Enara batek ez du udaberria egiten

Agroerresistentzia okupatutako lurraldeetatik

Elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua autodeterminazioaren aldeko borrokarekin zuzenean lotua egon da eta dago Palestinan. 1948an Israel kolonizazio prozesuarekin hasi zenetik, milaka izan dira haien lurretatik kanporatu dituzten nekazariak: mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, zaintzen eta lantzen zituzten lurretatik kanporatuak; oinarrizko elikadurarako aukera ematen zieten lurretatik kanporatuak. Egungo sarraski betean ere, ikusi ditugu soldadu israeldarrak olibondoak erretzen eta nekazariei haien lurretarako sarbidea mozten. Ez da kasualitatea. Lurrak lapurtzearekin batera, elikadurarako autonomia lapurtzen baitiete.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko azaroaren 20a
Vivien Sansour haziak eskuan, Palestinako Hazien Liburutegian. Argazkia proiektu horren webgunekoa da: https://viviensansour.com/Palestine-Heirloom
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

“Ramala inguruan herritar guztiak nekazariak ziren 70eko hamarkadara arte. 1975ean, lehen herritarrak lurrak utzi zituenean fabrika israeldar batean lan egiteko, traiziotzat hartu zen. Baina, pixkanaka, diru azkarra irabazteko aukera zenez, nekazari gehiago lurrak uzten eta fabriketara pasatzen hasi ziren”, azaldu du Saad Dagher Ramalako nekazariak Equal Times-eko erreportaje batean. Nekazari palestinar ohiak mugaz bestaldeko eskulan merke bihurtzearekin batera, Palestina Israelgo merkatuaren kontsumitzaile eta "menpeko" bihurtu zen pixkanaka. “Ekoizle izatetik kontsumitzaile izatera pasatzen gara, eta ba al dago modu hoberik norbait menderatzeko kontsumitzaile bihurtuz baino?”, zioen erreportaje berean Vivien Sansour ekoizleak.

Palestinako Hazien Liburutegiaren bultzatzailea da Vivien Sansour. 2014an hasi zen "agroerresistentzia" bezala izendatzen duen proiektuaren oinarriak jartzen. “Gure haziak katalogatzea eta babestea erresistentzia forma bat da niretzat, eta bereziki garrantzitsua da okupazio israeldarraren pean bizi diren Zisjordaniako palestinarrentzat”, zioen. Palestinako 47 hazi tradizional desagertzetik salbatu dituzte hazien liburutegiko kideek, eta Zisjordaniako Battir herriko gunean bildu dituzte guztiak. Hazien Liburutegia, gainera, hurbileko nekazarien topagune bihurtu da urteotan.

Gosearen gerra

Hona hemen 2022an, egungo sarraskia baino urtebete lehenago, Palestinako elikadura burujabetzaren inguruan argitaratutako zenbait datu: Israelek du Zisjordaniako uraren kontrola eta azpiegiturak eraisten ari da etengabe; Gazako nekazaritza lurren %35 iritsezinak dira, eta 13.000 dunam –dunam bat 1.000 m2 dira– herbizidekin kaltetu dituzte; 1967tik, milioi bat olibondo baino gehiago kendu ditu Israelgo armadak, eta 2021ean, 1.600 zuhaitzen uztak hondatu edo lapurtu zituzten.

Azken asteotako sarraskiak milaka bizitza lapurtzearekin batera, autonomiaren aldeko bertako proiektuak ere kaltetzen ari da. Sarraskiaren beste ondorioak dira. Gazatik iristen zaizkigun bideoetan salatu dute: “Urik eta elikagairik gabe gaude, Gazako herritarrok gosez eta egarriz hiltzen uzten ari dira”. Vivien Sansourrek, mezu argia zabaldu du sare sozialetatik, urteotan haien proiektua bisitatu eta orain bizkarra eman dietenei: “Hazien Liburutegiko haziren bat eskuratu nahiean zaudetenei. Gure haziak gu gara, eta honezkero ez gaude erabilgarri zuen arima atsekabetuak baretzeko. Eta, garrantzitsuena, noizbait egon izanaz ere damu gara. Ez gara komunitatea, eta ingurumenarekiko zuen maitasuna zuen gorrotoaren itxurakeria besterik ez da. Hainbeste maite baduzu lurra, bueltan eman bere jendeari”. 

Gaiaz gehiago jakiteko hainbat iturri

- BBCko erreportajea

- Al Jazeerak Hazien Liburutegiaz egindako erreportajea ikus dateke bideo honetan:

Berakatz beltzaren onurak
2026-07-27 | Garazi Zabaleta
Duela hiru urte sortu zuen Pete Ezkerra Perezek berakatz edo baratxuri beltza ekoizten duen Daonaz proiektua. “Lurrarekiko interesa aspalditik datorkit, 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro intentsiboa... (+)
Lehen Hezkuntzarako zurezko material eta jolasak
2026-07-20 | Garazi Zabaleta
Felix Pikatza Arriola laudioarra (Araba) dago Sagutxiki proiektuaren atzean. “2008ko krisiaren aurretik zurezko altzariak eta bestelako materialak egiten nituen nire tailerrean, baina garai horretan enpresa... (+)
Arabako 340 familia elikagai ekologikoz hornitzen dituen egitasmoa
2026-07-13 | Garazi Zabaleta
Woofer gisa –mantenu truke bolada batez laborariekin bizi eta lan egiten duena– itzuli zen Arabara Ana Lafuente, elikagai ekologikoen saskiak osatzen eta banatzen dituen Urbide... (+)
Bertako produktu ekologikoek postua dute Laudioko azoka berrituan
2026-07-05 | Garazi Zabaleta
2024an sortu zuten Laudion (Araba) Ekin ta Eko proiektua, Aiaraldeko eskualdean elikagaien ekoizpenean eta produktu ekologikoen eta hurbilekoen kontsumoan zegoen hutsuneari erantzuna emateko asmoz. “Hasierako... (+)
Baratzeko eta inguruko landareekin egindako kosmetika artisaua
2026-06-28 | Garazi Zabaleta
Antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ari zen lanean Karolina Peños pandemiak bete-betean harrapatu gintuenean. “Kimikako goi mailako zikloa egina nuen, pandemian lanik gabe gelditu nintzenean baserrian... (+)
gora