Asteroko buletina
Inon, bizitzea, baratze bat lantzea da

Udazkena



2023ko irailaren 23a

Aurreko artikuluetan neguko eta udako solstizioarekin jardun gara baina gaurkoan ekinozio batekin nator: udazkena. Denok ezagutzen dugu urtaro hau batez ere bere polikromiagatik. Gure inguruetako zuhaitzak kolore ikusgarriekin janzten dira: berde, hori, laranja, gorri, okre eta askotan deskriba ezinak diren koloreekin. Haize epel batek zikloa osatu duten hosto koloretsu horiek denak dantzan jarriko ditu lurrera erortzen diren bitartean. Eta hantxe bertan aurkituko ditugu, baita ere, udazkeneko fruituak: perretxikoak hosto artean burua atera nahian, alboko hurritzak emandako hurrak, intxaurrak, gaztainak, basaranak, paretako larretan masustak eta abar luze bat. Udazkeneko mendi bueltak zoragarriak dira, koloretako hostoz egindako alfonbrak basoetako bideetan zanpatuz, zirrin-zarran pauso bakoitzaren soinu salataria aireratuz.

Poeta eta margolari gutxi izango dira udazkeneko irudiak adierazi ez dituztenak. Maitasunaren adierazgarri badira udaberriko loreak, maiteminduenak dira udazkeneko ilunabarrak, batetik sua eta bestetik epeltasuna. Udaberria berritzea bada eta udara garaipena, udazkena heldutasuna da. Fruitu gehienak udazkenean heltzen dira eta udazkenean jaurtiko dira hurrengo urtean erneko diren haziak.

Udazkeneko mendi bueltak zoragarriak dira, koloretako hostoz egindako alfonbrak basoetako bideetan zanpatuz, zirrin-zarran pauso bakoitzaren soinu salataria aireratuz

Badirudi dena zikloka gertatzen dela, ziklo erritmikoak. Astronomiatik hasi eta elementurik txikienetaraino dena zikloka gauzatzen da. Ilargiak 28 egun egiten ditu lurrari bira ematen eta hilero berdin. Hilero esan dut garai batean 28 egunetako hilabeteak baitziren, ilargiaren faseak jarraituz zazpi egunetako lau aste: ilberri, ilgora, ilbete eta ilbehera. Horiek ere hilero beti berdin errepikatuz. Urtaroek ere urte bateko zikloa osatzen dute: udaberria, udara, udazkena eta negua. Erritmo bat sortzen duten zikloak.

Ziklo batzuk luzeak dira, 25 urte edo mendeetakoak eta beste batzuk oso laburrak, egun bat irauten duten tximeleta baten zikloa bezala.

Betidanik lotu izan dituzte urtaroak gizakiaren bizitzako garai desberdinekin, batez ere, udaberria eta udazkena. Askok usteko dute hori erlazio literario edo metaforiko bat besterik ez dela, baina, ene ustez, oker dabiltza.

Gizakia natura da, naturaren parte da eta naturak berak urteroko ziklo bat osatzen duen bezala, gizakiak berak ere badu bere zikloa eta zikloa osatzen duten garai desberdinak. Gizakiarena ziklo lasaiagoa eta luzeagoa da, baina zikloa da. Beraz, gizakiak baditu udaberria, odola borborka jartzen duena eta udazkena, lasaitasun handiagoz odola bere erraietara biltzen duena. Gizakiaren udazkena ez da kontu metaforiko hutsa.

Udazkenean sartzen garenean zientzialariek eguna, ordua eta minutuak aipatzen dizkigute, baina gizakiak bera udazkenean noiz sartzen den ez daki. Hori da arazoetako bat eta larrienetakoa. Batzuk uste dute hosto iraunkorreko zuhaitzak direla, nahiz eta, gizonen kasuan, burusoilak izan eta hor dabiltza 70 eta 75ekoak gaztetxoen pare gizakien basoan engainu batean. Gizarteak berak adieraziko dio gazte garaiak pasa zitzaizkiola.

Udazkenak melankoliatik asko du eta aukera ona da gure barnean sartzeko eta dugun guztia aztertzeko eta goxatzeko

Onarpena. Onartu jadanik udazkenean sartuta gaudela eta udaberrian eta udaran bizitakoa ahaztu gabe, udazken epela, goxoa eta ederra sentitu eta bizi. Udazkenak gure barnera bueltatzea eskatzen digu, zuhaitzen izerdia adarretatik zainetara bueltatzen den bezala eta barrua aberastu, ikusiz, entzunez eta sentituz gure inguruan dugun guztia.

Geure irizpidez eta senaz bizitzeko garaia da, bizitzako heldutasunaren garaia. Gu geu gara eta ez gabiltza adarretatik, baizik eta dena barne barnetik bizi dugu. Udazkeneko argia garbia eta betea da, ez da udaberriko argi itsugarria edo udarako errea bezala. Udazkenak melankoliatik asko du eta aukera ona da gure barnean sartzeko eta dugun guztia aztertzeko eta goxatzeko.

Zuhaitzak hostoak uzten dituzten moduan, guk ere utzi beharko genituzke hainbeste lotzen gaituzten ideia, erlazio eta, batez ere, traste eta bestelako kargak. Beharrezkoak ez diren kargak arintzeko garaia da.

Merezi duten hiruzpalau bat egiteko datozkit burura: naturarekin lotura sakonagoa lortu, behatuz eta bere edertasuna goxatuz; elkarrizketa edo hitz-aspertua lagunarekin edo lagunekin indartu, lasaitasunean gizarte harremana aberastuz; irakurri ongi datorkiguna edo gustatzen zaiguna; eta azkenik, har dezagun guretzat behar dugun denbora. A! Eta perretxikoak, intxaurrak, hurrak eta masustak oso onak omen dira osasunerako, udazkeneko kamamila ere bai.

Iñaki Lasa Nuin

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora