri batean, kutsadura bat da. Sagarrak azalean darama, legami desdetxa, eta muztioari erantsiko dio. Aireak berak, barrikak... Denek erantsiko dizkiote hartzigarriak, legamien makrofesta; eta horrek egingo du horko sagardoa bakar, paregabe. Horrexegatik hartzitutako jakiak eta edariak kultura kontuak dira. Gure ahosabaia hemen sortutako hartzituetara ohitu da, eta beste nonbaitekora egin ezinik ibiliko da. Hori da kultura, herentzia hori, ondoretasuna.

Thierry Verhelst handiak dio: “Kultura, batez ere, sortzen ari denari zentzua ematea da”. Hau da adiera edo esanahia den zentzua, baina baita norabidea dena ere. Hartzigarriak egiten duena: hartzitu behar duenari nora eta nola egin behar duen erakutsi. Hartzitua jan edo edan duenak ere igarriko dio zentzu horri. Tokiaren, kulturaren, komunitatearen zentzua.

Izan ere, zentzua ez al da ba jakintzaz janztea? Geure burua janztea? Jan hitzetik jantzi, eta jaki hitzetik jakintza; ala?

Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
Geroxeago bueltatu zaitez
2026-03-23 | Jakoba Errekondo
Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin. (+)
gora