Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari.

Alemana izan edo ez

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2015eko azaroaren 04a
Ziabelar usaindunaren loreaMercredis
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ziabelar horiak (Galium verum) adina kumarina edo gehiago du bere ahizpa ziabelar usaindunak (Galium odoratum). “Kumarina” izena gai hori erruz duen tonka zuhaitzetik datorkio, Dipteryx odorata. Zuhaitz horri Guyanako tupi kulturan kumaru ere deitzen diote. Hortik frantsesezko coumarou eta kumarina bera.

Landare askok du kumarina, pozoi indartsua. Eden hori duen belarra jaten duenak barne odoljarioa izateko arrisku ederra. Besteak beste, gure artean bortusaiak (Ruta graveolens), aingeru-belar landatuak (Angelica archangelica), apo-belarrek (Verbascum spp.) eta itsabalkiek (Melilotus spp.) kumarina puska bat dute; gutxixeago, baina larranbiloak ere badu (Matricaria recutita). Ez dira, jakina, gure azienden kuttunak... Larreetan aurrera eta atzera han ibiliko da animalia belarjalea, baina hozkaka motz moztutako gainontzeko belarren artean han geratuko dira tente asko, nabarmen. Kumarinak usain gozoa izanagatik, ugari badago, landareari mikatz ukitu polita eransten dio, eta hortzetatik babesten du. Batez ere, loreetan eta fruituetan metatzen da.

Gure ahora, ordea, ez da mikatza. Itxuraz tabakoari (Nicotiana tabacum) nahasten zaio, ahogozagarri, dasta berezia kutsatzeko; batez ere, pipan erretzen denari. Sonatua izan zen, lehengo milurtekoaren amaiera aldera (1995), AEBetan enpresa tabakogile erraldoi bateko buru ohi batek zabaldu zuen berria: “arratoiak hiltzeko” erabiltzen zen gai bat nahasten zitzaion tabakoari, gozatzeko. Alemania izan zen erabilera hori galarazten lehena. Atzetik etorri dira besteak.

Zenbait edariri ere nahasten zaio: muztio, brandi, ardo, vodka, garagardo... AEBetan 1954az geroztik galarazita dago jakiei kumarina eranstea. Alemanian, ordea, hori onartzen dute, eta, besteak beste, May Wine ardo berezia ziabelar usainduna erantsiz lurrintzen dute.

Lurringintzan asko erabili izan da, gozo-gozo. Jende askorengan alergiak sortzen dituelako susmoen ondorioz, ordea, gero eta gutxiago.

Alemanian bezala, nonahi kumarina maitatua eta gorrotatua. Izan ere, pozoia dosi kontua besterik ez da... Onetik ere gehiegiak kalte.

Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
Kirofanoko zuhaitza, hil eta bizi bat direnekoa
2026-09-14 | Jakoba Errekondo
Adin nagusiko egin naiz duela gutxi: lehen infartu hartatik bizirik atera, iraun eta bizi; bizitza berrian adindun. Eskerrik asko Miren Telleria Arrieta kardiologoari eta bere... (+)
gora