Intxaur zokolina janez gero, hil
2026-01-15 | Menda Bikoitza

3x08: Emakume zientzialariak bai, guruak ez!

Menda Bikoitza

 

Rosa Tristanek Mujeres con Ciencia webgunean idatzitako artikulu bat landu dugu gaurkoan. Asima Chatterjee kimikari indiarraz aritu gara. Emakume honek balio handiko lana egin zuen sendabelarren eta botiken arloan eta interesgarria iruditu zaigu bere bizitza gure podcastera ekartzea. Ayurveda medikuntza tradizionalean erabiliak diren sendabelarrak ikertzen hasi zen eta haietatik eratorritako botikak sortu zituen, gaur egun ere minbiziaren, epilepsiaren eta malariaren aurka erabiltzen diren farmakoak. Naturan oinarritutako medikuntza arloa landu zuen, zientzia arlo oso bat. Bere ametsa sendagai ayurvedikoak garatzeko sendabelarren institutu bat sortzea zen, eta haren alboan saiakuntza klinikoak egiteko ospitale bat. Amets hau egi bihurtzea lortu zuen, eta sendabelarrekin lan egiteko molde bat eta bide bat ireki ere bai.

Ondoren yogi tea infusioaz aritu gara, 1969an Bhajan Yogiak erregistratu zuen infusioa. Gure podcastean bosgarren saioan landu genuen chai infusioaren oso antzekoa dela ikusi dugu, baina kasu honetan erregistratutako marka batez ari gara. Guk geuk etxean presta dezakegun infusioa da eta hori da proposatu duguna; jatorrizkoa duen te beltzaren ordez rooibos sendabelarra ipinita.

Askotan ematen den aholkua yogi tea infusioari rooibos ipintzea da, eta honek magnesioari buruz hitz egiteko aukera eman digu. Rooibos sendabelarrak eta te berdeak zenbat magnesio duten azaldu dugu, baina benetan magnesioa kakaoan dagoela azpimarratu dugu. Beraz, magnesioa nahi izatera txokolatea jan, eta rooibosa edan, baina gustoko duzulako, ez magnesioagatik.

:: ::
Egileak:
Bizi Baratzea ARGIA, Bizi Baratzea

Menda Bikoitza gehiago:

gora