Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Soinuak dakar sona

90 dezibelio; hiriko trafiko astunak sortzen duen soinuaren maila, moto baten burrunda sei bat metrotik entzutea adinakoa. Hori da gose-pizgarri kurruskatsu bat ahoan sartu eta letaginen artean kraska egiten diozunean zure garunak jasotzen duen soinu maila. Izugarria da; gezurra dirudi.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko azaroaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ahoko zuloko hozkadek eta ausikiek oso hurbil dute belarri mintzetik garunerako bidea. Geuk entzuten dugu ongien jakien ehotzearen kirrika. Gosegarri guztiek ez dute karraska soinu bera sortzen. Zerorrek proba egin dezakezu, kraska-kraska eta entzun, aditu eta alderatu. Azenario gordina (Daucus carota), apio txortena (Apium graveolens var. dulce), patata frijitua (Solanum tuberosum), erremolatxa gorri frijitua (Beta vulgaris subsp. conditiva), batata edo patata gozo frijitua (Ipomoea batatas), artale xigortua (Zea mays), txitxirio frijitua (Cicer arietinum), hur errea (Corylus avellana), txerrien urdai frijitua edo gantxigorra bezala baita hirugiharra ere, aukera dugu eta zeinek baino zeinek karrakots gehiago sor dezake.

Gaur egun plastikozko poltsatan iristen zaizkigu gosegarri gehienak. Asko eraldatutako jakiak dira eta forma, kolore eta dasta bereziekin jantziak. Bere sorkuntzan eta diseinuan ahoan sortuko duten soinuan landatzen dute arreta egileek. Soinu mailari erreparatzen zaio, izan ere, zenbat eta soinu handiagoa orduan eta jaki gustagarriagoa. Soinua eta sona uztarri berean.

Gosegarri edo asegarri, sagarra (Malus domestica) ere jan dezakezu. Zer duzu gustuko: krask, kurruska eta karraska hozkadak soinua ateratzen dion sagarra ala ondo heldu eta umatutakoa, zimurtze bidean abiatutako sagar samurtu eta leundutako azal soinu-urruna duena? Zein iruditzen zaizu osasuntsuagoa? Zein zaizu azkurritsuagoa? Zeinena dasta hobeagoa? Heldu, gozo, zaporetsua edo kurruskari, gazi, bizia, zein eta zeren arabera hautatzen duzu, adibidez, fruitu jendea? Gehienok kraskatekoa entzun nahi dugu ahoan, ozen.

Jakin ezazu, baina: bata edo bestea ez duzu zuk zeuk esleitzen, herentzian jasoa duzu hautua. Agidanean, aspaldi garunean txertatua du gure espezieak kraskatekoaren aldeko aukeraketa. Eneko Axpe barakaldar gastrofisikari handiari entzun berria diodanez, ikerlariek gehien estimatzen duten teoriak dio sagar karraskaria osasuntsu dagoela eta osasuna emango digula; sagar bigunduak, berriz, hondatzeko bideari ekina dio, eta agian guri parte txarreko usteldura, onddo edo bakterioa ekar dakiguke, gaitza eta agian heriotza. Gure espeziearen hautuaren istorioak kraskagarriaren aldeko joera landatu eta zaindu du. Biziraupena da kraskatekoa. Kraskaren kultura.

Arazoa aldamenekoak izan dezake. Deskuiduan misofonia sufritzen badu, espeziea espezie eta kraskatekoaren istorioa istorio, besteen ahoko soinua irentsi eta pairatu behar…

Airez eginak
2026-11-16 | Jakoba Errekondo
Tarteka, han-hemenka, landareen bizimoduaz ikastaldi antzeko batzuk ematen ditut. Jendearekin eman-hartu ugari sortzen da, dasta onekoak, mamitsuak, gatzdunak, era guztietara hazkurritsuak. Landareekin zerikusia duten gai... (+)
Gaztaina nor bazeneko lanak
2026-11-09 | Jakoba Errekondo
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil,... (+)
Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
gora