Asteroko buletina
San Bartolome: burua lodi ta lepua me.
2024-10-21 | Menda Bikoitza

2x01: Schrödingerren landareak

Menda Bikoitza

Gaurko sendabelarra azeri-buztana (Equisetum arvense) da. Eztainu-belarra, azeri-isatsa eta luki-buztana ere deitzen zaio Euskal Herrian.

Antzinatasun handiko landarea dugu hau, izan ere prehistoria garaian ba omen ziren bere familia botanikoko landareak, fosilek ematen duten lekukotzak hala dio. Udazkenean biltzeko moduan daukagu, neguko hotzak eta aurreneko izotzak agertu bitartean ongi egongo baita. Gainera, nahikoa hazia egongo da, askorentzat belaunetik gorakoa izan behar baitu biltzerakoan. Zurtoina eta hosto fin luzexkak erabiltzen dira, landarea heldua dagoenean biltzea komeni da, orain alegia.

Leku ilun, lehor eta egurastuan lehortzen da beste sendabelarrak bezalaxe baina kasu honetan datu hau azpimarratu egiten dugu, freskotan toxikotasun maila altua duelako. Lehortu ondoren guraizeekin txikitu eta infusioa prestatzeko moduan izango gara.

Mineraletan oso aberatsa dugu, silizioa esaterako. Kaltzioa, potasioa, sufrea, magnesioa, aluminioa, selenioa, manganesoa, zinka, kromoa eta C bitamina ditu, baita flabonoideak, karotenoak, taninoak, saponinak, alkaloideak eta gatz mineralak ere. Osagai hauek sendabelar depuratzaile eta mineralizatzaile egiten dute, neke fisikoari aurre egiteko ona. Hezurrak zaintzeko erabili izan da baina bere mineralek gure hezurrez gain, lotailuak, azazkalak eta ilea indartzeko ere balio dute. Udazkenean izan ohi dugun ile galera ohiko horri aurre egiteko erabili izan da aspalditik baina epe luzean hartzea ez dugu gomendatzen.

Atxikitako likidoak kanporatzeko ere balio du, diuretiko eraginkorra baita. Diuretikoa izateak tentsioa jaistea ekartzen du eta diuretiko guztiekin gomendatzen dugun bezala, berau hartzen ari garen epean ur gehiago edatea beharrezkoa da. Gure herrian bederatzi eguneko epean hartu izan da, udazkeneko hiru hilabeteetan zehar, tratamendu hau gorputzarentzat lana denez ez da egun gehiagotan egiten eta ezta dosi handiagotan hartuz ere. Hauxe da gaur dakarkigun gomendio edo proposamena, udazkeneko garbiketa azeri-buztanarekin egitea.

Hipertentsioa, bihotzeko gaitza edo giltzurrunetakoa badago eta botika hartzen bada medikuari galdetu infusioa hartu aurretik. Epe luzean ez da erabili behar. Haurdunaldian ez erabili. Edoskitzaroan segurua den jakiteko ikerketa nahikorik ez da egin. Odolean potasio gutxi badugu (hipopotasemia) ez da erabili behar. Tentsio baxua dagoenean ere tamainan hartu. Urdaileko arazoak baldin baditugu jakin bihotzerrea sor dezakeela.

Bestetik, Schrödingerren landareak deitzen zaion gaiaz aritu gara. Herbarioetatik hilda dauden landareak berpizteko aukera dagoela ikusi baitute hainbat ikerlarik. Munduko 60 herbariotatik hartutako 161 landare espezie berpizteko aukera zertara datorren azaldu dugu, hau da, dagoeneko galdu diren espezieen berpizkundeak zentzurik ba ote duen. Ez dakigu zein den hitz egokia ere, “desgaldu”, “desagortu” edo “desdesagertu”, ez baita gai batere samurra. Kontua da landare hauek potentzialki bizirik eta potentzialki hilda daudela, horregatik, fisikariaren katu famatuaren estatusa daukate.

:: ::
Egileak:
Eneritz Arzallus Alustiza Garbiñe Larrea Iturralde Eneritz Arzallus Alustiza, Garbiñe Larrea Iturralde

Menda Bikoitza gehiago:

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora