Alberjiniak ongi egiten dakiena da baratzezain ona

Angora ahuntzen ilearekin arropa etikoa

"Ez naiz laborari familiakoa, baina agronomia ikasketak egin eta gero, lehen sektorean aritu naiz lanean Ipar Euskal Herrian. Han ikasi dut badela gauzak egiteko beste manera bat”. Areta Lorea Markalain gaztearen hitzak dira. Abaurregainakoa du aita, eta herrian abeltzaintza proiektu berezia jarri du martxan: Bilobila. Angora ahuntzak hazten ditu, eta ilearekin arropa egin eta saltzen du. “17 ahuntzekin hasi naiz, eta 80 bat burutara iristea da asmoa, etxalde txikia izanen da hau”, adierazi du.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko urtarrilaren 29a
Areta Lorea, angora ahuntzarekin.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Angora arrazak Turkian du jatorria, baina mundu osoan zabalduta dagoela azaldu du Loreak: “Batez ere Hegoafrikan eta AEBetan daude, etxalde izugarri handietan. Mohairra, Angora ahuntzaren ilea, enpresa handiek erosten dute prezio baxuetan, eredu hori da nagusi”. Manejurako arraza erraza dela azaldu du abeltzainak, txikiak eta izaeraz nahiko lasaiak direlako. Ilea da haien berezitasun nagusia: “Hemen ile leuneko eta motxeko ahuntzetara gaude ohituak, baina hauei asko luzatzen zaie, eta kixkurra eta txuria dute”.

Ziurtagiri ekologikorik ez du Loreak, baina bere moduan, eredu sostengarrian ekoiztea du oinarri. “Saiatzen naiz bertako bazka edo ekologikoa lortzen, ekoizpena ahalik eta zentzudunena izan dadin”. Izan ere, lur faltan, momentuz behintzat ez du aski belarrik ekoizten bere azienda guztiari jaten emateko: “Hiru hektarea ditut alokatuta, eta belarra, berriz, ondoko herriko abeltzain bati erosten diot”.

Mohairretik arroparako prozesua, kolektiboan

Artilea baino distiratsugoa da mohairra, eta hau ere isolatzaile oso ona da. “Hotzetik eta berotik, bietatik babesten du, eta ez du usainik hartzen”. Urtean bitan mozten die ilea ahuntzei Loreak, eta eskuzko garbiketa eta sailkapena egin ondoren, Castresera, Frantziako hegoaldera bidaltzen du. “Hango lantegian eraldatzen dute mohairra, eta hari eta arropetan itzultzen digute. Ni bezalako beste ekoizle batzuekin elkarte bat dugu horretarako, kolektiboan egiten dugu eraldaketa”.

Lantegitik bueltan jasotzen dituen arropa batzuk –txanoak, fularrak…– zuzenean saltzen ditu ekoizleak, baina beste batzuk, enkargu bidez eskatutako produktuak, adibidez, eskuz egiten ditu. Laguntzaile bat du horretarako. Batik bat interneteko dendatik merkaturatzen ditu produktuak, modu zuzenean. “Orain bisita gidatuak antolatzen hasi naiz. Kontzientziatu nahi dut jendea, landa eremua eta animalien hazkuntza erakutsi nahi dizkiet. Garrantzitsua da ekoizpen bat zer den ikustea, zenbat kostatzen den”. Zentzu horretan, elikaduraren inguruan sentsibilizazio handiagoa dagoela sumatzen du. “Arropari ez zaio hainbeste begiratzen oraindik, baina, pixkanaka, bide horretan goazela uste dut”.

Marmelada eta kontserbak, Artiedako Arterra Bizimodu proiektuaren barruan
2026-03-30 | Garazi Zabaleta
Artiedako (Nafarroa) Arterra Bizimodu proiektu kolektiboko kide dira Ione Andia Celaya eta Lorena Mompel Sanchez, Gukalde Kontserbak egitasmoa abiatu dutenak. 2024ko udan hasi ziren kontserbak... (+)
Landareak, gorputza eta gogoa zaintzeko
2026-03-23 | Garazi Zabaleta
Ana Velez hernaniarraren (Gipuzkoa) proiektua da Akna Atelier, garai batean ‘Koloreztatu’ izeneko egitasmoaren segida dena, nolabait. “2017 inguruan hasi nintzen olio birtziklatuarekin xaboiak egiten, etxean”,... (+)
“Baratzegintzarako lurra xerkatzea izan da zailena, baina azkenean lortu genuen”
2026-03-16 | Garazi Zabaleta
Behauzeko (Nafarroa Beherea) Isakenia etxaldean hazia da Amaia Elichiry laboraria, eta umetatik izan du laborari munduarekin lotura estua. “Gurasoak ahuntz hazleak ziren, laborantza biologikoan, eta... (+)
Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
gora