Asteroko buletina
Buruila larrazkeneko maiatza.
Dani Blanco

Azeri Buztana

[Garbiñe Larrea]

Toki heze eta laiotzetan ikusten dugun sendabelar hau oso antzinako landarea dugu, zenbait au-torek prehistoriaren memoria bizia deitzen diolarik. Izan ere, duela 2 milioi urte gure planetan hazten ziren zuhaitzen familiakoa da eta gaurdaino bizirik jarraitu du, garai bakoitzera egokitzen asmatu duela erakutsiz. Zurtoina eta hosto fin luzexkak erabiltzen dira, landarea heldua dagoenean biltzea komeni da.
Azeri buztana mineraletan oso aberatsa dugu, asuna bezala, baina zenbait mineraletan askoz aberatsagoa da, silizioa esaterako. Kaltzioa, potasioa, sufrea, magnesioa, aluminioa, selenioa, manganesoa, zinca, kromoa eta C bitamina ditu, baita flabonoideak, karotenoak, taninoak, saponinak, alkaloideak eta gatz mineralak ere.
Osagai hauek sendabelar depuratzaile eta mineralizatzaile egiten dute, neke fisikoari aurre egiteko ona. Hezurrak zaintzeko eta hezurretako gaitzak tratatzeko erabili izan da, baita atxikitako likidoak kanporatzeko ere, diuretiko eraginkorra baita. Diuretikoa izateak tentsioa jaistea ekartzen du eta hipertentsioa tratatzeko ere balio digu beraz.
Ultzera eta zauriak sendatzeko ere erabili izan da, odol-jarioak mozteko eta azala sendatu eta birsortzeko balio duelako.
Berezitasunik nabarmenena silizio gatzetan duen aberastasuna da. Gatz hauek hezur arteko giltzadurak bere onean mantentzeko dira onak, hauen kolagenoa elikatzen dutelako ehunak malgu mantenduz. Kirolarientzat eta giltzaduretako gaitzak dituztenentzat sendabelar interesgarria da, beraz.

 

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

60 cm artean hazi daiteke, zurtoinak barrua hutsa izaten du eta alboetara adaxka berde mehe ugari ditu. Ez du loraldirik izaten baina udaberrian ugaltzen da eta lurretik jaiotzen diren forma kiribildu ikusgarriak egiten ditu.

Erreka bazterretan, iturri edo putzuetatik hurbil eta toki laiotz hezeetan hazten da, isurialde atlantikoan gehienbat. Sendagintzan eta nekazaritza ekologikoan baliatzen da, ongarri moduan.

Nola eta zertarako

Hezurretako minak eta gaitzak daudenean asunarekin batera hartzea gomendatzen dugu baina pertsona bakoitzari dagokion neurrian eta epean. Horretarako profesional bati galdetu hartzen hasi aurretik. Azazkalak eta ilea indartzeko ere infusioa hartzen da baina hemen ere bakoitzari egokitu behar zaio tratamendua. 

Nekea, astenia eta anemia tratatzeko egokia da. Asuna (Urtica dioca), erromeroa (Rosmarinus officinalis), zaingorria (Geranium robertianum), ezkaia (Laurus nobilis) edo salbiarekin (Salvia officinalis) nahastuta har daiteke, nekearen jatorriaren arabera.

Genitaletan onddoak edo azkura dagoenean ere erabiltzen da, baita odoluzkiak tratatzeko ere. Litro bat uretan eskukada bat asuna (Urtica dioica) eta beste eskukada bat erromeroa (Rosmarinus officinalis) ipini. 5 minutuz egosi eta ondoren ordu-erdi uzten da tapatuta. Iragazi eta likido horrekin eseritako bainua egiten da, ordu-laurdenean edo, ondoren ur berritu gabe. 

Diureriko moduan har dezakegu, bera hutsik edo beste sendabelar diuretikoekin nahastuta. Hilabete baino gehiagoan hartzerik ez da komeni. Txizeko infekzioak, giltzurrunetako harriak, gota, prostataren hantura eta likido atxikipena tratatzeko balio du; beti ere tratamendua kasu bakoitzari ondoen doakion sendabelarrekin nahastuta egiten da. 

Ahoko gaitzetarako ere erabiltzen da, onddoek eta bestelako bakterioek sorteen dituzten gaitzak eta usain txarra garbitzeko; erretzaileen kasuan adibidez. Infusio kontzentratua egin eta hortzak garbitu ondoren lauzpabost aldiz ahoa garbitzea gomendatzen da. 

Izerdi gehiegizkoa duenari lagundu egiten dio izerdi hori bete onera ekartzen. 

Zauri eta ultzerak tratatzeko erabili izan da. Infusio kontzentratua egin, trapua busti eta ordu erdian zaurian jartzeko ondo dago. Baita San Juan ukenduari edo zazpi belar ukenduari gehitu eta ukendua ematea ere. 

Salda mineralizatzailea egin liteke tipula (Allium cepa), porrua (Allium ampeloprasum), azenarioa (Daucus carota), apioa (Apium graveolens) eta arbiari (Brassica rapa) litro bakoitzeko koilarakada bana asun (Urtica dioica) eta azeri buztan freskoak gehituz. Negu amaieran eta udaberri hasieran egunean behin hartzea gomendatzen da. 

 

Kontuz

 

Hipertentsioarentzat, bihotzerako edo giltzurrunetarako botikak hartzen baditugu, sendabelar hau erabili aurretik medikuari galdetuko diogu. 

Epe luzean ez erabili, hilabete edo hilabete eta erdi baino gehiago, eta hartzen hasi ondoren beherakoa eragingo baligu utzi hartzeari. 

Haurdunaldian ez erabili. Lehen hiruhilekoan abortoa eragin dezake et hortik aurrera umeari malformazioak sorrarazi (selenio asko du eta teratogenikoa da). Edoskitzaroan segurua den jakiteko ikerketa nahikorik ez da egin. 

Odolean potasio gutxi badugu (hipopotasemia) ez da erabili behar. Tentsio baxua dagoenean ere tamainan hartu behar da, ohiko tratamenduak egitera iritsi gabe. 

Zazpi urtetik beherako umeei ez eman, silize kopuru handirik ez baitzaie komeni. 

Sendabelar honekin edozein tratamendu eginda ere, ur gehiago edatea gomendatzen dugu, deshidratazio arriskua baitago, udan batez ere. 

Urdaileko arazoak baldin baditugu edo urdailerako botikak hartzen baditugu azeri buztana epe motzagoan hartuko dugu, egoera hauetan bihotzerrea sor dezakeelako. 

 

 

Errezeta

Udazkeneko bederatziurrenak

Udazkenean bederatziurrenak egitea aspaldiko ohitura izan da gure artean, urtaro aldakorrera gorputza egokitzeko eta negurako prestatzeko. Bakoitzaren beharren arabera era bateko edo besteko bederatziurrena egiten da. Tratamendu hau gorputzarentzat lana denez, ez da egun gehiagotan egiten eta ezta dosi handiagotan hartuz ere. Hori bai, hiru hilabetetan egin behar da. 

A aukera giltzurrunak indartzeko prestatuko dugu. Negua etorri aurretik gorputzean atxikitako likidoak kanporatzea eta maskuri zein giltzurrunak indartzea oso komenigarria da hotzari aurre hobeto egiteko eta negua hasi aurretik gorputza arintzeko.

B aukera hezur arteko giltzaduretako gaitzak eta minak dituen pertsonentzat dago pentsatua, baita lan fisikoa egiten dutenentzat eta kirolarientzat ere, giltzadurak azkarrago kaltetzen zaizkielako. Harpagofio sustraia ez da gure parajeetakoa eta belardendan erosten da. Urdail sentiberei ez die onik egingo hiru edo laugarren egunetik aurrera, halakoetan malba (Malva sylvestris) edo plantaina (Plantago lanceolata) gehitzea gomendatzen dugu.

OSAGAIAK infusio 1 egiteko 

* 300 ml ur

* Azeri buztan lehorra, hosto eta txortenak

* A aukera, giltzurrunak indartzeko: txilarra (Calluna vulgaris) eta arto bizarrak (Zea mays)

* B aukera, giltzadurak sendotzeko: harpagofito sustraia (Harpagophytum procumbens)

PROZEDURA

1. A aukera: ura irakin ondoren, azeri buztan lehorra ipini, koilarakada handi bat eta txilar eta arto bizarrarenak, berriz, koilarakada txiki bana. 20 minutuan eduki tapatuta, iragazi eta nahi bada eztia gehituta edan goizean baraurik, 9 egunez, urrian hasi eta abendura bitartean. Infusioa edan et 5 minututara gosaldu ohi bezala. 

2. B aukera: uretan harpagofito sustraia ipini, koilarakada txiki bat, eta 5 minutuz irakin. Sua itzali eta azeri buztan lehorra ipini, koilarakada handi bat. 20 minututan eduki tapatuta, iragazi eta nahi bada eztia gehituta edan goizean baraurik, 9 egunez, urrian hasi eta abendura bitartean. Infusioa edan eta 5 minututara gosaldu ohi bezala.

 

 

 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora