Ongarri onena baratzezainaren itzala da

Porru eta gatz, barazkari latz

Aspaldi aipatu genuen: aurrez ezagutu gabeko har gogaikarri bat ekarri genion porruari (Allium porrum), taratulu gisara zuztarraren mamia erdiz erdi zulatu eta jateko alferrik galtzen zuena; Acrolepiopsis assectella sitsaren harra zen.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko abenduaren 15a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Izurrite hori beste har batek ordezkatu du; "ordezkatu" diot, hau azaldu denez geroztik ez baitut haren arrastorik ikusi. Har berria euli batena da, Phytomyza gymnostoma. Helduek eta harrek izerdia zurrupatzen dute. Harrak gero porruaren beheko aldean pupa edo krisalida sortuko du, heldu bihurtzeko metamorfosian. Goitik beherakoan porruaren hostoak zartatzen dituzte, horiek ere alferrik galduz.

Bi harrok berriak dira gure paisaian. Ez dute oraindik Euskal Herri osoa ezagutzen; pixkanaka, bailaraz bailara, azokaz azoka badoaz hara-hona. Izan ere ez dute areriorik; laster txoriren bat edo beste intsektujaleren bat bera jaten tematzen ahal da!

Areriorik ez eta izenik ere ez dute euskaraz. Iritsi berriak-eta, ezagutze soilak nahiko lan ematen digu. Baina ahalik eta azkarrena jarri beharko genieke izena, laster gara bestela erdara baten edo bestearen izena geuretzen… Niretzat egokiak lirateke "porruaren sitsa" eta "porruaren eulia".

Izena baduena porrua da, eta baita beste barazki asko ere. Barazki berriak ere badakartzagu kanpotik. Porrua ere halaxe etorria izango zen. Lehenengo zibilizazioetakoa zen sumeriarrenean, porrua ezagutzen zuten eta itxuraz erromatarrek ekarri zuten Europa aldera. Galesko ikur nazionala da, VII. mendean izandako guda batzuetan galestarrek aurkariengandik bereizteko porrua soinean eramaten zutela-eta oroigarri. Anglosaxoiek haziarekin hortzetako pasta egiten zuten. X. mendean Frantziako Clunyko abadiako Odon Meung abadeak bere Macer Floridus lanean jaso zituen porruak zituen erabilera terapeutiko ugariak, tartean gaitz benereoak sendatzeko.

Guk batez ere jateko erabiltzen dugu. Barazki oso hedatua da gure kulturan, gurearen hegoaldekoetan ez bezala. Barazkiek gure historian osatu dituzten istorioak bildu gabe daude, lan hori eginkizun bizi gara. Elikaduraren historia erregosi gabe dugu euskaldunok. Bitartean esaerek diote: “Porru eta gatz, barazkari latz” eta “Arto eta porru, barazkari gori”. Izan ere, barazkiz osatutako barazkaria barazkaltzen dugu. Bazka, bazkari, barazki, barazkari, barazkaldu…

Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
gora